www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Nafarroatik
Pablo Fermin Irigarai, «Larreko»
1916-1936, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Nafarroatik, Pablo Fermin Irigarai Larreko (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

        «Aizea da negua»; ipar aizea nagusiturik, euriaren ondotik, biziki oztu du; neguan gaude eta orgatik, Omisaindu egunean zirenak, etziren beste urtetan bezenbat, eta juan zirenetarik ez guztiak otoitz egitera.

        Arimaren egunean eta bezperan elizak beteak goiz-goizetik.

        Urtero oi duen bezala, ayuntamentuak meza bat atera zuen Sarasate zenaren aldez: Iruñako Orfeonak eman zuen meza ondoan ilotoia.

        Iragan igande arratsaldean Iruña ondoko Tajonar delako errixkan, mutiko batek arma etxetik artu, burasoen gorderik kargatu; eta zer egin gogo zuen ez dakigula, tiroa aurdiki zitzaion eta ezkerreko eskutik beatza bat eraman zion.

        Bereala gaxotegira ekarri zuten eta bear zituen artak emanik an gelditu zen.

        Eldu den Jondoni Frantses Xabier eguneko eliz jaian, Diputazioneak predikaria berexi du, eta da Zarranz Pedro jauna euskaldun berria, apeztuez geroz euskaldundurik, eta ez da euskaldundu, euskaraz itz egiten den erri zenbaitean egon [...] untan bertan: ori bai dela euskararen aldezko egiazko maitetasuna!

        Ala balire gazte guztiak, iri andietarik berpiztuko zen euskara; orai untan norbaitzuek amesten duten bezala.

        Damurik ametsa; baldin gazteen biotzetan ez pada euskararen aldeko landare azkarra ernatzen; alperrik.

        Gazteen artean, fubol aldeko karra dela edo berek maite duten amekataldearena; maiz liskarra edo asarre bidea bada jostalekuetan: leengo igandean Azagra eta Peraltako bi taldeen artean, izan omen zuten asarre bizia; guardia zibilak eta bildu bear izan zutela.

        Iragan igandean emen izandu zen fuboleko partida, nor leenengo Pasaiako taldea eta Osasuna; emengoek irabazi zuten; iru batez.

        Nafarroako zartzaroaren gorasarre delakoak ari dire lanean eta erdietsi ere, erri geienetarik laguntza; lau sos, biztanle arau.

        Orgatik orai artio erdietsi dute eguneko pezeta bat lauetan ogei urtetik gorako zaar guztientzat.

        Laster erdietsi gogo dute eguneko pezeta sari, iruetan ogeita amabortzetik goragoko zaar guztientzat.

        Ederki dago ori! Gure zorionak, eskerrak lan ortan esku ematen duten guztieri.

        Iragan larunbatean saldu ziren 413 tzerri gizenak, 2,65 eta 2,85 pezeta kilo bakotxa bizian eta 17,50 pezeta dozena, ilik.

        Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

        Iragan astean etorri zen Donostiarik bere etxera Arturo Campion jauna.

        Ongi ethorri dela bere etxera eta gure artera, Nafarroako jaun andienetarik bat.

        Zerbeit lan eginik dago euskeraren aldez eta Euskariaren.

        Orgatik, Euskalerri guztian ongi artu dute Campion jaunaren aldeko gorasarrea, «Eusko Ikaskuntza»ren gerizapean. Berriki Donostian «Euskal Esnale»koek egin diote gorasarre ixil bat, aur euskaldun multzo batek eskeindurik.

        Nik ere, leku untarik, biotzez oiu egiten diot, «Gora Campion jauna».

Larreko

 

aurrekoa hurrengoa