Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—8—

 

         Han comisario edo commisaire jauna aurkitu genuen. Garaia zen. Berau be asko harritu zen nire adiskidea ezagutu zuenean.

         Gorputza izara batez estalia zegoen. Kapitainak oihala jasorik aurpegia erakutsi zuen. Handitua eta berdea, ia ustela, denbora asko egon zela hila ematen zuen.

         Komisarioa espainolez hasi zen:

         «Este no es José Luis Lopez. Ha sido ya identificado por sus familiares. No entiendo cómo han podido encontrarse en sus bolsillos documentos pertenecientes a José Luis Lopez».

         Ez zigun itzultzen dena Argalak frantsesera eta guk ez genituen ulertu hitz hauek.

         Poirotek komisarioari Argalaren bitartez: beranduegi heldu bazen ere, orain, bere ohoreak agintzen ziola erailea aurkitzea eta ez beldurrik izateko, ez zela joanen aurkitu arte eta.

         Bere hitzak entzun eta harrituak gelditu ziren denak nire adiskideari so, beti gertatzen den bezala bere ziurtasun izugarria lehendik ezagutzen ez dutenekin. Ni harrotuta nengoen, ikusirik nola denak aho zabalik uzten zituen.

         «Este tío es idiota» esan zuen komisarioak. Argalak ez zizkigun itzuli frantsesera izutasun eta harridurazko hitz hauek.

         Gero Poirotek, Argalaren bitartez beti bezala, ea zeinek eta nola aurkitu zuen gorputza, eta Algortako plaian muttiko batzuek. Ea autopsia egin ote zioten, eta baietz. Bost egun gutienez zirela itota hil zela.

         Poirotek bere zerbitzuek kapitainari eta komisarioari eskaini ostean, eskuak elkarri estutu, eta joan ginen handik Argalarekin. Hartu taxi bat eta Algortara.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)