www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Matxin mungiarra
Pillipa Zugatzaga, «J.L. Zutagape»
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Matxin mungiarra, J.L. Zutagape. Euskalzale, 1899, X-XXVII. zenbakiak.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XVII.
BURTZEÑAKO PRAILLEA
MUNGIAN

 

        Barakaldoko erriaren entzutea eztaukanik eztago Bilboko enparantzan, lapikorako iakia erosten doazanen artean beintzat, ango baratz ugari eder zelaietarik geiena bertora doalako. Ordu ta erdiko bidea Lutxanan zear oiñezkoentzat dauka Done Antonen Eliz-ondoraiño, orain burdin-bidean bidez beingoan Bilboratuten badira bere.

        Amalaugarren eunkadaren goienetik erri onixen mugapean Burzeiña deritxon eta Balmasedatik atxiña datorren Kadagua ibaiak buztiten dauan ibarrean Bakartegi bat egoan eregita. Bertako Prailleak barriz beste onegite askoren artean, iarduen mairuen agintza ta katigutasun gogorrean lotuta bizi zirean siñiztedunak, bizia ta sinizmena galduteko sorian beti egozalako, erosi ta euren erri ta senideakana erakarten, onetarako neke latz eta gogorrak urez eta leorrez eroiezala. Eta praille ongille onek edonon zabalduta ebilzan legez, laster Burzeñako anaiai emon eutsen euskaldunen ontzia Bizargorrik arrapatu ta ostua izan zala adierazoten euan barri negargarria eta katigutasun estuan eukazala eurakaz diru asko irebazteko asmoan. Agaitik iakitun egin eikeezala euren senide ta adiskideak erririk erri euren seme, anai ta adiskide gizagaiso errukarriak erosteko diru ta laguntza billa ioanik, ainbat lasterren egoera ain nekagarri atarik urtenerazoteko.

        Barri onen ostean badakusguz Burzeñako praille onak euskalerrian ara ta ona, biotzik gogorrena eukiarren edonor samurtu ta errukituteko aiñan agertuten ebela katiguen zorigatxa ta bear-izan mingarria. Beste errietako iazoerak alde batera botarik, bakar-bakarrik Mungiakoak aitatuko doguz, bai besteetakoak emengoen antzekoak direalako, baita bertakoak gure arloari berarizko eran dagokazalako.

        Iai-eguna zan. Meza nagusian igo eban irakastegira soiñeko zuridun praille Burzeñatarrak, eta agertu euan ekarren zeregiña, eurai ainbat ioaken egiñena. Aurrenengo iragarri eutsen Matxin eta lagunen zorigatxa. An agertu eutsen zelan idiak baliraz legetxe kate lodiakaz idunetik esturik, arrastaka eroiezan enparantzetera, saldu ta erosteko edozelango salgeiakaz egiten dan eran. Gero buztarripean ipiñi ta akulututen euezala, bear ta lan egiñerazoteko, erosi ebazan iaubeak azkenean nori saldu ezpaeukan edo otuten iakonean garrondotik burua kenduten eutsen.

        Eta, zelan eroiezan bazter batetik bestera? Ikusi dozue kaien baten zelan artaldak untziratuten dabezan? Alantxe egiten daue, zirautsen Burzeñatarrak beren entzulai, alantxe egin daroe katiguakaz bere. Esku ta oñak lokarriz esturik botaten dauez ontziaren ondora pillotuta, eta an batak bestea zapalduten dauala nastaurik igaro bear izaten daue, ariketa beste kai baten kanpora salgai ateraten dabezan arte. Ai eta erosten badauez siñiztedunak eztiranak aldatuten iake ugazaba, baia a biziera errukarria. Bada ezer emoten badeutse, ill etxaikeoezan da, abereakaz egiten dan legez, geiago iraun daien.

        Askotan iazoten da, alogereko zaldiai burdientzat artzen diranean iazoten iakena. Zeinbat bear egiñerazoten etxake? zeinbat zigorkada, zaplazo ta ostikada emoten ez iake? Alantxe eskuetan idi-zilla erabilliaz daroez iaubeak lanera, eta an soloetan eta meatzetan zigorkadak neurtuten deituez, narrua larregi ez erasteaz, edo makillakadakaz azurrak ez austeaz; osterantzean aragi guztia manatu ta andituta darabillela. Ai zeinbati miñaren miñaz beren Amari dei egiten, miñak arinduteko, zartada barriakaz ixilduerazoten deutsen! Eta onek, ain errukarriro bizi direanok, nortzuk dira? Ai! geure senideak dira, geure adiskide kutunak, geuri deiez laguntza eske dagozanak! Zer egin bear eztogu euren oñetako kateak austeko? Zelan eztira errukituko geure erraiak euren ai! mintsuak dantzuguzanean? Eta beste batzuk euren odola ixuriteko gertu dagozan ezkero, zer? eta gu zakelak nasaituteko nagi izango ete gara? Egikerak erantzungo daue.

        Onixek eta beste gauza eder asko esan euazan goiz atako Mezartean Burzeñako prailleak, Mungiatar andrazko ta gizonezkoen biotz eta begietarik negar anpuluak erioezala.

        A...-ko ta Masustegikoen begiak urtu ezpaziran euretarren zoritxarraz, izan zan Iaungoikoaren naikundean, siñiztedun onak ziran da, uste betea ipiñirik eukelako. Nok ulertu erazo zer emoteko gertu eta prest ete egozan euren senide laztan eta erritarren alderako? Bestegaitik ezer ez esatearren A...-ko Billelak, ez bakarrik emon gura izan euan berari egokozan ondasun danak, berpertatik atarako gurasoen baimenaz izentetan ebazala, baita bere, geiago dana, beren burua bere salduteko pozik andienaz opa euan, eta dana dala eskiñi eutsan beren bizia Iaunari Euskalerriko katiguen askatasunagaitik, kalte barik gorde ta etxeratu leizan. Erabatera dana esatearren, egun atan Mungiarrak emon eben al izan eben dana, eta batu izan zan angoak eta beste asko erosteko laiñ bere.

 

aurrekoa hurrengoa