Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—5—

 

         Uda hartan joan-etorri asko egin zituen Lopezek Arrigorrietara bere automobilean, eta beste neskarik ez bailegoen, Natirekin bakarrik ibiltzen zen beti. Halaz ere, udarako eguraldi onak bukatu orduko ez zion oraindaino itaundu neska-mutilen arteko galderarik garrantzitsuena.

         Manu kaikua iruditzen bazitzaion Lopez ezagutu baino lehen, orain ia-ia eskeko baten itxuragaz ikusten zuen bere lehenbiziko jarraitzaile gaixoa. Ez Natik diruari axola gehiegi ematen ziolako, besteen iritziengatik baino. Ez dugu erranen ez zela ezer dirua Natirentzat. Bazekien berak zuhurra izaten, behar zenean. Edozeinek beste sentitzen zuen Natik neskek izan ohi duten lukurreria euren dirua gastatzeko, eta neskekin bakarrik zegoenean graziosea edateko gogoa baino ez bazuen, bazekien whiskey edo cocktail-en bat eskatzen mutilen batek ordainduko zuela ikusten zuenean. Baina ez zekien kalkulatzen. Nahikoa zen bere ustez mutil batentzat aberatsen itxurekin agertzea. Harrigarria da honelako gauza bat gertatzea finantzetako hain erraztasun handia duen neska bati, baina hala zen. Jendearen iritzia zen dena beretzat, batez ere beste nesken iritzia. Ez zuen maite dirua diruak daukan zeragatik, bere adimena ez zen iristen horraino. Ulertu ezinezkoak ziren zelanbait kantitate handiak beretzat. Baina ez zukeen nahi izanen, inondik inora be, beste nesken atzean gelditzerik senargaiaren arazoan. Emetasunean zegoen bere harrokeria guztia, eta senargai-ona-harrapatzeko-indarrak ematen zuen emetasunaren neurria beretzat. Baten batek ipini zion aberastasuna senargai onaren ereduari beharrezko bertute edo zeren artean. Honegatik zen axola handiko gauza, bere senargaiaren besteak baino aberatsagoa izatea. Esandako ereduak sudur handi bat eduki balu, bere senargaiaren sudurra besteenak baino luzeagoa izan beharko zatekeen. Eredua ikusita, Manu oso atzeratuta gelditzen zen Lopezen aldean senargai onaren gaindegitik. Eta pentsatzen zuenean apur batengatik ez zela konpondu Manugaz!... Behin baino gehiagotan sentitu zuela barrengo bihotz-taupada samurra, bere mespretxuak aintzakotzat hartu gabe Manu atzetik eta atzetik zetorkiola ikusirik!

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)