www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Pindar eta lano
Xabier Iratzeder
1920-1941

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

HOGOI-URTE

 

Jauzi batean irriz sortu naiz zeru azpiko bizian

Bozkarioa bazterrez bazter nahiz orotan ereini.

Guziak argi eta dohatsu izanez nere herrian

Dohakaberi nahi nioten zorion hori eskaini.

Bihotz zaurien goxatzerat naiz bihotz erditik leiatu

Irri batean iragan zauzkit iturburu-hotz bat urte.

Kopet ilunak arraitu nahiz egin dut irri ta kantu:

                Zoro naizela diote.

 

Gaur hogoi urte izaki eta, orai ari naiz gizontzen.

Nere bihotzak ereman alde naiz orai arte ibili;

Bainan huna nun xede azkarren ordu handirat jin naizen

Haurreko urte goxo hoitarat behar naiz egun itzuli.

Zerutik hurbil, mendi buruan, gogoetan naiz egoki,

Bazterreri so orroitzen bainaiz jada iragan egunez.

Gain huntaraino zelai beltzari gaua dario eztiki

Orroitzeari oro ixilduz indar geihago emanez.

Ikusten ditut nere amaren behako maitagarriak

Haren hatsaren gozo xamurra oraino hurbil sendituz;

Arrebarekin itsas-ondoan egin ditudan irriak;

Etxeko afal-ondo beroak, ari baikinen han kantuz.

Begiak argi, zangoak zalu, eta bihotza hain bero,

Agertzen zaizkit maite nituen nere lagunen andana

Eta haurreko toki argiak, goiz arraiak eta oro...

Hau atsegina bihotz zolatik gaindi egiten dautana.

 

                                * * *

 

Zeruko hedoi beltzak sugartuz, iragan da itzal latza.

Eskuak luze ta dena hezur sua botatuz ahotik,

Hegalak gaua bezenbat zabal, iragan da zorigaitza:

Guziak odol, guziak nigar uzten baititu ondotik.

Mendipe hoitan oihan bat beso zerurat luze badaude,

Neguko haize auhenkariak laztu adarrak iduri.

Bi aldetarik Euskal-Herrian auhenez ari dirade

Gerla gorria odol xurgatzen ari zaiote orori

Bihotz gabeko itzal beltz horrek errabian du erretzen

Suzko hats hartaz, dohatsu dauzin edozoin jende bihotza:

Nere lagunen begi urdinak ikusi ditut goibeltzen;

Gizon guziak bizi direno atsegabetan dabiltza.

Oro nigarrez, oro begi beltz, eta nik orai zer egin?

Nola iragan atsekabetan, nola ez egin nigarrik?

Zorigaitz beltzak ez ote zaitu bizi huntan jo basairik?

Atsekabea ote da beraz mundu huntako legea?

Zertako dugu zorionerat oro geraman lehia?

Bai, ikusten dut, zuretu duzu guzien atsekabea

Zoriona den zerurat doan zurekin gure begia.

Nigarrez nigar doatzi oro ez baitakite nun bila

Atsekabeen ilunben petik zinezko bozkarioa:

Aberen pare gizona triste lur beltzari so dabila.

 

Heldu naiz heldu, Kristo suturik, idor ditela begiak.

Atsekabeak neretzen ditut, neretzen apez jauntzia.

Nere baitarik ohiltzen ditut lurreko xede guziak

Nasaikiago etor dakitan goiko zorion bizia.

Sort-Herriari hartuko diot bere bazterren lillura

Eta bihotzez, bazterrez bazter, auhenen alde banoa,

Irri bat bezein arin eta boz, zabaldu nahiz lurrera.

                Zorionaren gozoa

 

8-1-40

Donibanen

 

aurrekoa hurrengoa