www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Matxin mungiarra
Pillipa Zugatzaga, «J.L. Zutagape»
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Matxin mungiarra, J.L. Zutagape. Euskalzale, 1899, X-XXVII. zenbakiak.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIX.
BILLELAREN ERIOTZA GOZOA

 

        Oraiñ A...-ko etxaguntzan begirakunea ezarten dozula, iakin gurako dozula deritxat zer gerta ete dan bertakoetan, eta batez bere Billela Matxinen arreba Iaungoikotiagaz.

        Mitxelek ekarri euazan barriakaz batzuen biotza lelengoan illundu ei zan, baia Billela pozez ganezturik legez ebillen, argi ta garbi aurretiko ikusmenaren askakuntza igarri eualako ta sarritan entzuten eualako berari egiten eutsazan dei gozoen dunduria. Ordutik emon zan geroago ta geiago zeruko gauzak gogartean ausnartuten, eta irakiten eutsen erraiak Iaungoikoa ta Maria Orbanbakoa ikusteko gurariak sortuten eutsan bero gartsuaz. Asi zan eskari samur eta goriak egiten, arren! laburtu leitela lurreko bizitzaren epea, bete leitezan nebeak, zerura uso politaren antzera Turkoen atzarnarretarik egaz egitean, egiten eutsazan deiak. Onetarako iminten euazan bitartekotzat beste zerutar eta done autuen arrenakaz batera beren neba maitearenak.

        Eta esan da egin: egun gitxi barru emon eutsazan Iaunak beraganatu gura ebala ulertu eragiten eutsen ezaupideak. Artu euan sukar zoli batek, eta osagillak laster ioango iakola esan arren, ezetz iñoan berak, eta etzegoala osatuko zalako usterik euki bearrik, alper zalako, Iaunaren erabagiak aldatu ezin leitekezala-ta. Ainbat lasterren artu gura izan zeituzan Elizako guztiak eta ikusten ioakozan guztiai eskatuten eutsen, arren! poztu eitezala beragaz, lurreko neke ta atsekabeak itxi-ta zeruko azkenik bagako bizitzara ioialako. Beren maitetasuna zan Iesus laztanagaz eukezan autu gozoak eta bardin beren Ama Andra Mariagaz. Egunero geituten iakon gaixo, sukar bizia, eta eldu iakon, maitetasunaren indarrak bultzau-ta, itxaroten egoan eriotzako unea eta Iesus eta Mariaren izen gozoak biotzean eta ezpanetan eukazala emon eutsan Iaunari beren arima garbi, eder eta maitatia, laztan gozo bataz nastean; aingeru bat zerutik iatzi ta illgo balitz geratuko leiten eran, geldituten zala beren gorpuzkia.

        Askok goratu ebezan beren egite onak, batez bere urretik ezautu ebenak. Baita eskeko askoren negarrak ondo agertuten eban euren Ama ta gordelaria izan zala benetan, zeruko iargoi goratuan ainbeste onegiñen sari ugaria artu izango eban A...-tarra. Zorionekoa egiaz eriotzako orduan ain ezaugarri ederrakaz aurkituten dana! Zorionekoak bizitzan berak legez asi onak ereiten dabezanak, une atan onera bardiñak batu ta lortu al izateko! Baia zoriontsua benetan Billela lez Iaungoikoaren maitetasunaren indarrez illten dana, zeru zabaletan Bera maitetu ta laztanduteko betiraun guztian.

 

aurrekoa hurrengoa