www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Egunoroko lan-on ta erregubak
Juan Jose Mogel
1820

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Egunoroco lan-on ta erregubak Meza Santuba ondo entzuteco, Vizcaico nequezalien adiquide batec. José Basozabal-en Silluteguiyan, 1820.

 

 

aurrekoa hurrengoa

SARRI KOMULGETIAREN GAÑIAN

 

        Ondo ezaguturik, lelengo Kristinaubak, zelako ugaritasunagaz gelditu zan Jesus komuninoeko mai gozuan, artu eben zein gizon, zein emakumiak, egunoro komulgetako oituria. Jakitun ta erakusla guztijak emoten dabe txito ontzat oitura au, ta Eleixa ama santubak agertuten ditu barriztetako gurari bizijak. Ez da laburtu Jaunaren eskuba, ez otzitu bere guganako maitetasuna. Baña bai, zoritxarrian, kristinauben gose egarrija mai santu atarako. Orregaitik, gizaldi guztijetan, geijago edo gitxiago, egon dira ta dagoz kristinaubak, gizon ta emakumiak, egunoro komulgau ziranak , ta komulgetan diranak. Orain bere, Erroman bertan Aita Santubaren errijan Monja Zelestiak esaten jakenak komulgetan dira egunoro, ta gitxienez astian sei egunian, itxirik nos bait Astelena umiltasunez edo beste gauzaren bat gaitik; ta erri ta ziudade askotan dagoz egunoro komulgetan diranak, Obispo Jaun, ta arira jaolen poz andijagaz. Ez da liburu txikar onetarako aituten emotia, zelan prestau biar dan ain sarri komulgetako. Asko da esatia, aurkiturik konfesore jakitun bat; berari obeiduteko. Berak jakingo dau ondo, mai santu onetako janarija dala argalak sendatu, ta senduak senduago egiteko. Begiraturik zeure lan, asti, griña, arimako moteltasun, edo azkortasunari, pekatu txikarretan iminten dozun ardura, edo ardurabagetasunari etc... erabagiko deutsu egin biar dozuna. Obeidu, bada, konfesore jakitunari, nai egunoro, nai astian bein edo gitxiagotan agindu arren. Agintzen badeutsu sarri, ez orregaitik arrotu, bada izan deiteke zeure argaltasun andijagaitik. Gitxiagotan agintzen badeutsu, ez astundu ta mukertu, bada obeiduten dabenarentzat, beti dago edegirik Jesusen biotza, ta gurarizko komuninoiagaz aterako dituzu ondasun andijak. Baña, egin alegiña, nor beren aldetik, beti mai santu ta gozuaren egarri ta gose andi bat eukiteko.

 

        Ikasi egizuz eriotzako orduban egiteko erregu onek, ta noixian bein egizuz, ordu atan ondo egin gura badituzuz.

 

        Beraz, amaitu zan niretzat munduba! Beraz, bete zan nire munduko egun laburren neurrija! Bai. Agur munduba, ta agur betiko. Ai, eta nor bizi zatian etsigi baga zugana! Nire arima gaixuak negar egiten dau orain Jangoikuaz ostian maitetu daben guztija. Ai, neube Jaube bakarra! Zuganik urten neban ta zugana biar dot. Baña zelan agertuko nas zure begi argi ta ederren aurrera? Eta zelan aztu izan nas ni iños, ziur nekijan egija onegaz? Eta zelan gozatu leite iñor lurreko gauzetara jakinik elduko dala egun au? Ai, eta nok adierazo leijan munduko lau bazterretan, zein argalak diran munduko gauzen irudijak, begijen aurrian eriotzia jarten dan unian! O, andi ta txiki, gizon guztioen zorra! Munduko erokerijen benetako azterlarija! Jangoikuagan baño bestegan atsegin ta bakiaren izpirik aurkitu ezin leijan unia! Gizonik zoratubenak mundubari begiratu gura ez deutsen tandia? Arimarik aaztubenak berekautan legez Jesusen onetan ezpanak ezarten dituben sanjia!... Jakiturijako benetako eskolia!... Ai, nire arimia! Aztu zaitez guztiz mundubagaz. Billatu egizuz laster zeruko bitarteko andijak ezarteko eurakaz Jesusen oñetan. O, Erregiña eder ta pekatarijen ama! Liortu dira nire ezpanak, ta moteldu nire miiña: begira nire biotzari, ta enzun egizuz esturasunik andijenian zizpuraz ta negarrez egiten deutsuzan eskabidiak... Orain artu eskuban Santo Kristo bat, eta esan: O, neure aita errukior ta maitia! nire poz ta atsegin bakarra! Ara emen arako zure seme galduba. Ara emen... Zure maitetasun ta biguntasunak nakar zure oñetara Magdalena baten gisan negar egitera neure pekatubak. Ai, zugaz aztuta, zure igesi igaro ditudan egunak! Ez arren zenbatu nire bizitza laburreko egunen artian. Ez ditiala inos liortu nire begijak euren gomuntiaz negar egitez. Eta zelan liortuko dira, baldin galdu bazendudazan zu ontasun guztien ontasuna, edertasun guztien edertasuna, egilla ta jaube bakarra, bizitza ta eriotzako atsegin osua? Zelan liortuko dira... Ai, eta nok leukian orain arima iños pekatuban orbandu edo loitu bagia! Baña, Jesus ona, ezarri egizu odol tanta bat nire arimara ta garbituko da guztija. Enzun egizuz, arnasa estu, neke gogor, biotz damutu, zizpuru ta negarrez egiten deutsudazan erregubak. Ezarri egidazu zure seme esleiduben silluba, ta artu nagizu orain, ta jaso betiko zorijonekuen artian. Bai, arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa