www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Iturriagaren Solastaldiak
Jean Pierre Duvoisin
1857, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

Bigarren solastaldia

 

        BASILIO. Egun erleez mintzatu gogo natzaitzu.

        ANTONIO. Azienda xehetto baliosak dira erleak, haukiek ematen darokute eztia.

        BASILIO. Ez eztia bakharrik, bainan ezkoa ere ematen darokute.

        ANTONIO. Nola eztira itsutua bainaiz, ez nintzen orhoitzen ezkoaz.

        BASILIO. Eztia erremediotako hain ona da, nola janharitako. Marhanta denean hartzen da eztia urarekin nahaste. Midikuek janarazten dute batzuetan, mahainean jarri baino lehen, sabeletik libraraztekotzat. Bertzalde berriz, zenbat gauzetako ez da on ezkoa. Hunekin egiten dira xirioak, onkhailu ezkodunak eta asko manthar mota. Erleak sortzen dira pinpiriñak bezala, eta jaten dute eztia. Loreetan aurkhitzen dute eztiaren eta ezkoaren gaia. Lorearen irinarekin egiten dute ezkoa, eta eztia berriz lorearen golkhotik atheratzen duten gozotik. Gibeleko aztaparrez harraskatuz irina biltzen dute lore gainean. Zangarretan badituzte galtxoin iduri batzuek eta ez dira gelditzen hekiek bethe arteraino. Hezetasuna hurrupatzen dute muthurrean duten tronpa batekin. Hezearentzat badute zorro bat, eta han ezti bilhakatzen da. Irinarentzat badute bertze bat, eta han ezko bihurtzen da. Gero, ezkoa ahotik goiti itzultzen duten arabera, breskaren egiten hartzen dira. Breska egin dutenean, orraze-xiloak eztiz bethetzen dituzte.

        ANTONIO. Xiloa orraze-xiloa deitzen da?

        BASILIO. Breskarena bai.

        ANTONIO. Zoratzen darotate burua gauza horiek guziek.

        BASILIO. Ez da hor burtzoratzekorik.

        ANTONIO. Zer! Ez othe da zoratzeko dina ikhustea lore hostoko herrautsa ezko bilhakatua?

        BASILIO. Eta etzaitu zoratzen guk jaten ditugun gauzak gure odol bihurtzen ikhusteak?

        ANTONIO. Egia diozu, ez nintzen horri ohartzen.

        BASILIO. Behiak egun jaten duen belharra, bihar esne bihurtua jaten dugu.

 

aurrekoa hurrengoa