Ezten gorriak
Gorka Trintxerpe

Idatz, 1975

 

 

JAINKOA DELAKO HORRI

 

Ateo nauk jauna

askotan diat otoitz egin

baina orain

ez haut inon sumatzen...

ez haut inon aurkitzen...

ez bait didak inoiz erantzuten

zertarako haizen!

 

Landareak hor dagoz

eta nori zer dio zeinek eginak!

 

Behetik gora bota genian lokarria

ber hartatik igotzeko asmotan

Hi Jainko, Ortzi... jaun

geuk haugu sortu

 

Hil egiten gaituk ordea

eta honengatik

nahi ginekek sinetsi

—irauteagatik—

ba haizela

haizena haizen hori...

 

Hiltzea lo bezela balitz

lo besterik ez balitz

esnatzeak ez baleigu axolik

ez litzaidakek ba haizen

ala ez

hainbestetarako axolik!

 

Baldin bahaiz ordea

eta baldin esnaratzen bagaituk...

 

Baldin bahaiz, ona haiz

mundua hobeagotzen doakelako

baina ez baldin bahaiz ere

hola zoak.

 

Baldin bahaiz, maite haut

heuregan naukelako bizirik.

 

Nahi nikek

izan hadin.

 

Baina ez bait didak zertarakorik erantzun eta

ez zezakeat inolaz ere

ba haizela aitor

haizena haizen hori!

 

Ezten gorriak
Gorka Trintxerpe

Idatz, 1975