www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Nafarroatik
Pablo Fermin Irigarai, «Larreko»
1916-1936, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Nafarroatik, Pablo Fermin Irigarai Larreko (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

        Aro aldakorra daramaguna! Larunbatean otz eta igandean bero; goizean iparaizea eta arratsaldean ego aizea.

        Espainiako artxapezpiku leena, Segura jaunak egin duen gutuna Gobernuari edo De los Rios ministroari, gaitzitu zaio; baño, ez du geiago eman, erantzupena ikasteko astia artu du beñipein: eta ori ongi dago; naiz aitzinetik artxapezpiku jaunaren politikaz erran duena utzi zezaken ikasi ondoko.

        Sevillako artxapezpiku jauna ere mintzatu da, gobernu berriaren menean duzkegun egin bearrez. Eta Espainiako apezpiku jaunak ere ari dire poliki katolikoen egitekoeri buruz, bide egiten.

        Nafarroan orai aldi untako solas bide bakarra edo andiena; noiz, nola eta nork egin bear duen Estatuto vasco delako arautegi; Nafarroa bakarrik, edo Euskalerri guztia bat eginik, jokatu bear den eldu den auteskunde edo diputadoen aukeran.

        Emen, argi ageri dena da; oraiko gobernukoekin zirenak edo daudenak ez dutela berotasun andiakin artu gure zuzenen eskuratzeko: naiz Diputazioneko leenak galde egin duen gobernuari ea zer moldez egin dezaketen galdea.

        Etzait ongi Madridtik erraten digutena egitea; baldin ura ezpada eman geienek nai dutena.

        Ni beldur, azkenean elkarren artean naasten ezpagara deusik ez egiteko edo ez erdiesteko.

        Gobernadore berria, erriz-erri dabila, erri kozkorrenak ikertuz eta guztieri agurrik beroenak egiten.

        Agerraldi orietan, beti aurpegiak arin agertzen dire; ez daitezela laster ilundu!

        Nafarroako abertzaleak edo nazionalistak ere piztu dire eta asi dire erriz-erri batzokiak ideki bearrez edo nazionalista izeneko norbait biltzen erri bakotxean.

        Euskaldunen erriko zuzenek erdietsi bagenezkigu.

        Iragan igandean zezenak ere baginituen, baño zezenak ez bide dire aski jendea biltzeko eta ba omen zuten josteko-makina bat biltzen zirenen artean rifatzeko.

        Pilota partida ezin ederragoa ikusi ginuen, Fronton Moderno delakoan Lasa, Gorriti eta Txikuri, Uria. Lauak elkarren bete, ederki aritu ziren; 29etan berdindu eta azkena Lasak uts egin ta galdu.

        Garaileak biko ederra egiten dute.

        Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

Larreko

 

aurrekoa hurrengoa