www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Nafarroatik
Pablo Fermin Irigarai, «Larreko»
1916-1936, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Nafarroatik, Pablo Fermin Irigarai Larreko (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

        Asi badu asi, legortearen araberako ugaldeak izan ditugu iru egunez, lerroan; zinez, edoiak lerturik, ur-jauzi baten pare bazterrak larrutu dituela!

        Eta ori, ortoska eta iñazturaka, nor nai izitzen zuela: lekutan arri erauntsiekin naas-maas.

        Iruñan, larunbateko arratsa, beldurgarri zen: iñazturetarik begiratzeko burdin-ziri sokadunak, etxe guztietan izanagatik eta Diputazionean lau kantonetan; unen lilitegiko lerrondo eder ederra, iñazturak gallurretik ondoraño erditik egin zuen.

        Adinez eta ederrez, ain zen lerrondo ederra, non ta aste untako emengo solas bide nagusiena ori izandu bai da.

        Naigabeturik utzi gaitu: Diputazionea lerrondo ura gabe ezin ezagutu dugulakoz: etzituen ehun urte; baño etxe andia artan bizi diren gutiak baña zarrago bai.

        Jakinen duzue, Españako gobernuak erreka jo duela; au ere berri bat duzue, baño guretzat lerrondoaren larrutzea baño tipiago. Nola nai den, andi-mandiak or dabiltza galdeka eta erranka zer bidez, zorionera eraman daiteken.

        Buruzagiak Lerroux azeri zarrari eman ditio ugalak, gobernu berri bat errekatik ateratzeko; baldin erreka zolan zozialistak trabatzeko gelditzen ezpadire.

        Oraiko zozialisten etsai bildurgarriena Lerroux eta unen alderdikoak direnez geroz, Españako bakedun geienek onesten dute. Bano, ni bezala beste asko oroituko dire, Barzelonako «Semana trágica» delakoan Lerroux ori bera zen naasleen gidari eta deabru zirikazale tzarra: nolako aolku emallea! Monje etxetan sartzeko, bortxaz onesteko ama bilakatzeko.

        Aolku ori ezeztatu ote duen, ez dakit, naiz diotenak oraiko Lerroux ez dela ordukoa.

        Untaz landara, Martinez-Barrios; alderdiko bigarrena franc-mazonen Grand-Oriente omen da.

        Euzkadiko esku-zuzenen aldeztaleak ez dire izanen; aldiz, etsaiagoak baizik ez.

        Azken larunbat arratsaldean etxean nindagola agur egitera etorri zitzaidan, Lauaxeta euskar idazle leenetarik eta gogoeta andiko euskar olerkaria. Zaarreri agur egitea maite badu, nik maiteago dut orrenbesteko agerraldia egin didalakoz, orrenbeste lan ta lan euskara eta aberriaren aldez egiten ari den gazte zintzo batek.

        Nafarroako jira-bira bat egiten ari zen Bilbaoko abertzale gazte batzuekin. Emendik berriz ere, nere esker bizienekin, Jainkoak lagun diola osasunean eta bere gain dituen lan guztietan.

        Il unen amabigarrenetik asi ta 15 egunez, irakasle gazteen ikastaro-asterketa dute: gazte asko dabiltza karriketan.

        Eldu den igandean, Sarasate zenaren 25 garren il urte burua, emengo orfeonak jaitu nai du, aren il obian il otoitzak kantatuz.

        Gisa beraz «Santa Cecilia»ko musikari taldeak Biarritzen, zenaren etxean nai diote oroigarri bat eskeindu.

        Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duela.

Larreko

 

aurrekoa hurrengoa