|
Beldur naiz
SAN JOSE LOREAK
Laster, laster izango dira sanjose loreak, xumeak, sinpleak, Tologorriko lur beltz maitagarrian, maite, zure bihotz zabaletik sortuak.
Ez dakit zer egin. Ez dakit zer esan. Bihotzean min dut. Eta zutaz oroitzen maizenean, penaz agortzen zaizkit, hainbat bider zure iturrietatik edan duten nire ezpain koloregabe,lehorrak.
Egunero maite izan zaitut, bizitzako mariņel, ekaitzean, egunsentiako itxaropenean, ilunabarreko uzta exkaxean, gabeko amets ugarian, Euskadiko ezinezko itsas barean...
Bizitza maite zenuen, bizitza maite dut. Eta berpizkundean sinestu arren hemen nahiago zaitut, nire ondoan, zure bidetik, biok, borrokaren sabel mugikor horren erraietan.
Tologorrik ez du kulparik, bidetxur latzak ez du errurik. Mendia maite zenuen, mendiak maite zintun. Zu joan zara, ez betiko, harek iraungo du. Iragankorrak gara, ez dago bueltarik.
Laster, laster izango dira sanjose loreak, xumeak, sinpleak, Tologorriko lur beltz maitagarrian, maite, zure bihotz zabaletik sortuak.
Gaur berriro izandu naiz Orduinaldeko bidetxurretan. Ia udaberri da. Neguko belar trixteak astindu ditu horixka koloreak eta tarteka besarkatzen ditu lehenengo txibirita txuri, zoragarriak.
Nire eskutan hartu ditut mutiko batek emanak eta lurrera bota ditut banaka, banaka petalo lehun, maitagarriak. Oi enea, nola maite zenituen txibiritak.
Ez naiz xixabila joan, ez. Mila bider sentitu dut oihuka datorkidan mendiko uraren dei gardena. Iturburuak nahi ditut, bai, behar ditut iturburuak. Eta harriz harri, saltoka, noakizu amiltegitik barru, leizea aurretik, azkenaldian dauden malkorrezko hormen bila, haiek ikuitzean soma ditzadan kosmik eraunspen luze, etengabeak.
Eta Nerbioren urak jarraiki naute alde guztietatik, putzu gardenetan, haizkirrietatik korrika doazen ur bihurrietan, birjintasun desiragarri hortan eta belarretatik zintzilikatzen ziren neguko mendiaren azken izerdi freskagarrietan. Oi enea, nola maite zenituen mendiko errekak.
Azkenean heldu naiz azken hormetara, Urkabustaitzeko harritza, malkor eta harkaitzetara, eta ezpainak luzatu dizkiedanean ez didate ameskaitzik erantsi eta setatiro losindu ditut Tologorri haren ahizparen sabel basatiak, iraunkorrak, higiezinak. Oi enea, nola maite zenuen harkaitza.
Laster, laster izango dira sanjose loreak, xumeak, sinpleak, Tologorriko lur beltz maitagarrian, maite, zure bihotz zabaletik sortuak.
Hilabetea pasa da eta ez zara nigandik pasa. Ostiral arratsean joan natzaizu etzanda geratu zinen tokira. Eta haitzurraz belarra eta lurra urratu ditugunean ez dut gorrotorik sentitu. Hantxe zintudan zure begi zintzo handiak niri so, hainbat maite zenituen mutikoei so. Belarra kengu dugu, maite, eta lurra, lur beltza, hurrengo egunean zuretzako, guretzako egindako hilarri oroigarria kulunkatu beharzuen Tologorri ondoko lur emankorra, Beharbide azpiko lur lotsati, izutua. Orduinan lo egin dugu. Kostatu zait. Dantza geldi, luze batez hasi natzaizu loaurreko amets iheskor mingotsetan. Zu. Beti zu, eta etzanda, begiak aurpegi ertzean, eskuak lasaiak, belauna erdi bildua. Zu. Beti zu, ohe ondoan, Tologorriko bidean, han bertan, nire bihotz minduan. Ez uste, maite, ez zaitut nire ametsetatik despeditu, nire bihotzetik kaleratu, nire ezinjakinezko etorkizunetik jaurtiki, agurtu.
Laster, taster izango dira sanjose loreak, xumeak, sinpleak, Tologorriko lur beltz maitagarrian, maite, zure bihotz zabaletik sortuak.
Beldur naiz |