www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Pindar eta lano
Xabier Iratzeder
1920-1941

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

HILA DA

 

Ez ninduen sekulan herioak laztu.

Egun nere gogoak guzietan ditu

Haren ikara eta usainak senditzen.

Errobiko zelaia gaur hola zerk zaitu,

Gozo hura kendurik hainbertze usaintzen.

 

Beldur nago ez baitut nigarrik ixurtzen,

Beldur bihotza zapart eginik ez naizen,

Penak salatu gabe, hemen flakatuko.

Denak zerk ote ditu gaur hola usaintzen?

Lohitik heldu dira, lohi itzultzeko...

 

Pertsukeri hoik oro ezin jasan zaizko

Bihotz huni; egiten baitiotet uko.

Doala ba lasaiki nere zorigaitza.

Ixil ba ixil, nere penen entzuteko.

Oi, gaindi egin gabe huts hadi bihotza.

 

Eskuratu dut atzo arrebaren hitza

Ikasi baitaut anai baten heriotza.

Azpian eman zautan: «Zure Mayi» eta

Nigar bat... ezin gordez pena horren gaitza.

Gaixoak! zertan zaizte Ama eta Aita.

 

Mixel, nere anaia suhar eta hauta,

Berri beltz hori ezin sinetsia baita,

Zato, ager zakizkit, egidazu irri.

Zato lehen bezala dugun biek kanta;

Bi bozetan lot gaiten zure kantu horri:

 

«Ttipi ttipitik...» bainan bakarrik naiz ari...

Ahantzi ote zaitzu, oihuz nago zuri

Zure anai leialaz, Mixel, orroit zaite.

Itsasoan arrauka, mendietan kurri

Elgarrekin joaitea hain ginuen maite.

 

Orai denak ahantzi zaizkituz, ba ote?

Bihotzek ahanzterik sekulan ez dute:

Ixilik orroit zaude, ez zaitut ahantzi

Ez eta ahantziko zu ganat jin arte,

Zuri esker delakotz nere karra bizi.

 

Zuk dautazu Herria hola maitarazi

Zure gogotik, zure karretik datortzi

Nere amets zabalak, pertsulari karra.

Hiltzekotan hiltze hau zinuen merezi:

Herriaren zaintzale, etsaier begira.

 

Goizean 19-7-40

Larresoron

 

aurrekoa hurrengoa