|
Beldur naiz
ORBELAK EZ DU HITZIK ESATEN
Baina... orbelak ez du hitzik esaten...
Udazkenak murgildu nau bere uhin marroi horixketan, hosto askatuaren dantzak horditu nau haize-kolpeen ritmoetan. Udazkenak laztandu nau bere urritasunaren emaitzan, erditutako emearen sabel lauak ferekatu nau magal bilutsean...
Marruka galdegin diot «Muga dakusat, uztargia urrun zegok... joatea onartu behar al diat... itzulera hain al duk ezinkor?»
Baina... orbelak ez du hitzik esaten.
Ilunabarreko iguzkiaren azken izpiak babesten dizkit ene bihotz erromesaren taudapak. Ene maiteñoaren esku epelak elikatzen dizkit ene begi asekaitzen keinuak, bere irriñoen emari zintzoak nahi ta ezinaren dardara sakonak...
Itzalari deihadar diot «Iheska hoakit, ezin haut eutsi, irrifarra dadak... argiaz maitemindu bahaiz zergatik azkenik laztantzen duk hilik, zergatik, zergatik?»
Baina... orbelak ez du hitzik esaten...
Bideari ekingo diot maitearen eskutik epeka, pausoka udazkenak bezala ezina saminaren bizkar hezurretik...
Beldur naiz |