www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Matxin mungiarra
Pillipa Zugatzaga, «J.L. Zutagape»
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Matxin mungiarra, J.L. Zutagape. Euskalzale, 1899, X-XXVII. zenbakiak.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IV.
AITA-SEMEAK BIDEAN
IKUSI TA ESANIKOA

 

        Biaramon goizean goiz iagi-ta Matxin zaldi beorrakana ioiala:

        —Egun on, esan eutsan otseiñak: bada goizaldean etorri zan gurasoen etxetik Gabonetan Urtebarri egunerarteko baimenaz aldendu bazan bere, aurreko egunean zabaldu zalako Elizondoan goiz atan urteten ebala, eta agaitik otsein zintzoa artega egoan ugazaba ta zaldunari maniatu ta gertu arte ioapide atarako bear euen dana.

        —Zelango egualdia dogu?

        —Lein apur bat egin dau, Iauna, baia egualdi ona dator eta bideak bere giro ederrean billatuko dozuez.

        Ostaz urten euan Bizkargi txuntxurretik eguzkiak eta bitarteko mendi-gaillurrak iragorik zirargi bigunak zabalduten asi ziran A...-ko bazterretan zear, ta Matxin gosalduta biderako lain gorde ta zaldi ganean aitari begira itxaroten egoan. Ama atartean ta aitaita leioan egozala, aita beor ganean otseiñak eskutik ekarrela beingoan agertu zan.

        «Arduraz ibilli gero, Matxintxu; iausi ez aiten», bost edo sei bider esan eutsan amak. Agur gozoak alkarganaturik, bizkor zaldi baltzizkearen ganean aurreratu zan semea aita oinkada bardiñean bear izpildunean ioala. A...-tarren begi guztiak ikusi ta begiztau al euezan artean euretan ezarrita egozan, ariketa elizaldeko mendi barrenean ostendu zirean arte. Euren atzetik eliz-buruzapiaz ioiana Billela Maitonen alaba iainkotia zan. Aita-semeak eroien arazoagaitik Iaunari ta Andra Mariari biotzez arren egitarren elizara mezea entzutera eta egotaldi bat egitera ekandu eban ez ioiana. Alaba ain Iainkotiarraren ardurapean A...-tarrak itxiten doguzala, baia barriro ereak aginduten deuskunean biurtutekoan, goazan Ioane ta Matxin aita-semeen atzean, euren gogamen eta izketak ezagutu al badoguz, arean beintzat ikasiko dogulakoan nago-ta.

        Azikeran zaldi ta zalduna bein lauoiñean, gero tiki-taka lantzean bein aurreratu, geroago urreratu aitagana, irago euan bide zati bat, eta orduan alkartu ziran aita-semeak, eta guk ordutixek euren atzean isil-ostuka darraikoegu. Alango baten baserri batetik atxiña igarotean dakusguz astiro-astiro doazala begiak odeietara irulirik bein arrantz, bein onantz, gero gorantz eta berantz darabillez. Zeri adi ete dagoz? Matxiñek oraintxe etxeko eskopetea eukitearren edozer emongo leuke. Au gogartean erabillen artean, begira egozan miru-tzarra zaztada baten ieurtin zan baratz ertzean txita artera, edo obeto esatearren burruka ebilzan erdi ollazko bigana, ta bata zauriz beterik dana iratzirik itxi ta bestea erpe artean eroala bazkalduten Oiz aldeko atxarte batera egaz egin euan. Aspaldian ameak deadar egiten eutsen miruen geriza edo usaiña igarri euanean, olloak euki daroan ardura zoliaz; baia ollazkotxuak batak aoan eukan arra kendu eutsalako eta besteak berentzat ameak emona zalako ta au ta orl ta besteagaitik asarre gorrian ama larrituaren esanai iaramonik egin barik alkar manatu ta odolduten eragoioen bein bitartean, areriorik andienak auzia ebazten lagundu eutsen ikusi dogun negargarrizko eran. Udako egun eder baten sarri askotan ikusten da beingoan zeru urdiña goibeldutea, laiño baltzak egunargia illundutea, eta ara-ona asi ta azkenean, odeiak burruka gogorrian gogor ekiñik, asten dira tximista eta arri-urtika eta baserritar ardura gitxidunak alperkeriaz batu barik soloan daukezan etekiñak beingo baten galdutea. Ezta erraz azalduten Matxinek miruari artu eutsan gorrotoa: beraz erabagi euan al euazan guztiak iltea atzera biurtu leitenean; eta erabatera ezautu eban zein gatx gogorrak io euazan oillazkotsu biak burruka alkar odolduten ibilli zirealako amearen dei ta esanak aukeztu-ta.

        —Urrean agiri zan errira laster elduteko egozala ikusi ebezan mutil aldra batzuk, baia urriñetik zeri ekioen ondo eziñ igarri ebelako iostaketan edo ebilzala uste euen. Gero aurkez aurke egozanean aitu eben zetan ebiltzazan. Gauza negargarria! Erri bateko semeak, auzo batzuk besteai arrika amorru bizian ebilzan umekeri bategaiti: Araso ain bidebakoetan iñarduela ikustean, zelan agiraka mutillai egin barik bideari iarraitu? «Geratuko zare, ala guztiak gilzpean sartu zaiezala aginduko ioagu? Begien bat aterateko be!... Iratsi daiguzan euroen izenak, zor iaken alogera emoteko».

        —Bidaztien agirakea entzutean iges egin eben mutil danak ortik emendik ara ta ona, txoritalda batek gari arlo batetik arria iaurtitean iges egin daroanez. Arrikalarien igezari begira ioiazan bitartean eldu ziran Andrandegiko etxaguntzara ta ango Iaunak leiotik deadar egin eutsan:

        —Kaixio, Ioane; egun on, adiskidea.

        —Egun on, erantzun eutsan Matxiñen aitak.

        —Zeregiñen batek garoaz orrantz e?

        —Gabon zar Berrizko senideakaz iragotearren ba.

        —Urte askotan izango al da.

        —Eskerrik asko.

        —Semea dozu zaldun argi ori?

        —Bai ba, Iainkoak emona.

        —Aitaiten antz andia artuten deutsat. Beren egikarai iarraitutekotan-ba, baukagu Bizkaian gizon on bat.

        Biurtu zan atzera Matxin aitak ez iarraikola ekusalako ta izketa aldatutarren adiskideari itandu eutsan Ioanek: eztago iñor erri onetan mutil koskor orrei lotsa apur bat eta zigorkada batzuk emoteko?

        —Isilik zagoz, buruko miña egiten deuste aspaldion, mutil zorrok. Eztakit nik zelan oraindiño bizirik dagozan, ala euren etxean sarta ta garrastarik ez ete dagoan. Gaur alkar buru-austen; urrengoan auzoko arrikoakaz biderdi urten da. Au alan badoa, ondiñokarren ikusiko doguz barriro biztuten direala ainbeste negargarri ekarri euskuezan Oñaz da Ganboatarren aserrakuntza gogorrak galtzaidu ertzakaz erriko semeen odola uriolaka ixuriten dala. Biar meza ostean erri-batzarra daukagu ta garratz itz egiteko asmoa daukat erriko buru direanak neurri egoki ta berarizkoak artu daiezan izurri au aldenduteko.

        Bai erriko buru direanak eta gurasoak dauke olangoetan errurik geiena. Egin beiez bolatoki, pelota-leku ta enpaduak umeen eta mutilen atsegingarritzat, eta berez galerazoten dira beste zorakeriok. Agur ba, adiskidea, urrengo arte.

        —Kopu bat ez al dozue gura?

        —Eskerrik asko, aldean daroagu-ta.

        —Agur Ioane.

        —Agur.

 

aurrekoa hurrengoa