www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Matxin mungiarra
Pillipa Zugatzaga, «J.L. Zutagape»
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Matxin mungiarra, J.L. Zutagape. Euskalzale, 1899, X-XXVII. zenbakiak.

 

 

aurrekoa hurrengoa

V.
OÑAZ ETA GANBOATARREN
BURRUKALDIAK

 

        Laster asi zirean Aita semeak autuan. Ikusi ebezan ikusketak sendo euren irudimenak ikutu ebazalako, euretatik azatza artu euan Aitak.

        —Uste ioat, Matxin, Iaungoikoaren begirakuneak ikusmenok ipiñi ioazala geure begien aurrean.

        —Zer aituerazo gura ete deusku ba, Aita?

        —Garaioazan arazoa ontzat iaukoala iragartearren edo.

        —Nok daki ori? Nik beintzat eztakit zelan izan leitenik.

        —Entzuidak eta aituko dok. Ikusi dozak arako alkar odolduten ibilli doazan oillazkotxu biak, amearen garrasi ta alarauai iaramonik egin barik?

        —Baita miruak zelan zaztada baten biak galdu deuzan bere, bata zaurituta ezetarako eztala itxita, bestea bazkaitako eroanik erpe triskatzailletan.

        —Bada oraindiño obeto ezagututeko, erri ondoan erakutsi ieuskuk orren azalmena doan beste irudi negargarri bat.

        —Zein, mutillen arrikea ala?

        —Bai, orixe: erri bateko ta Ama baten umeak alkar buruausten ibiltea. Ori doala uste ioek Ama Bizkaiaren esanak eta Iaunaren aginduak irakatsi iaroena?

        —Zure adiskideak bere Oñaz eta Ganboatarren asarretasunak etorriko ete direan bildur izan da.

        —Ai ene Matxin, izen oen aldekoak oraiñarte txakur eta katuak baiño eziñ ikusi andiagoa ieuken. Orain Iaunaren eskerrez batzanduta iaukaguzak, eta arren Bizkaiaren onerako izango al dok.

        —Neuk bere sarritan entzun dodaz alkarren areriotasun orretarik etorten zirean gatxak; eneunkez sinistuko begiakaz ikusi eta eskuakaz ikutu euezanak ezpaliñoez.

        Areriotasun orrek sarratu bear ioguzak lurrean gizonen arrokeri ta zitalkeriak sortuerazo ieuazanetarik gorrotogarrienen erreskadan. Eurok ondatu ta galdu iauezak etxadiak, auzotegiak, erriak eta lurbirak.

        —Aita, ba nik entzun dot Italiari Guelpotar eta Kibelitarren burruka gogorrak ekarri eutsezan zoritxarrak, eta Agramondar eta Beamondarren gorroto odoltsuak Naparroan, eta alan nai Erdal-erri nai edozelango tokialde askotan luzaro iraun dauezan gorrotoen itzulasmen eta gatxak bardinbakoak izan direala.

        —Ziurtzat euki eik, Matxin, etxaukoala Euskalerriak eta arean bere Bizkaialdeak zeri negar gitxiago egin Oñaz eta Ganboatarren areriotasun gordiñakaitik. Begitandu eik erbestetar eta arrotz odolgiroak su ta gar orko mendietarik eta itxasoz sarturik etxe ta bazterrak lurreratu ta zapalduten iaragoiela ta odola edangureak amurrututa iagoazala. Oraindiñokorren kaltetsuagoak izan dozak emengo goiberatasunen ondorengo mintsuak, bertako semeak beti itzulastu ta ondatu izan ioazalako, negar-sotin alatsuakaz deadarka ta zarataka iegoan Ama Bizkaiari begi ezkelakaz begiratuten ieutsela. Etzoan iñor bizi bakean: Aita-semeak alkarren bildur zoazan, anaiak gorrotoz, arrotzak balitzozan legetxe, alkar ilten ieuen, odola edangureaz. Bazterrak eta etxeak iaube barik agiri zoazan edo otuten iakoanarenak zoazan. Erabatera esatearren, gatx eta izurririk txarrena doan erritarren barrutiko guda luzearen atze garratzak eta samiñak irunsten iegoazan.

        —Ezin aitu dot Aitak beren semeak eta onek euren gurasoak gorrotatu leizanik. Benetan izurri gogorra zan ori ainbesteraiño euskaldunen biotzak ustelduten euazan ezkero. Non egozan bada Bizkaiko Batzarreko gurasoak? Nora adi egozan euren zentzunak?

        —A zoan ba zorigaldua Euskalerriko edozein tokitan Ganboatarren batek Oñaztarrari esetsi ta kalte egitea naikoa ta lar zoan erri guztiak dundurika iagiteko beste aldetarrai esesten eta kaltetuten. Eta lotsagarriagoa dok erdalerrietako goraberakaitik bere euskaldunak burruka asten zoazala iakitea. Peru Gaztelako erregea Beren anai Endrikegaz asarratuta gudaratuten dozak, eta Ganboatarrak oneri Belasko agintariagaz lagunduten ieutselako Oñaztarrak aren alde urteten ieuek. Gizon griña ta lera zantarrak ondo ezi ta bezau barikoak iagoazanean, itsuak dozak, eta euren gurari zitalak aspertutearren edozein trokatzara burua bota eragingo laieukek.

        —Baia, ezegoan iñor gatx orri osagarririk iminteko? Zetarako zirean ba orduan Bizkaiko Iaunak, emengo besoak erdalerrira euren alde laneginerazoten eroateko, ala geure lauzirikoakaz arroarren Erregen iauregietan ibilteko?

        Ioanek semea ixetuten zala ezaututean, poztuten bazan bere ain gogo ederrak ostatu gozoa aurkituten ebelako beren biotzean, egia zuzitzat imintearren erantzun eutsan:

        —Bermeon gordetan dok Ona ieritxon Iaunen artean XVIII-na zoan Mari lenengoak 1329-an emoniko agindua Anaitasuna ieritxon batzarren buruak errudun idoroten ieuezan burrukalari guztiak ilteko.

        —Eta, etzeuen arean iadietsi?

        —Ai! osakai ariña zoan ori gatx ain gogorrarentzat, eta gogorraz ostean iraunkorra zoanarentzat. Oraindiño bide egokiagoak artu ioazan gure gatxai sustraiak ebagiteko Erike miñtsua ieritxoan Bizkaiko 26-garren Iaunak, eta guztiz sendoagoak eta eraldi askotan, batez bere 1439 eta 1449-an Ioane Bizkaiko izenez laugarren da 27-garren Iaunak. Baia bedar txarrak, susterrak lurpean itxi ezkero, laster urteten ieuen eran, gorrotoaren eta ikusieziñen susterrak gizonen griña txarrak asipena ta indarrak emonaz landara barriak botaten ieuezan.

        —Aita, orduan geure Iauntzat geunkezanak Gaztelako Erregeak zirean da, emengo kalteak urriñetik begiratuko euezan; agaitik biztuko zirean gatx galgarriok.

        —Al-bagea ez-izentzat ieukoan Erike bigarren 28-garren Iaunak 1457-an Gipuzkoan lenengo eta gero Bizkaian okerkerien buru zoazanai zigorkada batzuk emonik, eta erbestetuaz gorabera ta itzulasmenen asia ereiten aurrengo zoazanak, danok uste izango laieukek geldituko zoazala atralaka ta burruka garratzak. Bai zera! Urte atantxe Iauna Eguerdi-aldeko zeregiñak aldendu ioanean, barriro emengo zaldun batzuk asi zoazan gauzak eragin eta nastaten, euren azartasuna eta griña ezibakoai eutsiteko agintarien itzaltasuna ta agirakea gitxi zoalako.

        —Nortzuk zirean-ba aiñ lotsabakoak eta eragiñak?

        —Ez eunke orain siñistuko, gaur iagoazan eran gauzak ikusita, lenago bestera iazoten zoanik. Ioane Muxikatarra zoan Bizkaian Oñaztarren buru, ta Abendañotar Peru Ganboatarrena. Asarratu zoazan bein Zaldibar ta Berrizkoak iekarren auzien bategaiti, Ioanek arei eta Peruk onei lagunduten iotsela Elorrio ondoan eukiriko gudan, eta alde bietarik asko illik geratu zoazan. Onek zoazan emengo gudarik geienen buru, eta euren izenak gorrotogarriak izango litzokezak, geroago Bizkaiaren alde egiñiko egite gomutagarrietan zuritu ta garbitu ezpalaieuezan.

        —Dakustanez eraldi luzean euskalerrietako gizonik altsuenak ta odolik onenetakoak, onetan obedunagorik izenta al baleite, burrukan da odol-izuriten ebilzan euren bulardetasun eta ondasunak asarre ta okerkerietan galduten, erriak eta etxeak ondatuten, euren biziak beti eriotz-urrean eukezala. Aitaitak ondo iosita dauko-ba aldekortasun onen gorrotoa. Zeinbat bidar gogaituteko aiñan aitatu deust Bizkaitarren odola Bizkaiari ta Iaungoikoari zor iakola, eta eurakaitik bakarrik emon bear dala, eta ez gizonen arrokeri ta amurruen uste-zoro ta amesak bete eragitarren. Ezin esan daiket zeinbat poztuten nazan Aitaitak errime ziurtuten eustana iakiteaz:

        «Eztot izuri iñoren odolik Bizkaia gordeteko izan ezik, eta bera zaindutearren ene zanetako odola arerioenaz nastau izan dot».

        Baia arriturik nauko geure Aitaitak, dakigunez ain entzute andikoa izanik beren egikerakaiti, zelan iges egin al euan izurri ta gatx kaltegarrien kiratsetik, arnasan bere ez artuteko.

        —Ori gero azalduko deuat, gaiaroazan arazoen sustraia dok-eta.

 

 

                Ara emen irazpen-neurtu baten

                Ganboatar eta Oñaztarrakaiti

                zer esaten dan:

 

                Begira zelan trisketan dauan

                Oiñaztarriak zugatza,

                Ondo ezea ta adar mardoak

                Biurtuten dauz kedarra:

                Oñaztarren da Ganboatarren

                Alkarregazko burruka

                Alan izan zan Euskaldunentzat

                Onera danen galmena.

 

                Izurri gogor goseakillak

                Urian sartzen danean

                Gosea asetu baiño lenago

                Etxe ta iauregietan

                Agure zarrak gazteak legez

                Irausten dauzan erean

                Ikusi-ezin ta gorroto onek

                Bizkaia ondatu euan.

 

                Aize gogorrak orroa itzalez

                Mendi barrenak beterik

                Ateraten dauz tantai mardo ta

                Zugatz lodiak sustraitik:

                Alantxe aize amurrudunok

                Etxaguntzak be brintzaurik

                Io ta lurrera bota euazan,

                Bageunkazanak zutunik.

 

                Edo itxasoan astinduten dauz,

                Uin leiarrezko mendiak

                Dirudienak, irargiraiño

                Ta galduten dauz untziak

                Beren azpian zapaldutean;

                Asarrezko uin bitzdunak

                Alan iaustean geure Bizkaira

                Ondatu euzan buruak.

 

aurrekoa hurrengoa