www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Iturriagaren Solastaldiak
Jean Pierre Duvoisin
1857, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

Hamahirugarren solastaldia

 

        ANTONIO. Ezin erran dezakezuket zer atseginekin entzuten dudan zure solasa; othoizten zaitut aintzina eman dezozun orai arteo bezala.

        BASILIO. Atsegin handirekin emanen diot aintzina, hala nahi duzunaz geroztik.

        Abereen gaitzik gehienak artha eskasetik ethorri ohi dira.

        Bustia da abereentzat, guretzat bezala, etsairik handiena.

        Nola belhar bustiak hantzen baititu, hala etzauntza bustiak ditu eritzen.

        Horrengatik, urthe uritsuetan, idor puxka bat jatera eman behar zaioete, eta ahal bezain guti igorri behar dira alhara.

        Oroz-gainetik azpiak idor iduki behar zaizkote.

        Aberezale ez den laboraria, ez da laboraria; zeren abererik gabe ez da ongarririk, eta ongarririk gabe ez da biltzerik.

        Bertzalde berriz, bazkarik gabe ez da abererik.

        Bazkak, aziendak eta lant-lurrak neurri berean izan behar dute.

        Nihork ez daki zenbat eman dezakeen lurrak.

        Erran ohi da egia handirekin, hartzen duen bezenbat ematen duela.

        Lurrik hobekienik lanthua da gehienik phorrokatua dena.

        Laborariak, ahal badu, ez du lur alferrik iduki behar.

        Azienda heian egonago, eta hobeago da; zeren ongarri gehiago izanen baitu laborariak.

        Ez du lurrak aberearen hatza baino etsai handiagorik; behintzat buztin-lurrak diren tokietan.

        Nausiak etxetiarrari lurrak estatu onean eman behar diozka; bertzenaz ez du hunek lan onik eginen.

        Badira denborak eta aroak iragaitera utzi behar ez direnak, ala eraiteko, ala jorratzeko eta ephaiteko.

        Horrengatik laborariak, ona izatekotz, esku-gaina behar du; zeren aroa iragaitera uzten badu, lan txarra eginen baitu; eta aroa iragaitera ez uzteko jornaltiarrak batzuetan behar dira.

 

aurrekoa hurrengoa