www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Iturriagaren Solastaldiak
Jean Pierre Duvoisin
1857, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

Laugarren solastaldia

 

        BASILIO. Huna non duzun marmutxa bat zuk ezagutzen ez duzuna.

        ANTONIO. Hemen atzeman duzu?

        BASILIO. Ez, Ameriketan sortzen da, eta handik ekhartzen dute thindu egiteko. Koxenila deitzen dute.

        ANTONIO. Bizkitartean koxenila gorria da, eta marmutxa hau hauskara.

        BASILIO. Kamartza ere ferdea da berenez, bainan egostean gorritzen da. Minagre xorta bat ixurtzen badiozu gainera, ikhusiko duzu nola gorrituko den.

        ANTONIO. Horren biribil-zabaldua! Ilhar-xabala iduri du. Muthurra du xerriarena bezalakoa.

        BASILIO. Hargatik deitzen dute erdaraz koxinilla. (xerri ttipia). Bada bertze har bat hau iduria, kermesa deitzen dena. Bainan hark ematen duen thindua arrontagoa da.

        Ala bata, ala bertzea arboletan aurkhitzen dira, zeren hekien amek arbolen hostoetan uzten dituzten beren arroltzeak. Haukietarik ilkhitzen dira harrak, zeinek egiten baitituzte kuskuilak, berak barnean gelditzen direlarik. Bada bertze thindu gorri bat oraino ederragoa. Purpura deitzen da. Bainan hain da bakhan kausitzen, non hainitz gutik izan ohi baitute. Maxkor baten barnean aurkhitzen da, eta zakhur bati diogu zor.

        ANTONIO. Zer! Zakhur bati! Nola gerthatu zen hori?

        BASILIO. Zakhur bat ohi zabilan goseak hila. Goseak eraman zuen itsas bazterrera, eta hasi zen maxkor jaten. Egun oroz harat goan ohi zuen bere gosearen hiltzera. Bihurtzen zen muthurra guzia gorriturik. Norbaitek, ustez odola zuen eta zerbait sarraski zuelakoan, atzeman zuen. Ikhusi zuen thindua zela, dena odola iduria. Eta horra nola aurkhitu izan zen thindurik ederrena eta garastiena.

        ANTONIO. Bai, garastia izan behar da, ezen hainitz maxkor beharko da bildu soineko baten thindatzekotzat.

        BASILIO. Hain da garastia, non erregeek eta handi batzuek bakharrik izan baitezakete. Bertze hainbertze gerthatzen da perlarekin. Itsasoan aurkhitzen da maxkor baten barnean. Horra nola munduko gauzarik baliosenak animale xehetto batzuei zaizkoten zor.

        ANTONIO. Bai egiazki. Nork erran lezake haukiei zor zaizkotela errege eta erreginen edergailuak!

        BASILIO. Ez da bertzela gerthatzen elizetako puska ederretan.

 

aurrekoa hurrengoa