Aiodi herriko kantak
Patxi Ezkiaga

Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

 

Itakaruntz

 

Ahate basatiak zeruan, elurra zerutik hegalka

dena iheska zihoan igande goizeko lilura beltzean,

ibaiak itsas ahora lasterka eta uhain lotiak korrika

ilusio eta herio minez jotako ertzeko zaldi gorrian...

 

Zaldia apar ta bitsezko hesi berdetik lizunki jauzika

hesia lurretik, lurra zerutik, azti zaharraren keinuaz

espazioak kontaezinezko milaka izar ta eguzkiz beteta

sofrikario zital ta luzearen plazerrezko azken eztena.

 

Ezinezko ortzadarreko txiribitak belarretik saltoka

hegoalderuntzko ahateak edo udaberriko uharreak

baino motelago, motelago baina oraindik bortizki iheska

aidean mendiak ere eta gibeletik hegaka pagoak.

 

Harriak harria higatuz, haizearen errotan txioka

harea, dana zihoan hegaka, ni neu ere hodei grisa

baino lasterrago, nintekelakoaren sorbaldan lasterka

betirako iheskatu nahi luken gizon tristearen gisa,

 

azkarrago, abiaduraz, nire hatsa haizearekin bat egina

gero udazken batez horbel marroi ta kraskatuan erortzeko

nire odola euri xurgalari izanik nire haragiak buztina

jo eta gorputzaren hegalketa itzulera bitxia izateko.

 

Aiodi herriko kantak
Patxi Ezkiaga

Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986