www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Nafarroatik
Pablo Fermin Irigarai, «Larreko»
1916-1936, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Nafarroatik, Pablo Fermin Irigarai Larreko (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

        Segurki ez dakit, baño, leen kisuskile bat omen zen, Italiako buruzagi Mussolini jaun ori. Azken guduaz geroztik jaun orrek egin du bide, socialista leenik eta gero, ator-beltzen, zuzendari, bereganatu zituen asko eta asko, non ta indartu bai zen eta Romako gobernuko gider guziez jabetu artio.

        Ordutik unata Jainkoak daki, nola jabetu den Italia erresuma osoaz. Azken gudu-ondotik Italia ator-utsean gelditurik, bere dirua, lira, errekara zoan zalui.

        Iñor etzen agertzen buru egin aal zezakenik eta orduan Mussolini «ator beltzekin» bulardetsuak eta ausartiak, bet betan, gauza guziez jabetu ziren orain lau urte.

        Orduko gobernukoak eta eken kidekoak antzara ferratzera bota zituen.

        Poliki-poliki, Mussolini jarraizaleak bilakatu dire, Italiako mutilak, gauza guziek beren eskutan dauzkate.

        Mussolini gizon bulardetsua dela, ez daiteke ukatu, jakinduri ainitz ezpadu, buru argiduna eta langile azkarra da.

        Xede onetan ibiltzeko garra baduela, egia, eta zinez langilea ere bai.

        Italiar geienek, ura baitan ustekida andia dute eta aren ondora bildu dire egiazkoak eta alegiazkoak.

        Leengo gobernuko bortz-eun mila mutil ekendu ditu, xuurki ibiltzeko mutil geiegi zutela. Ori ala da egia ez Italian bakarrik, bertze leku askotan ere.

        Egia erraiteko, gudu izigarria eman deie naasle guzieri; komunista mason eta alako bertze batzueri.

        Mussolini eta orren jarraitzaleak bere buruaz artuak, esku geiegi ere artu dutela egia: edozein gaixtakeri egiteko gai dira, non ta egiten duten edo egitera daramaten ura, beren alde den edo ala uste duten.

        Geiegizko ortaratu direla, bein baño geiagotan; ez daiteke uka. Baño, nola nai den dela, lira diruari indar berria eman diote. Bertze erresumakoek, ez diote italiarreri leen bezenbat irri egiten.

        Aita Saindu eta kristauen alderat ere, askoz begiratuago agertu dire. Gisa beraz, Aita Sainduak, ipizpikuek, eta katoliko geienek begi onez ikusten dute Mussoliniren buruzagigoa.

        Lau aldiz hiltzer dute, baño lauetarik garbi atera da.

        Azken alditik lekora, berak omen dio, ez diotela gisa ortan ilen azti zenbeitek erran ote dio!

        Etsaiak bildurrazteko edo bera beldurtzen ari ote da!

        Leengo kisuskileak, zer lege berri uste duzue eman duela!

        Italiar ez direnak, Italiako mugetarik arat bizi direnak, ots, zu ta ni gaizki mintzo bagara Mussoliniz edo fasciste gizonen egintzaz, gu epaitzeko lege bat eta zigortzeko Italian bizi bagiñe bezala.

        Noizpait arata bagineke, orduan giltzapetuak gindezke.

        Azkenik ikasi dugu, Mussolinik bere lantegian begien aitzinean omen dauka Julio Cesarren iduria.

        Orgatik aren eta adiskiden oiua eta xedea, orduko Cesarrenak omen dira. Arek izan zuen lurren eta bazterren nagusigoa nai omen dute oraiko fascistes ok ere.

        Zer aginean ditugun italiar «Nor gira, gu», oriek.

        Bearrik, euskaraz jakinen ez dutela, bertzeenaz salatuak gindezke.

Larreko

 

aurrekoa hurrengoa