www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Matxin mungiarra
Pillipa Zugatzaga, «J.L. Zutagape»
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Matxin mungiarra, J.L. Zutagape. Euskalzale, 1899, X-XXVII. zenbakiak.

 

 

aurrekoa hurrengoa

I.
ANTXIÑAKO ETXAGUNTZA BAT

 

        Loraz eta bitxi ederrez estalduten dan zelai galantean Iaungoikoak apaingarririk onenak bertan zabaldu gura izan euazala dirudien ibaitxu baten urakaz eskotu ta oratuten dan mune goraberadun erreskaden oiñean eta ibaitxu orren iparraldeko atzetik ez urrin dagon landa zoragarrian, amargarren gizaldian nekezariak eregiriko Elizatxu bat gaillurtuten zan oraindiño amaseigarrenean bere Andra Mariaren izen gozoaz, larogeta amairu oiñ luzeran eta ogetazortzi inguru zabaleran zeruzapai onak eukazana. Etzan orduan elduko eun da larogetalau auzotik gora eukan etxepillo guztia, zazpi baserrialdetan zatiturik, eta or-emen ereinda legez egozan etxaguntzarik onenak. Onetariko batera goazan, arako A... deritxonera. Begiratu eikezu inguru-mari guztira: orrek bai solo ederrak; lur bigun eta baltzak dakutsuz inguruan, ongarria bear-ala ta geiago daukela agiri iake eta auzoetako baserritarrak andik zear iragoten direan bakotxean esan daroe: «Aberats dagoz-ba lurrok». Etxaguntza onetan ene ustez 50 edo 60 bat anega gari ta eun bat anega arto artuko dauez. Orrako basoak bere etxaguntza onixenak dira arizti galantak, gaztaiñadi ez txarragoak, gaztaiñea baiño eztana emoten daue-ba-ta, andik doian bide zorretik igaroten danari begiak zabal-zabal egiten iakoz euren kirikiño arrakalatuari begira. Solo ertzetako muna danak barriz sagar mueta askoz beterik daukazuz etxerako laiñ sagardao egin-da gero bere sagarra ugari geratuten iake oraindiño etxerako ta auzorako. Ango arlo goiena ta mendiska barrena estaliten danan maztiak eta atarte ta etxeko ormak gerizpetuten dauzan matsareai begira dagozanen begiak atseginduten dauz, orain beren orri mardoakaz ta morda garaun ori-elduakaz, eta gero dolaretan estututa emongo dauan edaria biotzen pozgarria izango da. Ara ba, aurrez aur begira zagokoz etxe oni; ogetamar bat oinkada badaukaz alde bakotxak, eta kortara sartuko bazintzaz neguko egunen baten aurkituko zeunkez bertan ogei edo ogetamar buru, idi, zekor, bei, bigintxa, idizko, txal, abelgorri ta beste mueten artean, txabolan dagozan ardi ta auntsak aitatuten eztoguzala... Zeri begira zagoz? Etxaurrean dakutsun etxetxu orri? Etzenduan oraiñarte olako asko ezautuko. Urrituaz doaz: garaiak deritxoe gure izkuntzan, beste alderdi batzuetan, arnagak deitu daroatze eta aletegiak, eztakit zegaitik garaian dagozalako edo, ta arrizko oin-agak daukazalako edo... urrengoen baten iñon iratsita idoroten badot agertuko deutsut. Gura dozu iakin zetarako dan? Eregiten zirean azi ta garauak, gaztaiña ta intxaurrak, sagarrak eta enparauak gordeteko. Lau metarri edo arroiñ biri-billoen ganean daukoz beste lau errotarri dirudienok, sagurik ez katamielarik ez azkonarrik igon ez daiten garautegira, eta gero lau aga edo abe laurkan ganean daukan olezko etxeari eutsiten. Au barriz iru aletegi edo gelatan banatuten da, eta erdiko andienen atal-bidun atea burdiñezko morraillu bataz itxiten dala, beste txikerrago biak alboetan dauke sarrerea. Olango aletegiak lareun urterik onantz ez ei dira eregiten, galdu dalako Bizkaian antxiñakoa zan ekandu au. Etxaguntza onen izena dala ta eztala zerbait esango neuskizu, baia orretan ezkaitezan geratu oindiñokarren naikoa biderik egin bear dogu-ta. Aurrenengo, itaune bat egin bear deutsut. Ibar eder au ta baserri ain zoragarria bein ikusten dauanak eta bertoko ipar-axe biguna arnasan artu izan dauanak baderitxazu nai izan daikela besterik eta aztu leitela baratz zorionekoa dirudien lur atsegingarriokaz? Ai! Eldu ezpada arako Euskalerriko mendietan aldatzak baiño besterik ez dakusenen seme gixaxo errukarrien zorakerira, ez beintzat. Zorionekoak A...-goieneko iturrian iaioten dan latsak legez euskalerrian iaio, asi ta ilteko zoriontasuna euki daroenak! Zoritxardunak erbeste biotz gogordunean atsegiña aurkituko euelakoan, iaioterriko baso ta mendi solo ta baratz, intxaur eta keriza, lats eta ibai, artotza ta garitza, eta batez bere itxas-basterrik onena itxita erdelerri ta Ameriketako lur arrotzetara doazanak! Zeinbatek atsegin da poz eta ondasunen ordez idoroten dauezan atsekabea, biotzeko samintasuna, eta negargarritasuna, sotinka dagozala gero, ostera lenengoz argia ikasi euen lur dontsuetara itzuli-gureaz.

 

aurrekoa hurrengoa