www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Nafarroatik
Pablo Fermin Irigarai, «Larreko»
1916-1936, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Nafarroatik, Pablo Fermin Irigarai Larreko (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

        Ortoska, erauntsika; baño, zer erauntsiak!

        Uda aldian egiten dituen bezalakoak. Bet-betan ur andiak bularturik beren bideak aski ez ta bazterrak funditzeko.

        Aurten, ez dakit zertan dagon; baño, euria nola nai eldu da; iru egun lerroan ez ditu egiten eurik gabe.

        Menditar batek ziona: aro auta bazka ateratzeko!

        Iriko zinegotziek ez dute sos bat eman nai Donostian «Eusko Ikaskuntzak» gertatzen ari diren ikastaroko (ikasleentzat).

        «Eusko Ikaskuntzak» euskarak, euskal ikastolak; eta orai berriki emengo euskararen adiskideak erabaki duten eskola bat idekitzeko, edo leku batean biltzeko euskaraz itz-egiten ikasteko nai dutenek; gai untarik eldu diren asmo guztiek usañ txarra dute batzuentzat.

        Madrida bea bizi direnentzat, unelako lanetan ari garenak, ezin ikusi gaituzte begiko zikina baño.

        Damurik; euskararen alde, gutiak dire lanik egiten dutenak; nik ez dakit; baño, batek bere erria ez maitatzea ezin daiteke sinetsi: eta ori da, nik uste, euskaraz ez jakitea, eta al duen guztia ikasteko ez egitea.

        Iruñeko egunkarietarik dei bat egin da, eldu daizten euskaraz ikastera; ots, itz-egiten oitutzera: deiari, egunkari orietan iñork ez dio aire eman eta beldur naiz «Euskararen Adiskideak» delakoari ere, jaramonik eginen ote dioten.

        Plazako auto jabek arrankura zinegotzientzat, eken erabakiak onartzen ez dituztela eta meatxuka: baño iñork ez du gauazko bere lana eskeintzen, ain bearra delarik!

        Oraiko aldi untan, iñork ez du burua makurtzen agintarien erabakieri; beti zerbait erran bear!

        Egoaldeko edo Madrid-aldeko basakeriak direla bide; emen, guztiak iziturik: ea, noiz asiko ote diren urbilagotik elizak erretzen eta elizatiarreri tiroka; baño, orgatik «Nafarroako estatuto»a iñork ez du aipu! aldi ona iduri du ba, oraikoa!

        Gure beste aurride euskaldunek erdiesten badute beren estatutoa, orduan badaiteke guretzat berantegi. «Bloque de derechas» delakoak, indar aundia du, eta nork daki ez ote digun parabisuko bide berri bat eginen.

        Apezpiku jaunak erretor berriak egin ditu; eken artean Alsasuako erretor berria, Ayerra jauna, Iruñeko apez jaun jakintsuenetarik eta langilenetarik. Nik uste nuen Alsasuan, erretor euskalduna bear zela.

        Seminario zaarra ustu zuten eta berria... bete? Juan den asteazkenetik an daude; urrutiago juan dire eta orai usteko dugu Iruñetik atean daudela.

        Nafarroako zinegotziak, Españako buruzagien berexteko, juan ziren juan den ortzegunean; egia errateko ez dakigu zertara juan ziren, bere gizonik ote dute?

        «Colonias escolares» delakoen zuzendariek dei bat egin dute aurtengo udako aur saldoak egiteko Ondarrabiko eta Zudaireko: tenorez, mezutu dezaten errietarik nor ta nor diren juan bear duten aurrak, erran gabe, leenengo saldoako edo bigarreneko; ori, naasturi andia litzeke eta utzi bear da, zuzendarien eskuetan.

        Atx! Gipuzkoako Diputazioneko jaunek, erabaki dute, euskaraz ez dakiten beren enpleatuek, bortz urteko epea dutela ikasteko! Ordu zen!

        Noiz erranen dugu gauza bera, Nafarroako jaunentzat? Beñere ez, nik uste.

        Bilingüismo delako legea onesten duteneko, ikas zagun ongi euskaraz; orduan irakasle euskaldunak bearko dire asko lekutan ta. Noizpait bedere euskarari leku egiten diotela!

        Amayur astekari abertzaleena berriz argitaltzen dute eta nik uste, orai leen baño obeki baizik ez dela eldu.

        Iruñeko auzitegiko buruzagi berria Muñoz jauna egin dute.

        Alkate jaunak agindurik, astelenetik eta larunbata artio San Franzisko eskoletan aur eta gazten xertatze eta birxertatze. Xertatzeko lana egin bearrezkoa delakoz urririk, us bat ordaindu gabe egiten da.

        Iruñetik, bi autobuzetan gazteketa parrasta bat juan zen, igandean, Errazu eta Amaiurra.

        Mouron jauna mintzatu omen zen Amaiurko gaztelupean edo gazteluko oroigarrian. Errazun, aldiz, Basarri eta Iriarte bertsolari azkarrak. Aro itsa izan zuten, lankarra eta laño.

        Fuboleko partida Osasuna eta Oviedo; emengoek irabazi zuten bost golez, angoek bat.

        Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

Larreko

 

aurrekoa hurrengoa