www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Egunoroko lan-on ta erregubak
Juan Jose Mogel
1820

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Egunoroco lan-on ta erregubak Meza Santuba ondo entzuteco, Vizcaico nequezalien adiquide batec. José Basozabal-en Silluteguiyan, 1820.

 

 

aurrekoa hurrengoa

JESUSEN NEKE, EDO PASINOIAREN GAÑIAN

ORTU SANTUBAREN GOMUNTIA

 

        Begira, zein larri ta ikaratuba aurkitu zan Jesus, ta zelan zure pekatubak atera eutseen odolezko izerdija. Biotza illun, zeruba astun, ta naibagez inguraturik, zuri erakuste arren pekatubaren astuntasuna, ta emon biar deutsun naibagia.

 

BELARRONDOKUAREN GAÑIAN

        Begira, zelan gizaseme gogor batek, Anasen etxian, belarronduan jo ta ezarri eban Jesus lurrera. Alan erakusten deutsu otzan, edo manso izaten, ta bidebagetasunik andijenak biotz onagaz igaroten.

 

KAIFASEN ETXEKO LOTSARIJAK

        Emen asmau eutsezan Jesusi txito guzur asko, ta emon lotsari andijak. Eztalirik bere arpegi ederra, joten ebeen, burlaz zirautsela: igarri eijozu nok jo zaituzan. Emen ukatu eban Pedrok. Ikasi egizu, bada, zuk bere igaroten munduko burla ta lotsarijak Jesusi jarraitutearren.

 

AZOTEEN GOMUNTIA

        Eralla edo borreru gogorrak, adikatu edo kansau artian, zauritu ebeen Jesusen gorputza. Ama maitia eguan begira, ikusten zitubala azotiak kenduten eutsezan aragi zatijak. Zer egingo zenduban aurkitu baziña bere onduan? Lagun zakijoz, bada, orain, zeure Amatzat arturik, ta jarraitu eijezu, bere onoidade edo birtute garbijei.

 

ARANTZAZKO ARO EDO KOROIARENA

        Erruki bagako gizonak sartu eutsen Jesusi buruban, garunetatik barrura, arantzazko aro, edo koroe gogorra. Alan irabazi eban zuretzat, benetan dendatuten bazara, zeruko atsegin ta edertasunez beterikua. Begira, galdu ez daikezun, Jesusek ainbeste nekegaz eskintzen deutsuna.

 

KURUTZE ASTUNAREN GOMUNTIA

        Jesus laztana, erdi odolusturik, ortozik, arerijoz inguraturik, kurutze edo lauburu astuna lepuan dabela, or jausi, ta emen ostikadaz jazo, dua Kalbarijoko mendira. O, Jesusen guganako maitetasuna! Ta, o, gure pekatuben astuntasuna!

 

JESUSEN, ERIOTZIAREN GOMUNTIA

        Iru ordu osuan, kurutze edo lauburuban ultzez josirik, agonija larri ta lotsari asko arturik, il zan Jesus lapur biren erdijan. Eriotza au artu eban zuri betiko bizitzia emote arren. Begira zetan erosi zenduzan! Beria zaitu alde guztijetatik, ta bizi biar dozu beretzat.

        Alan egiten ezpadozu, O, eta zelan bere odolak eskatuko daben zure betiko madarikazinoia!

 

 

JESUSEN BIZTUERA BARRIJA

 

        Irugarren egunian biztu zan Jesus illen artetik. Ez dago zegaz adierazo bere edertasuna. Zelakua izango ez zan bere ama ta ikasla guztien poza, alan agertu jakenian? Poztu zaite Jesusi jarraitu nai deutsazun kristinauba; bada, zuk bere ikusiko dozu egunen baten, arpegiz arpegi, Jesus biztuba, zein dan atsegin ta edertasun guztien iturburuba

 

JESUSEN ZERURA IGOERIA

        Agindurik Jesusek bere ikaslei, ez zitubala umezurtz itxiko, ta bai, bialduko eutsela Espiritu atsegin emollia, igon eban, biztu ta berrogeigarren egunian, zerubetara. Zelako argitasunak eruango ez zituban beragan, Aingerubak zurturik legez ziñuenian, nor da, ain atsegin edo glorija andijetako, Errege au? Ai, zein atsegin andija izango dan beti beti beragaz egotia! Egizu, bada, alegiña, ta jaritxiko dozu alan izatia.

 

ESPIRITU SANTUBAREN ETORRERIA

        Jesusek zerura igon, ta amargarren egunian, Apostolu ta beste kristinau asko erregubetan apaltokijan egozala, aixe mueta batek sartu eban ain ots andija, zeinda, ikaraturik Jerusalen guztija, urten ebeen jentiak zer ete zan ikustera. Beingo baten, jatsi ziran zerutik susko miin batzuk, ta jarri Apostolu, ta beste kristinauben buru gañetan. Gelditu ziran beriala guztijak jakiturija ta doez beterik. Ordu atan jente talda andijak sinistu ebeen Jesu Kristogan. Jarraitu, bada, erregubei, zeruko doe ta argitasunak jaristeko.

 

IRUBATASUN TXITO SANTUBAREN GOMUNTIA

        Ez palitz Jangoikua gizonak aitu al leijen baño geijago, ez litzate Jangoiko izango. Alan, berak erakutsi ezpaleusku siniste edo fediaren bitartez, guztiz gitxi jakingo genduban bere anditasunaren gañian. Gure zenzun illun ta argalak ezin aituko eban iños Jangoiko bat iru personatan, ta iru persona Jangoiko bakar baten. Baña, berak erakutsi deuskun ezkero ezkutapen edo misterijo andi au, gozatu gaitian Aitaren altsutasunian, Semiaren jakiturijaan, ta Espiritu Santubaren maitetasunian, autorturik beti Jangoiko bakar bat.

 

ALTARAKO SAKRAMENTU TXITO SANTUBAREN GAÑIAN

        Jesus, zeruko Bildots ederra, gelditu zan altarako mai dontsuban eztalirik ostijiaren zuritasunaren barruban. O, ze janari, ta edarija, ondo prestaurik elduten danarentzat! Zelako goxe ta egarrijagaz juan biar ez genduke mai santu atara? Ai, neure arimia! Zein zorijoneko egin gura zaituban Jesusek!

 

JANGOIKUAREN LEKU GUZTIJETAKO EGOERIA

        Ez dauka Jangoikuak muga ez neurririk, ta aurkituten da nun nai, edo leku guztijetan. Leku guztijetan aurkituten danak, guztija ikusten dau. Biotzik sakonenak, gaurik illunenak, gelarik ixillenak, basamorturik ezkutukuenak, guztijak dira argijak beretzat. Emendik atera daikezu sendotasun andi bat esturasunetarako, jakinik zeugaz daukazula indar guztien jaubia: Emendik gauza onak egiteko gogua, gomuntaurik begira daguala sari guztijen emollia: ta emendik pekatubaren bildurra, zerren ikusten zaituban betiko Juez edo Erabagizalliak. Ondo diño S. Agustinek: aurkitu egizu Jangoikuak ikusiko ez zaituban leku bat, ta, egizu pekatu. Ondo ekijan aurkituko ez zana. Bada, zelan azartu bere begijen aurrian pekatu egiten? Ez, ondo gomuntetan bazara. Gomunta onetarako artu daikezuz gei asko, Aita geuria, Agur Marija, Salbe edo Jainkuak gorde zaizala, ta beste erregu edo orazinoietatik. Baita bere imini gura deutsudaz emen esakune labur batzuk, errazto buruban artu daikezuzanak, sarri goguan erabilteko, ta ondo gomuntetako.

        Negarrez jaijo, ta agertu nintzan mundura, jakin baneu legez, nentorrena erbeste, ta leku arrots galdura.

        Lurrian aurkitu nai dabenak zorijontasuna, esan lei galdu ditubala, siniste ta zenzuna.

        Alperrik nekatu zan, Salomon erregia, atseginakaz bat egiten, arimako bakia.

        Ez gaitian erotu, arimako kaltian, munduko seme alabei, sinisterik emotian.

        Ariña ta ezer eza, da emengo atsegiña, barriz bere azkena, txito garratz miña.

        Egunak ta gabak , sentitzaka duaz, laster dabe amaitu, uste baga gugaz.

        Zar edo gazterik, ez dakigu zelan, sartuko gaituben luur barruko gelaan.

        Guztia usteldurik, gure aragija, laster izango da, arren janarija.

        Sarritan dakusku, begijen aurrian, ez da zer itandu, beraren gañian.

        Zetako bada egin genduzan gu Jaunak, emen ukaturik zorijontasunak?

        Biztu sinistia, kristinau maitia, ta aztertu ondo, zeure izatia.

        Arima bat dozu, iños ez ilteko, Jaunagaz zeruban beti izateko.

        Jaunaren bildurrian, bizi gura badozu, beti izango zara, zorijon ta dontsu.

        Atsegin andijetan, Aingeru artian, gozatuko zara, Jaunaren aurrian.

        Atarako zu egin zenduzan Jaubiak; beragaz gura gaitu, Adanen semiak.

        Alegin osuagaz, dendatu gaitian, bertara zuzenduten, bizitza guztian.

        Asko dira nagijak, alegin onetan, ez dira ez sartuko, zeru ederretan.

        Belu ezaguturik, geure uts egitiak, ez ditu aterako, negar egitiak.

        Jaunaren axerriak, azpijan arturik, atsegiñen ondoren beti amorraturik.

        Neure Jaun maitia, lagun egidazu, bide onetan beti zuk gorde nagizu.

        Zugaz bizi gura dot, zugaz izateko, atsegin txarrak itxi, zugan aurkitzeko.

 

aurrekoa hurrengoa