www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Matxin mungiarra
Pillipa Zugatzaga, «J.L. Zutagape»
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Matxin mungiarra, J.L. Zutagape. Euskalzale, 1899, X-XXVII. zenbakiak.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IX.
MUNGIAKO SAKRISTAUAREN
BARRIKETEA

 

        Benetan illetak baiño arren eta eskari bero gartsuak illai geiago lagunduko dautse Iaungoikoaren aurrean. Alan da guzti bere antxiñako euskaldunak lurrean bere zabaldu gura izaten eben illaren egite gomutagarrien lurrun gozoa, ondorengoak aiñ arnasa garbia artuaz azi leien euren zanetan odol ona ta nastebakoa.

        Elizkizunen ostean urreko auzoetakoak bakotxa nor-beraren etxera ioan ziran: baia urrunekoak senideakaz batera bazkaldu eben A...-ko etxaguntzan. Eta egia ez ostutearren agertu bear dogu batzuk bazkal ondoan burua zorabiotuta eukela eta beste batzuk biotza argi ta begiak leuso; baia alan da guzti bere etzan iazo ezbear aitatutekorik. Bakarrik nai-ta-ezkoa izan zan sakristauari deitutea askoren gurariak aseteko.

        Zertarako zala uste dozu? Ara ba, maikide batzun naia betetearren. Adi zagoz, iakin gura badozu.

        Gaztetan onek etxekoen agindua egitearren erriko ikastetxean eta Abade bategaz ikaskizun batzuk bururatuta, asi zan Salamankan ikaskizun goragotuak ikasten, eta urte batzun buruan, ulerturik ez eutsala Iaunak bizi-bide atara deituten eta gomutetan zalako arako umea zanean Amak lo eragiteko eresten eutsan zortziko asko-esangureaz:

 

                «Txikitxutatik Aitak eta Amak

                Praiie ninduen autatu,

                Ikaskizunak egiten bere

                Salamankara bialdu:

                Salamankara ninoianean

                Bidean neuan gogartu

                Ikasle txarra ta alperra baiño

                Obe neuala ezkondu».

 

        Eta esan-on onixek diñoana egindakoan erea etorri zan aldi baten erriko guztiak eta Abadeak ontzat eukela sakristau egiñik gelditu zan. Alagalakoagorik idorotea eleite erraz izango; bada abadeak aiña ekian urrean; da berak ez ekian ipuiñik eta iazoerarik etzegoan Euskalerri guztian ez arantzago bere, batez bere lenago txolin bete txakolin ogi-kopu bataz emon ezketiño. Gaur etzan gatx ori ta geiago emon al izatea A...-ko etxaguntzan iakin ezkero bazkal ostean atarakoxe deitu eutsela. Edan ostean, beti miña eragiña ta zolia euki arren, iñozko bizkorren eukala agiri zan eta egozan egunari egokola asi zan erausten:

        «Iaun eta adiskideak, azalduko deutsuet, entzun nai badeustazue, iazoera gomutagarri bat, Bizkaitar danak gogoan iosita euki bear leukena ta erri onetako semeak batzuk euren begi biakaz ikusirikoa eta guztiok entzutez beintzat dakizuena: baia gaur arira datorren ezkero, iñoz aztu ezteiten eta euskaldun leituak berotu ta bizkortu daitezan arri ta burdiñetan ezarri baleite gura neukena. Ene adiskideak, ioan dan gizaldiaren erdian 1457-n urteko Epaillaren 10-n, Gernikako Zugatzpean batu zan Bizkaiko Batzarra. Berean ziñegin eban Iaungoikoaren eta Maria Donearen aurrean kurutzea eskumeaz ikututen euala Errike XXVIII-n Iaunak gordeko eutsezala Bizkaitar danari euren ekandu, oitura eta Lege zar osoa, eta orduan ezautu euan Bizkaiak beren Iauntzat, egiñiko ziña zintzo gordeten euan artean. Baia 1470-ko asikeran zabaldu zan, Iauntzat ezagutu euan Gaztelako erregeak, egindako ziña ostikoperaturik Bizkaiko uri ta bazterren batzuk salduteko asmoetan ebillela ziñoan albista ta barri zoritxarreko bat. Bizkaitar onak asarratuten dira ta bear direan asmo ta erabideak artutea erabagiten daue. Bien bitartean Errikek beren asmoak etzireala ontzat artuko Bizkaian, ondo ulertuten euanez, gura nai gurez bizkaitarrak menderatutea erabagi eban Perrandez Belaskotar Aroko Konde, beren otseiñari dei egin da agindu eutsan, atarako diruzorro bat emoten eutsala, artu eiola indarrez Bizkaia, buztarripean iminteko. Errikeren atsokeria aurrera eroatearren, batu ebazan Belasko Aro-koak zaldizko ta oiñezko talda ezin esanalak, eta Santxo ta Luis beren anaien da Salinastar kondearen agindupean ipiñirik, gertu ta abiau zan Bizkaiari erasoteko.

        »Bizkaitarren odola irakiten asi da Iauntzat eukanak egin gura eutsan lotsabakeria ikustean. Sorterriaren zorigatxaz errukituten dira, oraiñarte euren alkar-ikusieziñaz saminduten eben Oñaz eta Ganboatarren buruzagiak eta erabagiten daue gorrotoak alde batera bota-ta batzandutea arerioai iarki ta eutsiteko, eta lenago odol guztia ixuritea alango zitalkeria eroan baiño. Peru Abendañotarra ta Ioane Muxikatarra Gaztelako lurrak itxi ta Bizkaitar gudarien aurrean iarri zirean, Bizkaitarren arerioen arerio batzuk lagunduten eutsela euren gorrotoak aspertutarren. Elizaurre onetako inguruetan itxaron eutsen, arek igezari emon gura eutsenean bide gatxak galerazo leikeoen.

        »Iorraillaren goiz-abar bat zan: arerioak arratza urrean igaro eben, eta Belaskotarrak iarduan beren gudariak erasoteko eran ipinten; eta Bizkaitarrak beste ainbeste egiten daue. Etzan ezer entzuten agintarien aginduak eta zaldien irrintzak baiño. Alantxe iazoten da eguna illunduten asten danean zerua goibeldu ta laiño baltzak zeru guztia estalduten dabenean, zer iazoko guztiak mututurik geratuten direala, alako baten odeiak ioten dauanean, trumoi-otsak dardara eragiten dautsala etxe ta bazter danai, ganera tximista eta arri-urtika goia bera datorrela dirudiala.

        »Mungi-aldean bere egun atan turunta eta adarren zaratak ausi eben ixiltasun ikaragarria, eta baserritar morroskoen santso eta ujuju bildurgarriak dunduritu ebezan mendi ta basarte danak. Aurreratuten dira gudari-talda biak eta zaldidiak bitza ta autsa darioela alkartu dira su ta salda burruka bizian, galtzaidu zorrotzak odol billa darabillezala. An zan zaratea ta an zan odol-ixuria. Len diz-diz egiten euen galtzaiduak gorritu dira eta bideko autsa odolez lupatzatu da. Zelai guztia illakaz eztali da, ta oraindik besoak eztira nekatu buru austen burdiña-ertzaz. Bizkaitarrai galtzaiduak apurtuten iakezanean, dakarkioez azkora zorrotzak eta azkorakada bakotxean bat beintzat lurreratuten daue. Batzuri beste batzuk ordeztuten iakezala, iñok bere atzeratu gura eztauala biziak dirauan artean eta ill ezkero naikoa lurrik dagoala Bizkaian eritxoen.

        »Arratsaldea elduten da, gudariak alde bietarik asko urritu dira; baia biak zirkindu barik diraue eta azkorak eta aiotsak eztira nekatu zanak ebagiten eta galtzaidu zorrotzak biotzak zulotuten. Illuntsaldean guztiai nekearen nekez besoak makalduten ioakezanean, Bizkaitarren biotzai euskerazko zarata bizkor eta indartsu bataz indar barriak eta bulardetsuak emoten deutsaz gudarien agintari batek.

        »"Aurrera, mutilak, goitu edo ill: Bizkaia ta geutarrak zaindu ta gorde daiguzan; guztiok batera ta arerio danok zapalduko doguz eta ziurra dago garaitza. Tira, mutillak, estutu ukabillak, erabilli burdiñak eta azkorak! Aurrera, aurrera!" esanaz eraso eutsen ta bildurrarren igez egin eben arerioak eziñ eutsiñik abiada sendo oni, ta eundaka lurrean aratiñik eta geutarren eskupean agintari batzuk itxirik aldendu zirean geiago gero atzetik esetsitean ilten zireala.

        »Baia, nor zan ainbeste indar eta azartasun bulardetsu beren zarata eta begietako su biziaz Bizkaitarrai ezarri eutsena? Nor zan Bizkaitarren izena egun eta odeietara eta izarretaraiño goratu euana? Nor arerioai egundoko bildurrik gorriena iratzi eutsena? Nor gizon aiñ gomutagarri ta Bizkaitar argidotarra?

        »Eztago ume koskorrik erri onetan au eztakianik, eta auzoetakoak bere iakin beie Txomin zanaren izena, A...-tarren oiñordekoetan beren zanetako odola iratzi euana. Bizkaiak zaiñ eta iagola onak eukiko dauz beren antzeko gizonak dakuskuzan artean, ispillu orretan lotsatu barik begiratuteko azartasuna daukenak direan artean. Ondorengoak ikasi beie iazoera onetan etxeko anditasuna bide-onez zainduten, eta alkarreganako gorrotoak itxita gorde beie odola bizi ta garbi, auzokoen ekandu lotsagarriakaz zikindu ta makaldu barik. Adiskideak, lurrean aiñ gogoz gure bazter ederrak iagoteagaitik iarduanak, zelango ardura zolia eukiko eztau zeruan?».

        Eztarria leortuten asi iakon Manu sakristauari, eta txakolin tantakada batzukaz ezkotuten egoala, iagi zirean maikideak etxerantz abiateko belutu etxekioen eta euretariko gizon itzal andiko batek, Manuk azaldu deuskuna sendotuteko, esan eban:

        —Ondo irabazita daukaz zerura ioan iakun geure senide gurgarriak entzun doguzan goratasun danak, eta Abendañotar ta Muxikatar zaldun agintariak sarritan autortu izan daue A...-tar Txomiñi zor eutsala Bizkaiak erdal-buztarripean ez egotea: Alan da, badakust; baia neure ustez oraindiño goraldi andiagoa irabazi euan beste aldi batzuetan. Itz bitan ulertu eragingo deutsuet, begira; Txomin beren indarrik osoenetan egola, zirikatuten daue, batak makal bat zala, euren alde urteten etzalako igaro izan direan gorrotozko goraberetan; beste batzuk ez eukala odolik zanetan eurakaz gudara etxoialako; bein entzun bear izaten euan andra bildurti biurtu zala eta enparauak. Zer uste dozue, ez eutsala irakiten odolak alango txakurrenak entzukeran? Baia egiazko Bizkaitarra zan eta bein erabagiriko asmo onean iraungo euan, nai ta izarrak bilinbalaunka lurrera iausi. Alango zirrikadatan bialduten eutsan Iaungoikoak laguntasuna Bizenti donearen bitartez eta sendo erantzuten euan:

        «Gertu nago Bizkaiaren eta Eliz-amaren alde neure ta ene semeen odola askenengo tantakadaraiño emoteko; baia euren biotza erritarren odola ixuriaz samindu ta mingoztu daidala eskatuten iatanean, ezetz diñot eta eun bidar ezetz erantzungo dot».— Barriz, bete euan ala ez, ikasi dozue Manuk agertu deuskunez, eta liburuetan iratsirik bere ikusiko dozue.

        Orain etxera bidean ezin geinkioe danai iarraitu eta geiago iazoera onen barri iakin gura badozu, irakurri eikezuz liburuak emen baiño obeto azaldurik daukena.

 

aurrekoa hurrengoa