|
Ezten gorriak
ZE IZENA OTE DU OLERKI HONEK?
(Oharra: olerki hau oso osorik sei minututan irakurri behar da. Lehendabiziko ekinean ez baldin baduzu lortzen, ekin berriro, irakurle, eta berriro eta berriro... lortu ate. Orduan jar zaiozu izen bat, nahi duzuna. Eta izenpetu zazu zeurea ere izanen baita ordurako.Orain ezar erlojua begi aurrean. Sei minutu! Hastera noa! Ea ba, oraintxe, bat, bi eta hiru!).
Aitzaki nork daki? gaztaroa ihes doa gaztaroa ihes joaki! musika edo hitza transistore musika botil ura eta boîtetako estandartitzea txupatzen ari garenean musika transistore musika musika pobre bat jotzailerik gabeko musika iturririk gabeko ura gurasorik eza pote musika lata musika kontserba musika doinu standard kezka preneurriturik «I love you» eta gainera «West»-eko musika eta West norena ote da...? aberats aberatsena poeta eratzailea bero baina pobre bero dabil bero nor ote? —galdurra moztuko diote— hain ero? eta gainera foie-grass foie-grass eta coca-cola coca-cola eta foie-grass potetan eta botiletan eta plastikozko ontzi apainetan ontzi apain traketsetan zerri gibela eta zerri osoak ere bai erdi zerri, erdi gizon erdi gizon, erdi zerri txistorretan aitzaki nork leki? bakarkeriaren olerki das kapital, das kapital, das kapital eu angelos izaki arrazoinaren toki... eta ametsen leku! zorion irudi aberats diru grina ondasun egarri aberats eta gorroto doazkigu arlote garbi era txukunak aberats kakaz estalirik eder eta bizkorrenak aberats
geroaren bildurrak ikara gindezke aberats geu ere bihur gindezke betire nola edo hala aberats ez gero ez lehen han edo hemen aberats dabilz aberats diren horik pobreak ere hil egiten baitira aberatsak bezela eta askotan okerrago eta gehienetan lehen baina ez zerurako presaz... bizitzaren bira bizi borobila lau kantoneko bira gizonak berrogei urtetan ez dira ibiltzen txantxetan gogorik ez daukatenek ez dute jaten sagarrik ez dute jaten opilik odolez hasetzen direnak goseak gelditzen dira beti estalki gorri azpian odolezko maindire pean nork lezake lo egin lagun urkoa larrutu ondorean? lagun urkoa larrutu ondorean! edozeinek egiten du lo eta lasai egin ere amets txarrik gabe damurik gabe haserik gehienetan gainera erdi mozkorturik estalkia dela aitzaki ezkutapen motel... eta zahartzaroan sabel lodi zango mehe eta ahul baina diruaren itzalak traje eta korbata apainak urguna kenduko digu zangoetako ikarak ez du dirurik bizkarrean gura morfinak
nagusi egin zaigunak «aitzaki eta maitzaki duda mudatan» ametsetan erabakiak preharturik geneuzkan ohean emakumea dago alboan ohera loturik diruzko katez lot litezke hainbeste erabaki estalki gure hutseko ezkutapen lotsatiak izaki lotsaren lotsaz lo besterik ez lotsa lo hutsa kuluxka ezta lo ere ezta ere ordea esnaturik ezagueraren indarrak burrukaturik aitzaki egia ala gezur asmo ala grina morfina daukagu nagusi... eta egin dut eta bizitu naiz maiz aipatu izan diot amari ea zertarako hil zen hain gazterik ohean erdoiturik goroldioa bezain zain ustel sahatsa bezain egarritsu makala bezain beratz baina nere koliketan bazkatu beharko dira gorotza janen dute kaka irentsiko harrak baitira pertsonari odola txupatu nahi diotenak arra dira eta ez dabilz zeruan ortzian... eguziak ez du oinik baina ilargiari adarrak jartzen dizkio gauetan gauero norengana joaten zatzaizkit gauetan gauero emakume zitin hori? emakume zitin hori loturik zaduzkat ohera diruzko katez loturik zure burua, idurimena, ezaguera amets ontzi hori diruz dago loturik diruz edo dirua dela aitzaki nork daki? aitzaki nork leki? aitzaki eta maitzaki nork askatuko nau kate hauetatik? nork aterako nau pote hontatatik? nork kenduko dio kortxua nadukan botilari? botil honeri...?
kate era pote poeta arlote olerki izenik gabea ipuin politik gabea dena zorna eta loia dena zikinkeria kiratsa eta kresala gorotza kontserban zorna potetan eta ahotan guztion ahotan hire ahoan nere ahoan zure ahoan edozeinenean... mihigaina mihia miztoa bi punteko miztoa hiru punteko miztoa miztoa miztoa non da gizon gaiztoa? edo non dabil ona? non da gizona? non da askatuko gaituena? gure leaderra buruzagia langileen lehendakaria? langileek baikara gu —esan beharrik ez balego ere!— langileok gu egunero espetxeratzen gaituzte zazpi ordu eta gainerakotan ere ez gara libre txongoatilean lokarria erantsi baitigute egarik ahal izan ez dezagun txongoatileko lokarri urdaileko kate poltsetako lokura... heldu denez asteko berrogeitazortzi ordu urteko bi mila bostehun eta lau ordu berrogeitamar urtez... ai poeta arlote hau ez duk ez olerki ez poesi eta ez deus hau ez duk ezer heure bizitza baizik...!
eta zer ote da ene bizitza delako hori? zer da gure bizitza? ..ahulona alegia sinismenik ez dugunona kemena falta zaigunona iraultzarako indarrik ez dugunona? ez olerki ez ipuin baizik aitzaki aitzaki bakarrik aitzaki besterik ez miztoaren estalki eta gaztaroaren hilobi... gaztetan biguina bainintzen biguin eta bizkorra kementsua mundua aldatzeko asmoz betea idealista gudaria ustez egoismorik ez nuen egoismorik gabea ustez... sozialismoa eta pisua plazoak autoko, pisuko eta telebisioko plazoak irabazi irabazi edo ateza dirua diruzko katea ametsen potea ametsen botila ametsen kontserba bizitzaren pisua sozialismoaren ataka sozialismoaren utzikondoa ondarra ez baitut sinesten gizonetan ideetan pote hontan sarturik plastikoan bildurik demokraziaren indarra neregan alferra eta banoa gaztaroa badoakit ihes ene miztoak ondarra darabil ene miztoak ondarra mugitzen du ene miztoak... ez daki edo ez du jakin nahi ez luke nahi eta gainera ordea gorrotoa hontan da nabari...
putzu hontan ordea botila idekitzen baldin badidate ura sartuko zaio eta bertan ittoko naiz bertan ittoko nintzeke... miztoa eta gorrotoa gorrotoa eta barrabilak eta karitatez umetan jan genituen opilak begira ba oraintxe ari da madarikatzen ene miztoa —besterik ezinean— madarikatzen dut gogoratzen zaidan guztia ahal dudan guztia dezakedan guztia madarikatzen dut dena —oi ahulon ihesbide!— dena madarika leher hil ustel txiki gorrota eta honda bedi guztia, dena batez ere
oraintxe gogaratzen ari naizena HORI! Idatz ez dezakedan birao litekean guztia hil bedi madarika bedi... hobe nuen nahiago nuen ez banintz jaio ez banintz sortu baina jaio nintzenez gero hemen nago —hau beldurra!— (ez dut esaten ez dut idazten ez naiz ausartzen... ) aizeak eramanen du betiko ene miztoaren fruitua lasai gelditu naiz lasaiago nago biraoaren ondorean izan ere ez bainaiz ene miztoaren aitzaki besterik.. . eta lana nere lana neure balitz ordea! nagusiak festatan dabilz mundua aldatzeko balio omen du plusbalia galanta ematen du kentzen diote baina nik neuretzat lanaren labana lanaren gogorra lanaren eztena lanaren arantza baina baina ordea lanaren kiderra lanaren emaitza lanaren plusbalia nagusiaren zapela nagusiaren zapata nagusiaren karpeta nagusiaren alaba ikus nezazke ikus litezke ustez egiak aitortzen itxuraz... berrogei urtetan itxaropen ura ahortu zitzaidan ez nabil txantxetan ez dut jaten sagarrik sagar osorik ez naiz ibiltzen alferrik ez zait ixurtzen negarrik ez dut txukatzen malkorik emaztea daukat loturik (irakurle! zeu ere far egiten ari zatzaizkit) lana da nere aitzaki itxaropen ordez ni neu ere aitzaki gorrotoaren olerki ez ipuin eta ez lore ez itxura ez kolore gorrotoaren asmoz nere odolaren truke inork emanen luke deus gutxi eta ezagueraren tokian miztoa dut nagusi idealismo ondarretan... hau ez da inoiz bukatzen lanaren lokarririk ez da askatzen miztoaren gorrotoa ez da gelditzen madarikazioka ari naiz madarikatzen ? ? oi sinets ahal banu! jakin ahal baneza! jainkoa mintzatuko balitzait!... inork betikotasuna agin balidake saldurik nintzaioke eriotzaren atzaparretatik aska nezakenak bere nau... iluna, iluna eta semeak isila, isila isilaren isila madarikatzeko ere ez naiz gai zein gutxitara bihurtu naizen otoitz egiten nuenez geroztik... madarikatzen dut ezkutuan alegia inork ikusten ez nauenean inork entzuten ez didanean ez ni ez naiz ausartzen ez dut pentsatzen dudanik idazten ez dut txorakeriarik esaten ni gizon jator bat naiz normala! nork daki? nork leki? nork lezake jakin? itxaropen ahortuaren lana lanaren
eta gorrotoaren aitzaki miztoaren ontzi besterik ez naizenik? A! sinets ahal baneza!
(Irakurle!, saia zaitez berriro ea esandako sei minututan irakur ahal ote dezakezun. Eginahalak egin itzazu behintzat. Ni txorotzat jotzeko ondorean ere izanen zenuke beta... Ez ordea. Ez gaitezen hain presaka haserre. Nik goiko hori guztia esan dizut... presaka, zirriborroka, laisterka, hatsik gabe. Saia zaitez zeu ere eta ados egonen zara nerekin pote eta botil berberaren barren leun itsusian... Kirkir eta akalamendiak ez dira botiletatik ateratzen. Zu eta ni gutxiago alegia; gu ez baikara hegaldun kirkirrak, akalamendiak, euliak, hegaztiak eta aingeruak bezela!).
Ezten gorriak |