www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Nafarroatik
Pablo Fermin Irigarai, «Larreko»
1916-1936, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Nafarroatik, Pablo Fermin Irigarai Larreko (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

        Jainkoari esker, argitu du; poliki-poliki badoa zerua argituz: bearra baginuen! bestenaz, ogiak ere, garagarrak eta babak bezala, berdean ebaki bearko, abereen bazketako eta lurraren ongarrirako: aurten bustiaz bertzerik ez.

        San Ferminetako gertutzen eta otzak! Bearrik, zezen usañak arintzen gaituela! Bestaberri egunean zezenak; juan den igandean berriz zezenak; «Irunxeme» delako batzak antolaturik, «Erruki etxe», eta «Cantinas escolares» delakoentzat; baño gisa ortako jaiekin gelditzen dena, bi sos baizik ez da.

        Ala ere, juan den urtean, zezenketa oriekin bildu omen zen zenbeit milla pezeta garbi.

        Egunkarietan, lege zarraren eztabaian dagozi, ezin berexi orañik, zer egin bear den eta nola egin bear den: Diario ta Pensamiento gai ortarik eta adiskide gisaz mintzo dire eta nik uste bateratuko direla; baño, ain erreposki dabiltza non ta elkar aditu baño leen gobernua edo gu errekaratuko garela.

        Diario-tik, norbaitek naiko luke gobernuaikin itunbe bat egin 1841-ko legea indartuz eta esku zenbeit lege artan baño argiago emanez. Pensamiento-k naiko luke, nik uste «Estatuto nabarro» bat. Guztien buruan, gobernuak naiko du «Estatuto» izenarekin antolamenak egin eta ez bertzerik.

        La Voz-ek, aldiz, eta nik uste zuzenean dagola, nai du, Nafarroa elkartu dadin Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabakin: baño, jende geiena besteekin bai daude, ez dugu deusik eginen.

        Azken batzarretik, gure zinegotziek erabakiak artu dituzte.

        Cuesta Larreina delako lanak berriz naiko lukete nork merkeenik berexi, eta langile saldo bati lanak eman.

        Diputazioneak, onetsi du, irikoek bere gain ar dezaten Artetako urak, eta erriko gizonek erabaki dute bideak urratzeko zer egin diteken; eta orai artio urak bere gain zauzkiten jauneri jakinazteko.

        Lan gabentzat zerga berriak eskuratzeko, lanak egiten asi daitezela.

        San Ferminetako jaien adiarazteko juan den urteko berberak.

        Besta-berri eguna andiki jaitu zen eliza nagusian; eliza koka ahala betea eta elizbira andiki eta apainki egin zen, eliz barnetik eta ateko gorapenetan; apezpiku jauna buru.

        Besta-berri egunean, Iruñetik gazteketa gaitza juan zen goiz-goizetik Aralarko Jondoni Mikel elizara.

        Betidanik, besta-berri jaia andiki eta artzaiekin egiten bai da; alde guztietarik jendez leerra igaten oi da egun orrekin; geienak, gure Jauna artzera juaten oi dire.

        Egun eder izan zuten; ots, eurik gabe, naiz lañotsu.

        Emengo guztiak, bederatzi autobusetan juan ziren Madoz aldetik, bide loitsua omen zagon, espartinekin ibiltzeko. Itzuli ziren Huarte Arakil barna eta emen arratsaldean dantza ta josta egin zuten.

        Eta euskarari buruz? Zer? leengo aldian erraten nuen ura bera: amabost bat gazte biltzen direla euskaraz mintzatzen ikasi bearrez: gogotik juaten oi dire eta nik uste, ibiliz egiten dela bide; ots, ikasiko dutela zutik ibiltzen bedere.

        Joseba Imanol leizarra, egin ahala lan egiten ari da «Katoliko ekintza»ko langaiak xuritu bearrez; ederki ori! Bi gutun ederrak badire erdaldunentzat «Ekintza katoliko» gaiak argiki adiarazten dutenak: Mong. Luis Sioardi-arena.

        Gobernadore jaunak dio: guardiak Fiteroko etxe zenbeit miatu zituztela eta eiziko armak eta rifle bat aurkitu, bi etxetan; etxeko jabeak salatu izandu zirela armak ibiltzeko baimenik etzutelakoz.

        Los Arcosko tradizionalista batzokia etsiazi duela, bezperan, liskar batean bi zauritu izan zirelakoz. Larragan berdin etsi dantzarako etxe bat.

        Kaseda eta Zangotzako langilen eztabaiak ezin zurituz dabilela aspaldidanik Bardenas delako urbideko langileak ala daudela, amor eman gabe; naiz injenieroak nai luken antolamen bat egin.

        Korellako alkate jaunari, Gobernadore jaunak agintzelekua ustuazi dio bere eginbidez axolik izan ez duelakoz; Muesko biltzar batean, amar erritar multaturik.

        Irakurle maite ori barkatu; baño, badaki euskarazko irakurgai ederragorik ote den, Aita Mendiburu jesuitaren Jesusen biotzaren Debozioa baño? Nik uste, ille untako irakurgai ederragorik ez dugula; eta ezin erosi, saltzeko ez dagolarik.

        Osasuna eta Barzelona igandean zuten partida, baño Barcelonan. Oraiko aldian emengo Osasuna nagusigoaren ondotik dabila.

        Ordu zen! Gobernación delako ministroak zorrozki agintzen du, emendik aitzin jendea ez daitekela ibili, autobusetan, baizik eta ez nolanaikoetan, baimena dutenetan. Arrigarri bai da gizakia nola dabilen eta nola iltzen den!

        Arga delako ibaia, «bularturik» eldu delakoz, arrai-tenka aziak botatzetik utzi dituzte, urak tipitu eta garbitu artio.

        El Cisne restaurant berria, juan den larunbatean ideki zuten. Izen bereko ostatubeko aldean.

        Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

Larreko

 

aurrekoa hurrengoa