www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Pindar eta lano
Xabier Iratzeder
1920-1941

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa  

GEROKO PERTSULARI GAZTERI
AGUR ETA ONGI-ETORRI

IRATZ EDER...

 

Mendi buruan daldaran dago

        iratze osto luzea,

Auhenez ala kantuz baitzaio

        goiz arrats ari haizea.

 

Osto luzea atzek ez unki

        gain zabaletan sortua,

Ferekatzerat jiten zaizkitzu

        lanoak eta zerua.

 

Larrutu dira gure mendiak:

        ez da gehiago oihanik.

Bainan osto bat eskuratu dut

        mendirat pertsuz iganik.

 

Euskal-Herriko harri tartean

        sortu iratze ostoa,

Dena lillura ta usain gozo

        iragan zaitzu Hegoa:

 

Herdoildu dautzu, itsas haizeak

        ekarri ferde bizia.

Eta, suz betez, etorri zaitzu

        ximixt-karraskan ortzia.

 

Mendi buruan daldaran dago

        nere iratze ostoa...

Apalik dago bainan nagusi

        hartuz ororen gozoa.

 

Euskal-Herriko ameslariak

        atzar lo pisu hortarik

Ar giten kantuz, soinuz ta pertsuz

        iratzetarat bildurik.

 

Beha Euskaldun arkaitzetarik

        berez bere jin ostoak.

Zer ez du beraz gure mintzotik

        atera behar gogoak?

 

Iratze zabal hetarat goazen,

        anaiak, bira ta bira.

Ileak harro, irrintzinaka

        goazen Euskaldun mendira.

 

Guziak betan, guziak dantzan,

        aitzeko deika ta pertsuz

Har iratzean, har osto bana

        bira ta bira airatuz

 

Baionan, 20-9-40

 

aurrekoa