Ezten gorriak
Gorka Trintxerpe

Idatz, 1975

 

 

Felipek erran zidan

bazela kankarro bat

oinak, bat Labiagan

ta bestea Larunen jarriak.

Juliak erran zidan

badirela erreka ondoetan

aztikeria frankoren egile

lamiak eta sorginak.

 

Kalte gutxi egin digu

basa-jaun kankarroak

eta lamiak eta sorginak

nahiz izen txarra izan.

Badira kaxkarragoak

kankarro ustekoak

Alzatetik igaroak

gure kopetak oinperatuaz.

 

Lanera eta burrukara

gure semeak atera

arrotzen grinetan

bitarteko bezela.

Loak dago herria

zaharrek ez darite malkorik

gauzarik maiteenak galtzera

bizitzak ohitu ditu.

 

Ote da oraino inon

Meaka edo Zalain Zokon

edo Xantun-zugi ondoan

negar egiteko ausarta duenik?

Ohitua zen Felipe atsekabetara

Burua jatsi zuen Juliak

eta beren herri murgilean

etsai ezerezetaz aritu zitzaizkidan.

 

Ezten gorriak
Gorka Trintxerpe

Idatz, 1975