www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Pindar eta lano
Xabier Iratzeder
1920-1941

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

GERNIKA

 

        GERNIKA!

Zure kantu sarkorra

Entzun dut gau huntan:

Aditu izan nuen

Jadanik askotan:

Bozkarioz bihotza

Gainditzen zitzaitan.

Gaur egin dut gogotik

Nigar ilunbetan...

        GERNIKA!

 

        GERNIKA!

Ikusten zaitut hilen

herria iduri;

Etxe aurtikitz baizik

ez zare igeri...

Udaberria irriz

dago munduari:

Harri beltzetan lore

guti zait ageri.

        GERNIKA!

 

        GERNIKA!

Orai datza ohiko

Kartago bezala,

Paret beltz handi batzu

baizik ez dauzkala.

Jazko Euskaldun-iri

haren gorputz hila

Nigarrik egin gabe

nola ikus, nola?

        GERNIKA!

 

        GERNIKA!

Xoratzen iluntzen daut

hitz horrek bihotza.

Mendek jakinen dute

haren zorigaitza...

Numanze ta Kartagoz

ez gaitezke mintza,

Goraki erran gabe

Euskadin, han, datza:

        GERNIKA!

 

9-5-38

 

aurrekoa hurrengoa