www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Matxin mungiarra
Pillipa Zugatzaga, «J.L. Zutagape»
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Matxin mungiarra, J.L. Zutagape. Euskalzale, 1899, X-XXVII. zenbakiak.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIV.
DURANGOAR BAT
ETA IAI BAT

 

        Bizkaitar indartsu oni Durangoko Peru Oribe-tarra eritxon. Izen au, gomutetan bazara, ezaguna iatzu. Beren biotz eta beso indartsuak ezagutu daizuzan, oraintsuengo gudan ikusi dozunez ostean, beste askotan ondo agertu ebazala iakizu.

        Karlos, izenez Alemanian boskarren Agintaria eta Bizkaian lenengo iaunak, Tunez beretu euan aldian, onen gudariak Goleta esitu eta ingurututa euken. Ara bada ordukoxe gure Peruren egikera izugarria.

        Turko ta Mairurik indartsuen eta sendoenak lagun-artetik bidera urten-da, kristinauak ikusi leien, deadar egiten euan arroarren eta kiñuka, biderdi urten eta aurreratu leitela banan-banan iñor azartuten bazan arpegi emoten, nor zan geiago ikusteko. Gezia ta ezkutoaz zaldi ganean etorren onetariko bat aurkitu zan bein baten aurrez-aur Turko orren gangarkeri arroa eroan ezin-da galtzaidua esku batean eta bestean eskutua eroiola urten eutsan Oribetarragaz Turkoak ikusi ebanean galtzaiduaz bakarrik ioakola Peru, ieurtin zan beragana ezten zorrotz luzedun geziaz lenengo ukaldian edo zaztadan beste alderdiraiño biotza zuloturik igaroko eutsalako uste betean: baia zirkin arin bataz igez egiñ eutsan aren ukaldiari, eta beingoan erazo eutsan, lenengo aiotzkadan zaldia lurrera plaustada ikaragarrian bota-ta bigarrenean illik auzpez ezarri euan, gero burua sorburutik ebagi ostean Karlos Agintariari eroaten eutsala.

        Onek Bizkaitar gudari sendoaren azartasuna ta egintza bulardetsua goraturik, saritzat zeinbat ogerleko emon leioezala agindu euan; baia Peruk ez ebazan artu gura izan, ziñoala:

        «Eztot nik neure burua ilteko sorian imiñi urre ta zidarraren egarriagaitik, entzutea ta izen-ona irabaztearren eta bear nebana egitearren baiño».

        Alan da guzti bere oraindiño geiago goratuten euala beren biotz eta azartasun Bizkaitarren duiña, artu eragin eutsazan Agintariak egikera ain andiaren ezaugarritzat gorde leizala aitaturik.

        Agaitik esan dogu lagun onen eriotzak geien samindu ebala Matxinen biotza.

        Egikera bardinbako onen ostean erazo ta artu euen Kataro-ko Kastilnobo Mungiatar Matxin eta Bizkaitar Ioane agintari zireala, eta Praisku Sarmiento an lau milla Españatarren agintari geratuten zan bitartean, besteak etxerako bidea ta azatza artu eben Done-guztien egunetan, igaroriko nekeetarik bi illebetean atsedeteko.

        Matxin eta beren bizkaitar lagunen etorrerea egoaizeak ibar ta mendi inguru guztietara zabaldu izan baleu legetxe, beingoan iakin zan, eta auzo danetan atso zarretarik asi-ta ume koskorretañokoak batari ta besteari azalduten eutsen Mungiatar eta bere lagunen egintza, bakotxak beren asmakizunakaz iantzi ta edertuten euala auzokoari entzun eutsazan barriak.

        Batez bere Bermeoko sardin-saltzaillak ao ta begi zabalik eukezan egun aretan bideetako erri-ta baserritar guztiak.

        Urte atan Billelako auzotegian Donanderri eregiriko baso-elizatxoan Matxinen izenean eta erritarren pozgarritzat egun andi ta iñozko iairik ospatsuena Azillaren azkenengoan egitea erriko auzitetxean erabagi eben Mungiako buru zireanak. Eguna eldu zanean emon zan Elizatxoan mezea eta Bermeoko Praille batek euki euan Donanderren doanditza. Agertu ebazan bertan Deunak gure Sinismenaren asia erein eta zabaldutearren bizitza emoteraiño irago euazan neke andiak; eta azkenengo aldean goratu ebazan Matxin eta lagunak Eliz-Amaren alde egiñiko egintza on izugarriak lurreko guztien aoan eta liburuen orrietan egazka ibilliko zala euren entzute ta izen-ona, eta Iaungoikoagandik epe laburraren buruan lortuko ebezala bearsari ugari eta ezin-esan- alak.

        Biotzak poztuteko bere emon eizan txakoliña, ta txuntxun eta txilibituen ots gozoak neurtuta erabilli ei zirean oiñak; baia Iaunaren eskarrez orduan etzan, gaur lotsagalduzko ekanduokaz oi danez, garbitasun eta lotsa onaren neurririk austen dantza bidebako ta nabarmenakaz.

        Egunak ioan eta egunak etorri Gabonak beingoan eldu zirean, da siñistedunetan eta beraz euskaldunetan, biotzak zabaldu zirean zeruko bakearen ostatari izateko. Gabonak iai pozgarriak edonoz izan badoaz, aurten iñozko alditan baiño zoriontsuagoak izan zirean, bai igaroriko garaitzen saritzat, baita geroago eroan bearko euezan neke ta laztasunen aringarri ta bigungarritzat.

 

aurrekoa hurrengoa