XVI. MATXINEN ARREBEAREN EGITE ONAK
A...-ko etxaguntzan aspaldian zoriona baiño besterik agiri etzala bizi izan zirean, bertan guraso onez ostean zeruko oneste guztiak beragana ekarzan Billela Iaungoikotia aurkituten zalako. Eta Iaunak beren begi ongilleak beren otsein zintzoetan ezarrita daukazan legez, A...-ra ondasunak eta onera atsegingarriak ugari ixuriten ebazan, ingurumarietakoen begi ta biotza bertaratuten zireala, ez gatxik angoai opa izateko, Iaungoikoa goraldituteko baiño.
Billela beti Iaungoikotia. Elizkizunetan, Sinisteko egien gogartean beren atsegiñak eukazan, etxeko arazo ta zer-eginak aztu barik, onek ondo beteteko (berak ziñoanez), aretarik indarrak ateraten ebazala zeruko laguntasunaz batera.
Ille batzuez onantz aldatuta dagoala dirudi, zegaitik ete dan oraindiño ezpadakigu bere. Len oraiñ legetxe donetasuneko mailletatik igoten azkar baiñarduan bere, guztiakaz zan argia ta etxe-aldean guztiz ereslaria: onetarakoxe batuta eukazan Elizan da osterantzean entzuniko aotsaldi ta gozitzak. Agaitik iñon salduten bazan onelako gai-ondunik erosteko berarizko ardurea eukan, eskeko ta itsuetarik bere batzuk ikasten ebazala. Batez bere Iesus da Maria donearen anditasun edo maitetasuna agertuten euezanak gura ebazan ikasi ta irakatsi. Atarako iratsirik eukazan eta ara emen alango Iesusen izen gozoari eskaria dan batek zer diñoan:
Zerutar itxaromena
Da zure izen gozoa,
Txori-txiorik onena
Baiño txit gozoagoa,
Aragi ta gogoena
Zara sendagai osoa,
Belarri ta biotzena
Aots ezti, poz zintzoa:
Ai zoriondun izena
Sutu eidazu gogoa.
Eta Bernardo doneak Iesusen izenagaitik ziñoana: «Iesusen izena... ezpanetan eztia, belarrian eresindasuna, biotzean pozkaria» itz neurtu onekaz edo onen antzekoakaz eresten euan:
Ezpanetan eztia
Zein gozoa dan ezti zatia
Aoratuten danean!
Geratu doiaz ezpan da aoa
Ezti egiñik iatean...
Bada Iesusen izen gozoa
Esaten dogun unean,
Ezteritxazu zeru eztia
Dagola ezpan artean?
Biotzean pozkaria
Gura badozu atsegin-poza
Idoro biotz barruan,
Ta itxas-ura lain zorion utsa
Ikusi zeure inguruan,
Iesusen izen atsegintsua
Zintzo maitetu orduan:
Pozarren ozta egongo zara
Bazengoz legez zeruan.
Belarrientzat eresindasuna
Belarrientzat soiñu gozoa
Ibai txikien murmua,
Txori politen txirritxioa
Txilibituen txistua;
Baia eun bider gozoagoa
Iesusen izen dontsua
Au entzutean egon eztoa
Lur-erbestean zerua?
Azkena
Nok eztau gura ezti-zatia?
Soiñuak belarrientzat
Euskalerrian eztauka abia?
Nok eztau gura pozen bat?
Biño aoak izen-goitia:
Nik Iesus! eresten baiat
Belarrian, poz zoragarria
Gogoan euki daroat.
Zek ixildu euan ba A...-ko ingurumarien pozgarria zan ereslari Iaungoikotia? Nebeak etxean iraun bitarte laburrean, arean argitu iakola biotza bazirudian; baia arrezkero lenagoko illuntasunera iruli da.
Destaiñarien batek, oi danez guzurrak iñori sorturik, Mitxel urrindu iakolako izan bear euala edo esaten azartu ei zan, iaramonik iñok egin ezpauetsan bere. Mitxel nor dan ez al dakizu? Masustegiko etxaguntzako bigarren semea; gaztetxutandik Matxinen laguna ta igezko garaitza ospatsuan il zan beren ontziko bigarren agintari Mungiatarraren anaia. Eta zer? Onen alaba ta Billelaren gurasoak itundu ei zirean ta erabagi eben gazteen artean ostetasunik egon ezik alkarri eskuak emon eioezala. Eta Mitxel atarako gertu ta prest egoan ezkero itandu eutsen Billelari beren eretxia, ta, ain esanekoa zana lez, gurasoak orretara ain zaletuak ekusazan-da, autor-entzule ta arimako Aitaren eretxiaz, baietzeratu zan. Alan da guzti Iesusen maitetasunaren atsegiñezko ura edaten egiña egoalako, guztiz gatx eta aldatz gora egiten iakon beren biotza besteren bategaz erdibanatutea: agaitik ez ekuzalako, gurasoak samindu barik, Iesusi biotz oso-osoa emoteko biderik, ernetan zan beragan aspaldian eukan illuntasuna. Gogo sendoaz ioten ebazan Iaunaren iakituriaren ateak arren eta eskari gartsuakaz, argiro erakutsi leion bere nai-izana.
Mitxelek A...-ko alabearen duin izateko gura izan euan egikera andien bataz beren izena goratu, eta onetarako garai ta adiuntza egokia zala Matxiñi beren ioataldian lagun egitea uste izanik, Bermeotik Gabon ostean urten euen euskaldunetariko bat izan zan.
Aitaturiko ezta-baida ta artegatasunetan laguntasuna eskatuten egoan Billela, geure Iauna artuta eskerrak emondakoan iaiegun goiz baten. Iesus laztanari beren eta beretarren gauzakaitik bitartekotasun altsua imini leiala iñotsanean, otsein zintzoen Aita errukior eta maitalari dan Iaungoikoak agertu eutsazan antz-irudi baten bidez geroko iazoerak, lenengoan ain argi ezpaezauazan bere, biotza poztu-eragiteko, ta geroago dana igarrierazoteko naikoa zan eran.
Lelengo barriztau eutsan igazko ikusmena, baia azkenean ez euan, orduan legez, egazti ederrak igez egin ta bai izan zan beste motz eta itxusiak il-da iruntsia. Gero barriz biurtu zan uso polit eta odeietarik iatziriko beren antzeko aldra batek lagunduten eutsala ostendu zan goiko laiñoen ostean, geiago ezer ikusten etzala, baia berari deiezka egozala zirudien aots gozo batzuk entzuten ebazan laiño eder oetarik urtenikoak, bien bitartean beko aldean aiezka ta gedarrez laguntza eske iñarduela beste batzuk, edonori errukia emonerazoteko eran.
Ikusmen onetan ekusan beintzat beren nebea ta lagunak arerioakaz burruka ta guda gogorrean ebilzala, ioan zan urtean legez. Baia, zer adietan emon gura eteutsan arako egazti polita urratua ta iruntsia izateaz, eta uso biurturik odeiez gora igoteaz, eta andik deiezka egoteaz eta beste lurrean geratuten zireanen oiu eta garrasi errukarriakaz?
Guk dakiguna da, ikusi dogulako, azartasunik eta trebetasunik arrigarrienaz iarki ta eutsin ondoan arerioen ontzidi osoari, Iaungoikoak alan gura ebalako, Matsin euskaldun Agintaria zauritua izan zanean, laster Turkoen da Mairuen azpian iausi zireala. Aurrerantzeko iazoerak Billelaren gogozko ikusmenaz zer-ikusirik ete dauken ulertu eragingo deuskue ikustera goazan gauza iakitekoak.
|