X. MUNGIAKO GUDA ITZ-NEURTUETAN
Oraiñ ikusi gura badozu itz neurtuetan geure adiskide batek Bizkaitarren guda gomutagarri au zelan imiñi dauan, belarriak gertu ta zabal-zabal egizuz entzuteko, bertan agiri dalako gure Txominen azartasuna.
Errike Makala izenez beintzat
Bizkaiko Iauna zanean,
Emengo mendi eta zelaiak
Beretu naian iarri zan:
Iaungoikoari ta Batzarrari
Ez eutsen ziñ ein Gernikan,
Iagotea alkar bizkaitar lurrak
Ekanduakaz batean?
Errike orren otsokeriaz
Asarratuten dirala,
Gure asaba bulardetsuak,
Etorriarren eundaka,
Aren aldekor Arabatarrak
Gaztelarrakaz batera,
Iarkiten iakez bidera urtenik
Aiotsa diz-diz daukela.
Iata deritsan mendi azpiko
Ibai zabalak bustirik,
Loretuten dan ibar galanta
Aurkituten da bertatik;
Gudari talden izugarrizko
Asarre-orriz beterik,
Dirudiala mendiak bera
Badatozala lerturik.
Gudalariak burdiñ zorrotza
Darabillela eskoian,
Sartuten diraz arerioen
Galtzaidu-aiots artean,
Zulotu nairik buru bularrak
Auzpeztuteko lurrean,
Azkorapean zama-bizkarra
Ziz-zaz ebagi ostean.
Bakotxak gura leukez iruntsi
Beste aldeko mutillak;
Alantse autsa garbituten dau
Aixe bundada gogorrak;
Alan itxaso asarratuan
Lats-begi zurrunbulluak,
Bere erraietan gordetan deituz
Zul-burdinezko untsiak.
Ara! guztiak nastarik dabilz;
Baiña lur-bazter, etxeak,
Seme-alaben eta seniden
Bizitza-gordelariak;
Begietatik ieurtiten dabez
Su ta garrezko tximistak
Ta irunsten dabez euren arnasan
Amorru-garren indarrak.
Dardar eraiñik badarabillez
Esku ta beso santsuan,
Burdin-galtzairu zorrotz astunak
Arerioak buruan;
Nekatu baga ioten eurakaz
Illik izteko soloan,
Gudari illakaz estaltzen dala
Zelai guztia inguruan.
Ara, begira! danen aurretik
Badakust gizon sendoa,
Azartasunez igarten iako
Dala Bizkaitar zintzoa:
Ea mutilak ea! esanaz,
Goitu edo ill, aurrera!
Aiotz astunaz tximista legez
Ieurtin da etsai artera.
Indar barriak iratzi dautsez
Bizkaitar nekatuari,
Ta lau-oiñean amiltzen dira
Balira legez oiñ asi;
Arerioak eziñ eutsinik
Alango bultzaka oni,
Erbiak legez dakusunean
Txakurra, doaz igesi.
Ara badoaz arnas-estuka
Etorri diran bidetik,
Lau, amar, ogei eta eun
Geratu dira aratiñik,
Besteak arin lotsagarrian
Badoaz alkar nastarik,
Ta darraioe Bizkaitar taldak
Bizkar-apurtzen atzetik.
Bizi Bizkaia! ta bizi bedi
Txomin Iaun A...-tarra
Ta bizi bedi bai Abendaño
Bai bizi bedi Muxika!
Ta bizi bedi euskaldunetan
Garaitza onen gomuta,
Irakin daian odol zintzoak
Izentetean Mungia!
|