Ixtorio-misterio andana bat
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1988

 

 

 

VI

AXULARREN
OTOITZ MAKURRA

 

Aldi batez, Axular erretor Saran egoiten zenean, anaia etorri zitzaion Zugarramurditik eguna iragan asmoz. Arratsalde apalean iluntzen ari zela iduriturik, anaia hori zutitu zen etxe alde goixko joanik hobeko zuela, naski.

 

      Sarako erretorak nahiko zuen, aldiz, gaua iragan zezan harekin:

      “Behingoaren gatik, egoiten ahal haiz ba, nerekin”.

      “Ez, ez! Nahiago diat etxerat joan” —erran omen zuen Zugarramurdiko erretorak.

      “Bainan ez dituk, bada, hedoi murruka horiek ikusten?”

      “Horiek ikusirik nioak eta lehen bai lehen”.

 

      Eta bere zaldi zuria harturik, lau hatzetan, zalukara, urrundu zen Zugarramurdiko erretora.

 

      Hura bideari eman orduko, Axular Sarakoa, hasarretua, hasi zen otoitzean EKAITZA ITSUSIENA EROR LEDIN HAREN ANAIA IZANEN ZEN TOKIRA.

 

      Ordu laurden bat ez zen iragan txingorra, babazuza eta harri erauntsi bat izugarria hasten zelarik. Inon etxerik ikusten ez eta erretor gaixoa lasterka doala hurbilen aurkitzen duen mahasti batetara. Eta hantxe egon zen pitta bat atertu arte.

 

      Nori zer gertatu behar?

 

      Mahasti hura guzia suntsitu zuen kalernak eta hain zuzen mahasti hura gertatu zen Axular, Sarako Erretoreak, Zugarramurdi aldean zuen mahasti bat.

 

Ixtorio-misterio andana bat
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1988