Ixtorio-misterio andana bat
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1988

 

 

 

VIII

TXORIEKIN SOLASEAN
EGITEN ZUEN MUTILA

 

Gizon batek eduki zituen bi seme eta eskola asko irakatsi nahi izan zien. Sartu zituen ikastetxe batean. Handik denbora zati bat pasata maisua etorri zitzaion esaten: “Zure semeok nihaurk baino gehiago dakitenez hobe etxera eramaten badituzu”.

 

      Aita joan zen eta etxerako bidean aurkitu zituzten adar baten gainean txori beltzak: “txir-txor, txir-txor” hizketan. Aitak esan zien: “Zuek eskola asko dakizue eta esaidazue txori hauek zer esaten duten”. Baina ez zuten jakin eta isildu egin ziren biak.

 

      Orduan aitak bidali zituen beste eskola batera txoriekin berbetan ikasteko. Geroxeago, ikasi zutenean, joan zen bila. Itzulia egin zutenean aurkitu zituzten, berriro, txori beltzak adar baten gainean. Aitak esan zion seme zaharrenari: “Zer esaten duten txori horiek?”. Orduan seme zaharrenak esan: “Horiek esaten dute zu ez zarela aita ona”.

 

      Orduan aita arront haserraturik joan zen etxera eta egin zuen kaxa haundi bat oholekin, sartu zuen bertan seme zaharra eta bota egin zuen itsasora. Bainan kaxa ez zen ondora joan, uren gainean zebilelarik. Orduan marinel batzuek ikusi zuten kaxa hori, harrapatu eta barkura eraman; mutikoa irten zen. Orduan gizon batek esan zuen: “Nihaurk eramanen dut etxera, haurrik ez baitut”.

 

      Han herrian, egun batean, etorri ziren Herriko-Etxeko leihora bi txori beltz, zarata eta zarata, guztiz haserre. Inork ez zekien zer nahi zuten. Mutil honek esan zuen berak bazekiela txoriekin solas egiten eta eraman zuten. Mutilak, etorri zenean, esan zien agintariei: “Hauek dira andrea eta gizona; ez dute elkarrekin bizi nahi eta jakin nahi dute daukaten semea norentzako izango den”. Orduan juezak esan zion umea dela amarena eta gizona doala urrun. Orduan txori arra hasi zen negarrez eta zarataka eta ihes egin zuen arin-arinka. Eta ama gelditu zen bere semearekin.

 

Ixtorio-misterio andana bat
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1988