Ixtorio-misterio andana bat
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1988

 

 

 

V

GIZOTSOA ETA JOSTUNA

 

Gizotsoak lehenagoko denboretan izaten omen ziren toki aunitzetan. Gizotsoak, otso-larruz jantzi eta burdinzaharrek inguraturik gauez ibiltzen ziren gizon batzuk omen ziren. Guziz estaliak; kopetan piska bat ageri bakarrik.

 

      Bidegurutzetara jendeak izitzerat ateratzen omen ziren.

 

      Holako bat omen zen Uztaritzen.

 

      Behin jostun bat gauez bere etxera zihoalarik, agertu omen zitzaion bidean Uztaritzeko gizotso hori, bera izitzerat. Sastreak kopetatik aixturren punta sartu berari, eta odola atera.

 

      Gizotsoak oihu egiten omen zion: “Emak bertze bat”, “emak bertze bat”. Etsaiak bakunetan ez baitu indarrik.

 

      Baino sastreak ez zion eman bertze kolperik. Gizotsoak etxeko ateraino sastreari gibeletik segitu, beti erranez: “emak bertze bat, emak bertze bat”. Sastrea etxean sartu omen zen, eta atea itxi. Eta gizotsoak kanpotik oihuka: “Emak bertze bat, emak bertze bat”.

 

      Sastreak kasurik ez, eta gizotsoak etsitu eta alde egin. Biharamunean Uztaritzeko bere ezagun bat sastrearengana etorri omen zen hamar liberako batekin erranez: “Aspaldian utzi nahia nintzen karga hau, eta zuk odola atera nauzulakotz, sendatu nauzu; tori hamar libera saritzat”.

 

      “Zertako erraten zinuen: eman bertze bat?” erran omen zion sastreak.

      —“Ez nintzen ni, nere lagunek erran arazten zidaten”.

 

Ixtorio-misterio andana bat
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1988