Ezten gorriak
Gorka Trintxerpe

Idatz, 1975

 

 

IGANDEA

 

Aitzurrez

geurok geure hilobiak

aizean

aldaturiko hazi zaharrak

                       alferrak!

 

Suge bat

hamaika buru, hamaika atzapar eta egalak.

Irudi

egiazkoa dirudi.

Lur honek

ondu ez duen emaitzik

                      alferrik!

Ba dator

inoiz iristen ez dena.

Hilargia

argi lapur maltzurra

                 itxura!

 

Suge bat

suge bi

hamaika buru, hamaika atzapar

eta hortz.

Halere musu ematen diot.

Haren bi punteko mihizto hotzak

kiribel eta txistu

ene herriaren aho barrenean

mihian.

 

Sugeak ezpainik ez du

baizik aho hertz harrizkoak

eta begiak.

Bi begi zorrotz

behean ikusten dizkiogunak

geure sudur ondoan.

 

Musuan hozka

aizean erorka

deus ukitu gabe

pisurik ezean.

Sugeak inguraturik

besoak soinari loturik

sugezko eraztuna lepoan

eta atzetik aurrera itzulirik

bere buru txiki zapalaz

musuan hozka.

 

Lokarri bat zilborrean

kaptsulatik atera gaitezen

amaren sabelera

berriro sar ahal izan gaitzaten

 

Sugeak far

eta pistolak algara.

Zure kolika jaten ari naiz

egunero ahora botatzen didazuna.

Eta karkaxetan

karkaxeen orlegitan

hantxe jartzen da

eseririk

nagusia!

 

Andregai

hire senargaiak ahora

karkaxa bota din

eta kolika

eta izarra.

Kluk kluk egiten din.

 

Baina ezin zara askatu

hozkan musu

bakarrik nazkatu

musuan hozka.

Hamaika ahok batera

lepoan, buruan, belarritan

begitan, matrailean, sudurrean

golkoan, ahoan

hamaika senargai

suge buruak

eta atzaparrak

arrapatu

izurratu!

 

Oraingotik ernari zara

eta gura ez zenuena

madarika nahi baduzu

besteren eta zeurea

zeuregandik bizitzen

zeure sabelean daukazu.

 

Aizean

pisurik ezean

zoaz

zozenean.

Eskuak, oinak eta burua

nolanahi...

San Miguelen ezpata

oi ezpata zorrotza

zorrozteko harria ahazturik

sugeak ez omen dio beldurrik

ai!, lo egon ezik!

 

Arrosaren ostoak

margo lirain.

Neska hator nerekin.

Bakoitzak geure emakume taldea eginen dugu

beste gizakiak txikiatuko.

 

Itzuli da exkurraua

egiaren jabea

gezurretik bizi dena

kapitalismoaren aparra

gabonetan T.V.-tik hitzeginen du

koloretan.

Amek diote amorrurik ikaragarriena

gurasoek.

 

Sugearen burua

hotza da;

bere mihiak herstutzen du nerea.

Orratza dirudi ahoan

orratz bihurri biguina...

 

Eta bitartean

eska Euska

eus

eu

ehu

ehunate ehun ate

baina denak hertsiak!

Itsas ondotik gora luzeegi baita

itsas ondoan aske banago ere

zeruan berriz

aizean

ez duzu deus ukitzerik

indarrik gabeko askatasuna

neurekikoa

               alferra

               alferrik.

 

Suge batek inguratzen bait gaitu

eraztun gogorretan lehertzen

eta gainera

hamaika suge zazpi buru

ezpaina nahi lidake

eta musu!

 

Ezten gorriak
Gorka Trintxerpe

Idatz, 1975