www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Pindar eta lano
Xabier Iratzeder
1920-1941

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZORIGAITZEZKO EUSKADI

 

Euskal-Herriko zeru eztian, hedoi beltzak bildu dira;

Haitzen artetik izigarriko sistutan ari da herra;

Odol berozko iturburu bat doa menditik behera...

        Auhenkatzetik nehoiz ez geldi,

                Zorigaitzezko Euskadi!

 

Lanerat goizik gizon gaztea abiatu da kantari;

Bainan anaia, ustegabean, tiroka zaio jazarri:

Oihu samin bat botatuz kolpez zauriturik da erori.

        Auhenkatzetik nehoiz ez geldi,

                Zorigaitzezko Euskadi!

 

Bere haurñoa salbatu nahiz, ihesi joan da joan ama;

Laster mendiez alde huntarat besoetan baderama:

Zori oinazen artetik doa. Gaixo amaren marruma!

        Auhenkatzetik nehoiz ez geldi,

                Zorigaitzezko Euskadi!

 

Zelaian bada harri meta bat, erditik kea dario...

Jabe zaharrak, hurbil jarririk, nigarrez behatzen dio.

Zenbatek dute aiten egoitzer tristerik erran adio!

        Auhenkatzetik nehoiz ez geldi,

                Zorigaitzezko Euskadi!

 

Amodiozko Jainkoarentzat hori egin omen dute.

Jainkoarentzat bazterrak erre eta apezak hil ote? ...

Zu, otoi, Jauna, gure herriaz zerutik urrikal zite.

        Auhenkatzetik nehoiz ez geldi,

                Zorigaitzezko Euskadi!

 

Berritz ohiko irrintzin badoala mendiz mendi.

Gure herrian burrunba tzarra ez dadin geiago adi:

Ezin hilezko gure Euskadi berritz ere atzar bedi;

        Jainkoa lagun, bai berpitz hadi,

                Arbaso gaitzen Euskadi!

 

Larresoron, ...-3-37

 

aurrekoa hurrengoa