www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Pindar eta lano
Xabier Iratzeder
1920-1941

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

LURPETIK

 

Lurpetik Larrunerat igan zaiku Aitor.

Mendi gaina zilatuz, sugarrez jauntzia,

Bere ontasunaren ikustera dator.

 

Hor agertzen ohi da haren arpegia,

Zaharrek diotenaz, hamar mendetarik,

So egiteko zertan daukaten Herria.

 

Izarrak mendi alde dagotzi bildurik.

Gaua da gaua... gau bat beltz eta beroa!

Ikaretan zuhaitzak dire ukurturik.

 

Auhen sistuz zelaian ari da Hegoa.

Etxeko jaunak dio, leihoen hestean:

«Jaunak dakien zerbeit gertzatzera doa.»

 

Entzuten ere dire burrunbak lurpean.

Dena su, dena ximist da tanpez agertu

Aitor, Euskaldun Aita, Larrungo gainean.

 

Buru gaina izarrez zaio inguratu.

Aspaldian lo zagon Aitor arbasoak

Bere begi zuhurrak idekitzen ditu;

 

Eta, zeru alderat luzatuz besoak,

Intzirika ximistan zaiku lurperatzen,

Atzarri direlarik lurpeko orroak?

 

                * * *

 

Ator! nun zare? zer zaitzu gertatzen?

Zer zaio hoin jasan gaitz zure begiari?

Hanbat zerk dautzu ote bihotza zauritzen?

 

Aitor, Ator! zurekin nigarrez naiz ari,

Gau beltz lazgarri huntan itsu nagolarik.

Zertako ba zertako auhen luze hori?

 

Han, zer da gorri hura zerupe hartarik?

Urrungo ilunbeak zerk erretzen ditu?

Ez da argi-hastea... Ez ahal da surik?

 

Anai arteko gerla... Herra da nausitu.

Odol, ke, dolu, nigar, horra Aiten lurra!

Zerk, Aitorren bihotza, jabalduko zitu?

 

                * * *

 

Ur-xirripak doatzi menditik behera.

Agortu nahi ditut: gaindi egin dute...

Nigarrak joaten dire herri arroztura.

 

Basarri, Oxobi ta guziak, zatozte,

Aitorren nigar hoien luzaz edateko.

Oro su kirets hartaz erre, ase zaizte.

 

Oihartzunez oihartzun gora erraiteko

Aitorren bihotz-mina, edan hurrupaka.

Herriari gauza hoik erran behar zaizko.

 

Olerkariak oro goazen intzirika;

Euskalduneri deika, goazen herriz herri,

Beren Aita osoki ez dezaten uka.

 

Zuk behar duzu berritz lurpetik etorri,

Erranen baitaukute zoratu garela.

Oihu egiozu ba Euskal-Herriari!

 

Zure deiak arkaitzak inarros detzala,

Zazpiak batetarat diten berritz etor.

Bai hamar mende gabe zato gaur bezala:

 

Lurpetik Larrunerat igan zaite, Aitor

 

Donibanen, 18-1-39

 

aurrekoa hurrengoa