www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Matxin mungiarra
Pillipa Zugatzaga, «J.L. Zutagape»
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Matxin mungiarra, J.L. Zutagape. Euskalzale, 1899, X-XXVII. zenbakiak.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XI.
MATXIN ITXASORATU ZAN
ARTEKOA

 

        Bizkaitarrak ikaskizun ain ederra Mungiako Eliz aurrean gizakume danai emon eutsenetik Txomin zanaren eriotz osteko urteetara iazoera asko igaro dira, baia, iakitekoak izan arren, larregi eutsingo leuskue ta aldenduko gindukez geure bidetik, zeatz azaldu bear bagendukez. Irakurri eikezuz astia dozunean, iazoera onen azalmena dakarren iratsi ta eskutitsak, eta ikusiko dozu gure asabak Errikeren agintzari barriai iaramonik egin barik, lengoak aiñ txarto gorde euazan ezkero, oraingoakaz bere bardin egingo euala beren asmoetarako ondo etorkonean da, autu euala Isabel Andrea ta urte gitxi barru onen senar Perrando Iauntzat eta eurak gure iagole zireanean bake galantean uri ta elizateak bizi zireala, ta edonon geutarrak odolik garbien eta goratuenekotzat egozala. Barri onek beste batzuentzat itxita ekin daiogun geure arloari.

        Urte batzuetan A...-ko zaldun gaztea Bermeon idoroten dogu aldirik luzeenetan. Lenengoan Izaro ugartetxuko Prailletxean Nagusi zan beren senideari ikustaldi batzuk egitearren: bada iakingo dozula deritxat amaboskarren gizaldetik Asistar donearen semeak antxe eukala Kalaorrako Apaizpikoak 1422-n eregiriko bizitetxea, Bermeotarrak eraen baten eurentzat emon eutselako ugarte ori ariketa 1719-n Poruratu zireanean lurreratu zan arte. Matxin bada nozean bein ioaten zan ara igoten ebala Isabelek 1483-n igon ebazan beren lepotik betik goigoraiño egiñiko mailletatik. Itxas-gizonen egikizunak ikusteak itxasora zaletu euan, eta itxas-gizonen egintza andiak entzukeran biotzak taupa-taupa egiten eutsan beste ainbeste egiteko gurarien indar eta bultzadakaz. Agertu eutsazan beren osaba Praiskutarrari beren gogoak, eta artu-emon da autu luzeen ondoren erabagi eben atarako ikasbideak bururatuten iarri leitela ta etxekoak bere ataratu euazanean Bermeon iakinkizunak ikasten iarduan. Uri onetako Prailletxera izentatu euen urrengo urtean gure Matxiñen senidea bere, ta emengo Praiskutarren nausi izan zan, lobiak itxas-ikasteetan aurrerakuntza andiak egiten euazan bitartean. Komentu edo Praille etxe au Tello ta onen emazte Ioana Bizkaiko Iaunak 1352-n egiña ei zan, eta 1496-n urtetik bertan Praiskutar arau gordelariak bizi ei ziran, geroago Eliza barria 1539-rantz eregi bazan bere.

        Osabearen esan-onakaz ezin esan daike zeinbateraiño sartu iakon Matxiñi Eliz-ama donearen goratasuna zaindu ta zabalduteko ta beren arerio guztiak birrinduteko guraria. Kristinauak urrineko lur eta ugarte zabaletan Siniste donearen asia ereiten iarduela entzutean poztuten zan eta bera untsiko nagusi zanean lagunduko eutsela erabagiten eban. Barriz arerioak tokialde askotan egin eroazan kalteak gomutaten ebazanean, eurai iarki ta esetsiteko asmoak erabilzan gogoan.

        Urteak orain legetxe orduan bere arin-arinka ioiazan; eta Karlos Bizkaiko 32-garren Iauna zanean, Matxin 1530-garren urtearen ostean itxasgizon entzute andikoa ta autsiko Nagusia zan Mungiatarra eritxola. Euskaldunak izen eta entzute andikoak beti izan badira, batez bere itxasekintzan, Matxin izan zan amaseigarren gizaldian beren izena izarretaraiño goratu euana.

        Aspaldian Turko eta Mairu-tzar Siniste donearen arerio gogorrak kalte andiak egiten euezan euren itxas-lapurretakaz. Bildurrez egoan Aita-Donea (edo Santua) Eliz-amari etorkiozan gatxakaz, Turkoak erasoten baebazan Italiako lurrak. Agaitik Karlos Espaiñan eta Bizkaian lenengoakaz eta Beneziatarrakaz alkartasunean ba-u zan arei eutsin eta iarkiteko Karlos Iaunak eskiñi ebazan larogei ontzi nausi, Beneziatarrak beste ainbeste eta Erromako Aita-Doneak ogetamasei, guztiak al eben eran bear zan dana emoten euela ondo urten eien ondorengo aiñ andidun egikizunak. Erabagi zan Andrea Doria Lenenkoia, itxas gudarien Agintaria izan leitela eta Gonzaga lurrekoena. Matxin zan untsi baten agintari nausia, irureun bat bizkaitar beren menpean eukezala. Gure sinismen donearen arerioai esetsiteko eukan gurariak emoten eutsazan indar eta arnasa biziak ezin biotzean gorderik, igarten iakon arpegian eta begietan ainbat bazterren erasoteko egunaren begira egoala. Eldu zan eta Matxin beren erritarren buru zala batu zan Doriaren untsidiagaz eta abia ziran itxasbidean Lepantoko uretara azartuten zireala.

        Agindu euan Erromako Aita-Doneak alde guztietan arren egin leitela Iaungoikoak gure untsidiari garaitza, ta Saliman Turko-tzarrari lotsaria bialdu leioen.

        Badakizu Eliza-guztiaren Buru agiria zan Aita-Doneak agindu ezpaleu bere, nok beti iraungo eban Iaunaren aurrean eskari bero goriak zeratuten iarduala?

        «Zoaz Iaungoikoak alan nai badau, zoaz eta zaindu eikezuz Elizamaren onerak, —zirautsan Matxiñi beren arrebeak igaroriko egun baten Karmengo Ama-Mariaren eskapulario bat zamatik bera ipinten eutsan bitartean—. Eskatu eiozu zeuk bere Ama laztan oneri iagon zaizala, eta ni bere alantxe egingo deutsat. Zoaz eta neure gogoa bere zeugaz batera ioango da, iñoz bere aldenduten etzatsula, Iaungoikoaren ontasunari beti eskeka egongo natxazun legez».

        Eta agur samurrakaz alkargandik aldendu zireanean, esan eutsan: Matxin, Iaungoikoaren alizate ta indar mugabakoak lagunduten badeutsu nik eskatuko deutsadanez, garailari ikusiko zaitugu».

 

aurrekoa hurrengoa