www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Matxin mungiarra
Pillipa Zugatzaga, «J.L. Zutagape»
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Matxin mungiarra, J.L. Zutagape. Euskalzale, 1899, X-XXVII. zenbakiak.

 

 

aurrekoa hurrengoa

III.
AITAITAREN AUTUA

 

        Urte onetako Gabon-iaietan Txomin zarrak etxeko danak batuta egozala, esan eutsan Ioane beren semeari aspalditxu esangurea eukana agiri iakola eta semeak bere aztuta etzerabillela.

        —Ioane, bakik orain gizaldi-erdi laster dala zer eskiñi euntsan Iaunari?

        —Bai, Aita, Iaungoikoari ta zeuri oparikoa gogoan ondo iosita daukat, eta ikusi dozu ondo bete dodanez.

        —Bai, Iaunari eskerrak eugazkoa ondo bete dok, enaioan besterik itxauten igandik; agaitik beti ezautu aut seme zintzotzat. Baia, ez ete dok-ba onezkero eldu ene loba laztan eta ire seme Matxin galantagazkoa beteteko aldia bere?

        —Aurten daukaz neuk orduan neukazan urteak, eta eroana etorrenean geiago luzetu ta atzeratu barik egiteko asmoa neukan.

        —Bai, Ioane, ainbat lasterren obeto; atsegin au eroan gura naiaukek bizitza onetarik bestera, eta orren belaunik belaun iraungo al iok gure ondorengoetan eskeintzari onek, bear-izanak iirauan artean. Ondo dakik zeinbat ondasun ekarri iauskuazan eskiñi au beteteak Iaungoikoagandik. Bai, alantxe aginduta iaukok arako ik dakian beren otsein done andiak. Barriz orduan egiñiko eskiñi au bete etxeuen asko ikusi ioadaz gatxpean, eta euren etxe-baster eta artu-emonak beti ibilli iakoezak itzulastuta.

        Egun gitxi barru dogu Doniane Barrion emoillearen eguna, Berrizko elizaren zaindaria; ta ango senideai ikustaldi bat egiñaz batera aituko dogu egikizun oni buru ona emotean bere.

        Mainton, dei egin eutsan aitaginarrebak beren erranari, Mainton, Matxin emen balego ba...

        Matxin, gaztea zan da, luze-eretxirik ango egonaldiari, ioan zan zugazti-aldeko landara, ta antxe beren lagun kutun batzukaz burdiñ-agatxu bat ieurtika ebillen indarrak neurtu gurarik.

        Matxiiin, Maaatxin, gedarrez abia zan Ama.

        —Banoa, erantzuten eutsan semeak; baia eragoion beren zeregiñari aziriko auzia ebatsi arte ioateko asmo baga. Amari amaitu iakon eroapena ainbeste itxaute ta deadar alperreko egiñaz.

        —Gazteak umeak eneak! Nori eragingo ez deutse umeok buruko miña? Ba! ondiñokarren uren ganeko bitzean zagoze!

        Amak aiñ zoli miña erabillen bitartean, Billela, neuk ekarrikot esanda, beingo baten nebea beren adiskide lagunakaz iostaketan egoan landara ioan zan, agertu eutsan itz bitan Amaren asarrea ta aitaiten guraria. Naiko izango zan arrebearen deia, baia añ bearra zala iakitean etxeratutea, bertan bera auzia itxi ta gero-arte esanaz lau oiñkadan gurasoai otzan-otzan da arnasa-estuka aurkeztu iaken.

        Non egon az? zetan eragoian? Nogaz batu az?

        Noz ikasiko dok gurasoen deira, beingoan etorten? Itaune onek era-batera egin eutsazan amak, baia aitaitan esan bataz eta lobeen erantzuera bakarraz ibitu ta apaldu zan asarre guztia.

        Masustegiko Batxi ta Mitxel da irurok zugazti barreneko zelaian giñarduan burdiñaga-urtika, gero elizperatuteko ustez.

        Batxi ta Mitxelen izena aitutean Maittonen arpegia argitu zan, Masustegiko ta A...-tarrak alkar asko maite izan eroielako, batez bere ango oiñordekoari suiña deituteko ustea buruan sortu iakonetik.

        Ea! iarri aurki onetan eta entzun, esan eutsan semeari Ioanek. Biar goizean Berrizera ioan bear ioguk, Gabon-zar ango senideakaz iragoteko. Zelan iagozak beorra ta zaldia?

        —Ondo ezita daukat zaldia; goizean bere ariñeketa baten ioan-etorria egin dot Atelaraño. Au izango da zaldia! Onen bizkorra ta ariña! Beorra barriz iñozko obetoen dago edonorako.

        —Bai iakiat euk bere ibillgurea daukoala; onerako izango al dok.

        Txomin zarrak beren ondora urreratu eragin eutsan eta eskumia sorbaldan ezarrita esan eutsan lobeari alantxe: «Matxin laztana: amaika bider entzun izan deustak neure gaztetasunean egiñiko eskeiñia, belaunik belaun etxaguntza onetakoak egingo iauena asaben odol garbia euren sanetan iabillen artean, gauzen gora-berak besteren bat eskatuten ezpaiauek. Etorri iak iri bere gurasoen oiñatzai iarraituteko epea; geuk legez bakea ta zoriona ta izen-ona iadietsi gura badok ez eik geuk izentariko bideetatik alde egin eta ekarriko dok Iaungoikoaren onetsia; eure buru ta egikeretara. Osterantzean Iaunaren asarrezko urioletan ondatuko iak biotza, eta mingoztuko iazak bizitzako egun guztiak: zerutik iñontz gozoen ordez, tximistak eta arriak ieurtingo iozak ire basterretara eta eugan beteko dok berak esanik iaukoana zuzentasunaren iarraillak goratu ta deungak negargarritasunean itsiko ioazala. Gatxok eugandik eta ondorengo danetarik igez beioazak urrin, eta ixuri deitoala osasuna, ondasuna ta ontasuna».

        Taupadaka eukan Matxinek biotza eta aitaita nekatuten zala ekuselako, txar-aldiren batek artu ez eian bildurrez, tiratu eutsan besotik zerbait esan gura baleutsa legetxe. Aitaita, zirautsan, etzaite nekatu, aituten dot zer esan gura deustazun. Barriz badakizu aginduten deustazuen guztia egiteko gertu nagoala. Eta bein agindua ez beteteko ementxe izan bear A...-tarren semea.

        —Ondo iagok: Aitak iragarriko dena beste guztia, ezer ulertu barik baeunka. Baiakiat ire zanetan irakiten daukoan odolak deadar egiten deuala; baia areriorik asko iagozak Euskalerri ostean, nortzukaz aspertu odolaren bultzakadak, berton bear-izanik etxagoan artean.

        Au esanaz, mosu laztan bat emon eutsan, beren gogaketa danak iratsi gura izan baleutsazan legez eta edari apur bat emonda: —«Ea bada orain elizaratu, elizkizunak amaitu eta biarko gauzak maniateko», esan eutsan.

        Egun batzuetarako aldenduko iakela Matxinek Batxiri ta Mitxeli esan eutsenean, illundu iakezan onei biotzak adiskide ta lagunaren ioan bearraz, laster iruliko zala iakitean, pizkat arindu baiakoen bere euren samintasuna.

        Lo gitxi egin euan arrats atan, amesetan igaro euan gaurik geiena: aitaiten autua entzuten egoala uste euan.

 

aurrekoa hurrengoa