Ixtorio-misterio andana bat
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1988

 

 

 

V

DEABRUAREN MENDEKUA

 

Aldi batez gizon bat Zugarramurdiko leze inguruan behiketa omen zen. Jaun eder bat atera omen zitzaion leze bortan eta erran omen zion:

      —“Sarako erretorari, Axular-i, paketa ttipi hau eramaiten balin baduk, nik hire behiak non diren erakutsiko”.

 

      Baietz, eramanen zuela gogotik, erantzun zion. Orduan lezeko gizonak erran omen zion behiak non ziren.

 

      Gero bertzeak paketa hartu eta Axular-i eraman omen zion. Axularrek galdatu omen zion gizonari nork eman zion paketa hura.

 

      Zugarramurdiko leze-bortan jaun eder batek eman ziola erran omen zion.

 

      Axularrek paketa ideki eta gero erran omen zion gizonari, bixtan zen arbola hari lotzeko barnean zeuden zetazko gerriko gorriak, eta azken-itzuliak ematean laster eskapatzeko.

 

      Gizonak Axularren errana egin omen zuen eta bera eskapatzearekin arbola kixkali eta errotik atera omen zen.

 

Ixtorio-misterio andana bat
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1988