www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Pindar eta lano
Xabier Iratzeder
1920-1941

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

MENDITTO...

 

Menditto baten gainean hurbil zeru gainari

Zabal zabala jarririk, dena xuri ta gorri,

Gure apezgaitegia da urrundik ageri.

Zeru eztiaren pean zoinen den xoragarri!

 

Bere hegalak zabalik hegaztin baten pare

Iduri du joan nahia maldatik airez aire;

Bainan lurrari josia egoten da halere

Munduari emateko beti zer nahi lore.

 

Baratze hartan liliak edertzen dira oro;

Burua zeru alderat dagozi lerro lerro;

Usain eztiez mundua beteko dute gero.

Lur hobea ahal zenetz nago ni Larresoro.

 

Zoin ixil eta gozo den Errobiko ibarra!

Haren ikusteaz nehoiz unatuko ez gira.

Jaunaren bakean balitz zeru litake lurra.

Jauna, zorigaitzetarik etxe on hau begira!

 

Bakantzak bururaturik atseginekin nator:

Etxetikako bidean begiak daude idor,

Nere buraso maiteak utzirikan ere hor.

Jainkoarekin ilunik dagonik ez da nehor

 

Ikastetxe maite huntan nehor ez dago alfer,

Jainkoarentzat gudua hasiko baita laster;

Deusik ez ikasirikan ez baititake ager,

Argiaren ekartzeko ilunpean daudener.

 

Uztarria pisuturik, haurra, penetan ez jar:

Zoaz San Frantsesen ganat, ukan dezazun indar;

Harma bat bezala gora, gurutzea badakar,

Eztia dauka bihotza izanik ere suhar.

 

Apezgaitegi maitea, bihotzetikan agur.

Zure haurrak ez bedite eginbideaz beldur.

Zuk eginentzat ez dakit nola eskerrak bihur:

«In te tuosque a Deo gratiae effundantur».

 

4-36 - Uztaritzen

 

aurrekoa hurrengoa