www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Matxin mungiarra
Pillipa Zugatzaga, «J.L. Zutagape»
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Matxin mungiarra, J.L. Zutagape. Euskalzale, 1899, X-XXVII. zenbakiak.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VI.
AITA-SEMEEN
BERRIZ-BIDEKO AUTUA

 

        Orain uri eder onetan sartuten gozan ezkero, gaioazan arako agiri doan ostatura. Tronperri bere baderitxok lengo gizaldiaren erditik, baia ez eiok bertokori itandu nondik iatorkoan izen ori. Batez bere andrazkoak amorruz itxetuten dozak eta lotsabakerien bat erantzuten iauek. Osterantzean arpegi argi ta biotz onekoak eta lagun zintzoak dozak uritarrok, eta Bizkaiko aran edo ibar galantenetariko bat iaukek.

        Au esanaz iatzi zirean Aita-semeak zaldi ta beorraren ganetik eta leio burdiñean estu euezan ugelaz eta oies egiñik barruan sartu zirean.

        —Kaixio Ioane, esan eutsan txakolintegiko iaubeak, egun on.

        —Kaixio Oribe, ondo zagoze?

        —Gu langoak iaiegunetan ondoen, bezeroak ikusigureaz beti gagoz-da. Peru, Perutxu, deadar egin eutsan beren semetxuari; sartu eizak atarteko zaldiak kortan eta iaten emon.

        Peru txakolintegiko semeak kortara eroazala, Matxinek lagundu eutsan zelan geratuten zirean ikusteko. Emon eutsan zaldunak eskupeko saritxu bat, eta orixegaitik guztiz ondo ianaritu euazan A...-ko zaldiak. Oribe gazteak artu eutsan Matxiñi zaletasun andia eta bear bada geroago euki izan geinke beren barri iakiteko erea. Guk iarraikoegun Urango atzean itxita Kurutzeagaitik atxina doazan Ioane ta semeari, euren autua entzun daigun arean bere galdu barik, len asita itxi euana amaituko euala semeari agindu eutsan ezkero.

        —Aita, gomutau eutsan Matxinek, enekiala niñotzun zelan batuten etzan gure Aitaita, ain entzute andikoa izanik Oñaz eta Ganboatarren goraberetan.

        —Orretara naioak. Ioane laugarren Bizkaiko 27 garren Iaun eta Gaztelako erregeak, zorigatx onek azkendu gureaz artu ioan asmobide eder bat, eta lurreko era-bideak onerarik etxakarrelako zerukoetara begiak itzuli ioazan, eta atarako Elizako Nagusiari eskatu iotxiazan laguntasunak. Aldi atan iegoan Espaiñatar gizon bat, gizona bazoan eta ez zerutik iatzirikoen bat, Balentziko uriak beren semetzat ieukoana. Txomin donearen soiñekoa iauzten ieuan eta erririk erri ta uririk uri lagun batzuk beragaz ieroazala Espaiña, Ingalaterra, Eskozia, Piamonte, Lombardia ta beste erdal-erri asko irago ioazan inguru-mari danetan ikuskari arrigarriakaz arimen onera galantak egiten ioazala. Espaiñan bakarrik Iesusen siniste donera ekarri ioazan orduan lur orretan bizi zoazan 25.000 iudegu ta 18.000 mauru baiño geiago. Iaungoikoak gogargituten ei ieutsan gizonik gogorren biotzak bigunduteko berarizkoena zoana.

        —Neuk bere badakit ori nor zan. Aitaitak bein baiño geiagotan iragarri deustaz orren egikera ikusgarriak. Ez egoala esaten eustan berak errietatik, iges eragiten ez euan oben eta txarkeririk. Gizonak eta erriak alkarganako gorroto ta ikusieziñik gordiñenak itxita bigundu ta adiskidetuten ei euazan beren itzaldi ta egikera iainkozkoakaz. Beren irakaste goratuen argiaz eta beren bizibide arrigarriaren berotasun gartsuaz lurreko gizon guztiai argi egiten eta euren biotzak Iaunaren maitetasunean ixetuten etorren eguzki barria zala ziñoan. Diabruak bere aren bildur zireala-ta, David Igarleak gaztetan artz eta legoiai eskuakaz ardi ta bildotzak agiñ artetik matraille-azurrak apurtuaz kenduten eutsezan legez, onek bere sulexetar txarrenai erpe gogorretarik eta eztarri zabaletik ateraten eutsezala Iesusen artaldeko ardi gaxo erdi-iruntsirik eukazanak. Ara geiago esan eustan, Iesusek, argitasunez beterik agertu iakon baten, agindu eutsala zabaldu eiala beren Barriona bazter danetan, eta bekokian ukutuaz iakituria ta gizonak bide zuzenera ekarteko eskubide altsua iratsi eutsala.

        —Eta, zer uste dok, ordu bateko bidea balaiegok bitartean entzungo eunke iztunen aotsa itzerditxu galda barik Iaungoikoak atarako lagundu ezik?

        —Esta erraz, ori ikuskari arrigarria litzate.

        —Ba oni urrin iegoazanak urrekoak legetxe entzuten iotxeen enparantzan eta zelaietan, eziñ esan ala lagunteri batuten zoazanean entzuteko gose ta egarriaz.

        —Aita, bada ni geiago arrituten nau beragaz Euskalerrian iazoten zanak. Aitaitak ziñoan Balentziako izkuntzan itzegiten ebala, ta baserritar euskera utsa baiño ezekienak bere ondo ezertxu bere galdu barik dan-dana aituten eutsela eta nongoa zan ezekienak euskaldunik onentzat artuten euela.

        —Badakik beren izena?

        —Perrer donea, deituten eutsan Aitaitak.

        —Bai, Bizenti Perrer-tar donea, aiko or Ioane laugarrenak Euskalerriko areriotasunak kenduteko bialdu ieuana eta gure etxera bakea ta zoriona ekarri ieuana. Mondragoiko Elizan itzegin ieuaneko zabaldu zoan Bizkai aldean urrengo egunen baten Berrizko Eliz-atean bizkaitarren alkarganako areriotasunak erbesteratuteko itzegingo ieuala. Entzuteaz bakarrik eta Iaunaren errukiak bultz egiñik batu zoazan antxe alde bietako agintari andienak eta aldekor geienak. Eldu zoan egun zoriontsua ta Bizenti donea kurutze bat eskuetan ieroala agertu zoan. Guztiak ezarri ieuezan beragan begiak, eta kurutze aren oiñetan belaunikoturik arren egiten iegoala, begitandu iakoen zerutik angeruak iatzi ta Perrer donearen buru inguruan gazte eder biren antzaz iegoazala, eskuetan suzko aiotzak ierabillezala. Igon ioan Berriz etxe-buruak aldamenean ieukan iargoi-irudiko batera, eta andixek onduten ezoazanai egin iotxiazan agiraka eta zemai itzal eta bildurgarriakaz Iaungoikoaren aldez, eta bein Iaungoikoagana biurturik asarreak alde batera botarik adiskidetuten zoazanai eskini ieutxezan onera ta zeruko sari ugariakaz, bigundu zoazan biotzik gogorrenak, belan alkar lastanduten zoazala len odola edangurarik ibilten zoazanak edozein atxakiagaitik. Azkenean eskuetan artu ioan kurtzea eta guztiai belaunbikoturik iegozala eskatu ieutxan Bizenti doneak eskiñi eioela Iaungoiko ta gizon egiazko Iesus kurtzean iosiari, egundo iñoren odolik ez isuriteko Euskalerriaren eta Iaungoikoaren Eliza ta agindu doneak iagotearren izan ezik. Guztiak erabatera baietza emonaz eskiñi euen. Gero egin ioan egun atan sorturiko bake ta adiskidetasuna gordetako bearra edo beintzat berarizkoa zoala iñoan beste eskari bat esanaz: «Zeuek agindu au beteaz ostean, zeuen belaunekoai bere bardin al dozuen eran eragiten badeutsazue, biziko zare zeruko eskarrez beterik zeuen lur-bazterrak onestuko dauz beren begirakune ugaritzailleaz eta ezta iñoz aldenduko euren etxeetarik zoriona».

        Ire Aitaitak, gaztetxua zoala, Iaunari emon ieutsan beren itza, zintzo beteteko erabagi sendoaz. Eta Bizenti doneak eskini au zintzo zaindutakoan beren ondorengoen batek iaioterri ta odola goratuko ieuala igarri ieutsalako, neugaz orixe berbera egin ioan aldia etorri zoanean eta igaz neuk bere beste arenbeste egiteko ardura andiaz beti egon izan dok. Eta aiko emen, Matxin, Berrizera gaiakarzan arazorik aurrenengoa.

        —Baita pozik egingo dot nik ori neure aurrekoai iarraitutearren, eta ene odola bear bada Bizkaiaren goratasunerako edo Iaungoikoaren izenaren goraldirako, oraindixe opaten deutsat neure Egilleari.

 

aurrekoa hurrengoa