www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Nafarroatik
Pablo Fermin Irigarai, «Larreko»
1916-1936, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Nafarroatik, Pablo Fermin Irigarai Larreko (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

        Bizpairur egunez uralde pollita egin digu; bazen bearra, egia errateko.

        Euriondo ederra dugu; ots, uso eizira juateko; nik uste, aste untan iragaiten asko direla.

        Ni ez naiz eizira juaiten; baño aroak eta sasoñak erakutsirik ardura zerura bea nagola.

        Iri-etxean edo udal-etxean, erriko gizonek erabili dituzten gaietan, bat izandu da San Kristobal delako gazteluan, jadanik urte bat badu, ainbeste gizon giltzapeturik daudela; gaztelua ez dela ortarako, eta leen bai leen bearko dela etsi edo bear bezala egin.

        Gaztelu ortan, bat zendu delakotz langileak bere asarrea agertu dute egun bat, ortzirala, lanik egin gabe, baño biharamona aste-saria eskuratzeko eguna izaki eta, laneratu ziren.

        Ala ere, zenbeit aritu etzirelakotz eta nai izan zutelakoz besteeri debekatu, C.N.T. eta U.G.T. delakoen buruzagiek bildu zituzten eta amar bat gazte geiago. Adiarazi nai izan dute, gazteluak osasungarrizko bear dituen baldintzak ez dituela eta orgatik il dela.

        Egia errateko, San Kristobal, gudularien gerizatzeko egina dago eta ez gaxoak an idukitzeko ez eta iñor giltzapeturik an idukitzeko.

        Untaz landara, il dena birieriduna (tuberculose) zelakoz, leku ito arek il duela.

        Juan den larunbatean, Andredena Pilarekoa eta abenda (arraza) ren eguna, bi aldetarik jai ginuen.

        Goiz artan eurialde gaitza egin zuelakoz, jende guti atera zen delako Fuente de la teja, non urtero erromeria egiten bai da. Arraza eguna zelakoz, barandak oialdu zituzten Diputazione eta agintari etxe guztiak.

        Gauaz argitu zituzten eta plazan sugaiak erre; ez omen zuten astirik izan geiago egiteko.

        Jai ori dela bide, J.A.P. delakoek eta Pensamiento Navarro egunkariak imperialismo español delakoa dute amesten.

        Juan den igandean Iruñeko karlistek «Jesus y Maria» elizan il-meza bat emanazi zuten, Oreja eta Larrañaga jaun zirenen alde.

        Juan den urriko naasturietan, Arrasate-Mondragonen il zituztelako urte betetzea zuten deitoratu.

        Gurbindo eta Esparza jaunak arrankura dire, iñor ez dela oroitzen aurten dela Sancho el Mayor delakoaren ehun urte muga. Guztiak ixilik daudela.

        Urriko argi-urratzeko arrosariora jende asko juaten da, gizonezko ainitzek eliza betetzen dute.

        Eusko langilek berriki egin zuten galdera onarturik, kilo ogi bakotxaren salneurria sos batez gutitu dute edo merkatu.

        Euzko langileak larunbatean bildu ziren Alfaro jaunaren mintzaldi bat entzuteko. Gazteizko eusko langilen alde lan andiak egin omen ditu eta cooperativas delako antolapenetan nagusi delakoz mintzaldi eder bat egin zuen.

        Oloroneko «Harmonie» delakoaren musikariak, egun batez egon ziren eta berehala itzuli ziren.

        La Reforma Agraria delako lege berriari asiera emateko, Diputazioneak entzun dezazke Baigorri delako bazterra erosi eta zatitu nai duten erriak.

        Estella aldean asi dire zerbeit egin bearrez; Baigorri ori ere, alde artakoa da.

        Irakaslegoan sartzeko, azterketak egin dituztenetan; berrogoi ta iru irakasleme eta berrogoi irakasle onarturik izan dire.

        Astelenean asi zuten irugarren etsamiña edo «aurreri irakastea» (ejercicio práctico). Bariobero jaun lege gizona; naastale gorri geienen aldeztalea, San Kristobalen giltzapeturik daudenak ikusten, egon omen da.

        Orai, guk baño obeki badaki nola dauden an daudenak; ni ez naiz egon ta.

        Beste eliza bat ebaster dutela, Mendibil errikoa; atea ezin idekiz, nai izan dute ezkildorretik eta ango atea ere ezin bota, etsitu zuten.

        Oraiko eliza ebasteak zertan ote dago?

        Diputado abertzaleak, poliki lanean ari direla eta La Voz de Navarra egunkariak, dakarra, diputado bilkuran egin duten galdea.

        Lege nagusiaren laguntzaz baliaturik, galdegin dute «kristau-ikasbidea»-ren ikastaroa, eskoletan ipintzeko, ortarako aski dela gurasoek galdegitea eta bai irakaslek, berek emaiteko edo beste norbaitek.

        Oliteko errian, Garran jaunak eginazi du eskol-etxe bat eta igandean onetsi zuten, eta berehala bilkura bat egin zuten eskolako juntariek.

        Eldu den igandean, emengo «Union de Navarra» delakoek autobusetan juan gogo dute Donostiara, Gil-Robles entzuteko.

        Juan den igandean Arenas eta Osasunak zuten fuboleko partida. Osasunakoek galdu zuten, besteek iru gol eginez.

        Azken merkatuan, txerri eta aretxe ainitz saldu zen. 440 txerri eta 50 aretxe; txerriek bat-beste, kilo bizirik, 2,25 pezeta egin zuen. Aretxek berriz, 1,90 pezeta kilo bizirik.

Larreko

 

aurrekoa hurrengoa