www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Matxin mungiarra
Pillipa Zugatzaga, «J.L. Zutagape»
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Matxin mungiarra, J.L. Zutagape. Euskalzale, 1899, X-XXVII. zenbakiak.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VIII.
AITAITAREN ERIOTZA
TA ENPADUAK

 

        A....ko agure gurgarriak eun da ainbeste urte eukazan, eta zartzaroa bere izan badoa gaixotasuna, eztago esan bearrik Txomiñi zelango gatxak emon eutsan. Euskalerrietako arte eta aritxak zindo ta mardo urte luzeetan irauten daue, baia eurai bere guenean barruko miña elduten iake ta ustelduten asten dira, lenago zindo-gogorrak izanak ezetarako gauza ez dautsela. Txomin bere zugatz orren antzera gordin eta osasun onean urte gozo askotan iraun eban, baia eldu iakon gureak egin dau esateko unea. Alantxe udan sagar oriak adakietan dingilizka egotez gogaitu ta nekaturik iausten dira lurrera umau-usaiñ gozoa darioela. Osagilleak geldi-geldi amaituaz ioiala, ta egun gitxirako bizia emoten eutsan. Matxin Aitagaz gaixoari ondoratu iakonean, iakiñik bete euazala beren gurariak, esan euan begiak goraturik:

        —Iauna, ordua da onezkero zure iauregi aberatsetara ioan nadin beti zure arpegi ederra ikusi ta zure ontasun basterbagea maitetuten iarduteko. Deitu eidazu zeugana erbeste negargarri onetarik geure erri zoriondunera.

        Itz onek ziñoazan al euan biotzeko indarrik andienaz eta aurrera iarraituteko arnasa barik geratu zan. Etxekoak negarrakaz nastarik batu ebezan egun aretan emon eutsezan esanak. Ara emen euren ezaugarria: «Bizitza onari eriotza onak darraikola ta eriotza onari betiko zorionak. Agaitik aurrenengo lana lurrean Iaunaren aginduak gordetea zala».— Agindu eutsen gero ez eiela negarrik egin beragaitik, lo apur baten ostean aragi arexekaz ostera batu bear zala eta bien bitartean arimea Egillearen esku aitatietan atsegindutera ioala. Negar malkoen ordez lagundu eioela Mezak atereaz eta Iaungoikoari ta Andra Mariari arren gartsuak beren alde egiñaz.

        —Asti eta era onez artu ebazan Elizako guztiak, eta azkenengo uneraiño abadeak lagunduten eutsala Eliz-amaren onerakaz, A...-ko agure euskaldun maitegarriak emon eutsan Iaungoikoari Beren maitalari beti izan zan arima zorionekoa. Urrengo egunean senide, adiskide ta auzokoak soiñeko baltzez iantzita lagundu eutsen gorpuari lurra emoteraiño eta elizkizunetara, eta mezak atarateko ipiñi eragin eutsezan abadeari euren izenak paper baten bakotxak beren aukeran diru geiago edo gitxiago emonaz, guztien artean irureun baiño geiago ioten euela. Antxe ikusi leikean aspaldian erabagi zuzenez galazota dagon ikuskera bat. Ill baiño lenago ez eiela alakorik beragaz egin eskatu euan Txomin zanak, baia seniden batzuk etxekoen naiari iarkiten zireala ta euren asmuz antxinako ekandua zala-ta aurrera eroan eben.

        Orretarako ekarri ebezan alogera ta bearsari ona izentauta Bermeotik inguruetako egokientzat ezaututen zirean andrazko batzuk. Onek euren zeregiña beteteko asi ziran negar-sotinka gorpuaren atzetik eta ortusantu edo illerri doneko atarian, bein bakotxak eresten euezala Txomin zanaren egikera ta onerak, goratuten ebezan aren odol garbi ta aberastasunak eta enpaduak. Illeta asko eresi ei ziran egun atan, guk batu al izan bagenduzan guztiak emen imiñiko genduzan, baia besterik ezean bat edo beste gomutaten doguzanak iratsiko doguz; bada euren eresbidea Bizkaiko Elizetan Iesusen Nekaldiko eta eriotzako geraldietan oraindiño dantzugu.

 

                Ebilzan zeru ta lurrak

                Auzi baten atzean

                Txomin maitea bakotxak

                Beragandu gurean.

 

        Eta besteak erantzuten eutsan goitu gura euala eresi gozo au:

 

                Erabagi izan dalako

                Zerutarren aldera,

                Negar-anpuluz begiak

                Orain urtuko dira.

 

        Gero azten zan egikerak goratuten ziñoala:

 

                Baekien erdeldunak

                Nor zan Txomin Zalduna

                Igezika ill etziranak

                Emon euen bizkarra.

 

                Txominek atera gaituz

                Erdel-buztarripetik

                Belasko Harok amorruz

                Bota nai euskunetik.

 

        Asiriko arloari ekin eutsen luzero eta naigabean atseginerazoteko erezten eben:

 

                Gu negarrez geratzean

                Emon deuskuz Iainkoak

                A...-tar zaldunetan

                Beren iarraitzailleak.

 

                Biotzean zan urrea

                Ta zidarra buruan

                Gudan zan ligoi sendoa

                Ta bildotsa etxean.

 

        Bermiotarrak len entzute ona baeunken oraingoan euren illeten dunduria alde guztietara zabaldu zan aurrerantzean illetak ondo erezten euazanari Bermeotarra zirudiala esateraiñoan.

        Baiña Bermiotar ereslariok baiño obeto esango deusku nor zan Txomin, erritar batek; eta besteak bearsari onaz etxera doazan bitartean, goazan gu beste alde batera.

 

aurrekoa hurrengoa