www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Pindar eta lano
Xabier Iratzeder
1920-1941

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

ARREBA

 

Gure haur denboraz orroit zira ote?

        Ahantziko zaitan ez dut uste,

                Arreba, hil arte...

 

Itsas bazterrean biek elgarrekin

Ontuts zer lasterkak ditugun ba egin!

Zoin dohatsu ginen nork lezake jakin!

 

Gure haur jostetez orroit zira ote?

        Ahantziko zaitan ez dut uste,

                Arreba, hil arte...

 

Orori behatuz irriz ginen ari:

Ez ginagoken so bata bertzeari,

Irri egin gabe kuxean elgarri.

 

Gure haur irriez orroit zira ote?

        Ahantziko zaitan ez dut uste,

                Arreba, hil arte...

 

Behin mutiko bat harrika jin zaitzun;

Ni lasterka jinik joan zen hortik urrun.

Zuretzat nor ote ez dezaket bentzun?

 

Balentriño hortaz orroit zira ote?

        Ahantziko zaitan ez dute uste,

                Arreba, hil arte...

 

Lehen zer irriak, zer nigar goxoak,

Biek elgarrekin egin ditugunak!

Beha bezat luzaz zure behakoak!

 

Amodio hartaz orroit zira ote?

        Ahantziko zaitan ez dut uste,

                Arreba, hil arte...

 

Tartean etxerat naizenean jiten,

Irri gutiago zaiku segur jauzten,

Bainan ez zaizkigu kantuak ahanzten.

 

Gure kantu hetaz orroit zira ote?

        Ahantziko zaitan ez dut uste,

                Arreba, hil arte...

 

Kantuz ari gare ba, bainan noiz arte?

Bertze bat eta zu noiz joanen zarete?

Zaozi bozik! ... Noizbeit... nitaz orroit zaite.

 

Gure haur denboraz orroit zira ote?

        Ahantziko zaitan ez dut uste,

                Arreba, hil arte...

 

Laresoron, 25-6-38

 

Bi arreba bazituen: bat begi urdin, bertzea begi beltx.

Ondoko pertsuetan salbu, begi urdin hari da mintzo

 

aurrekoa hurrengoa