Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—9—

 

         Galdetu han, galdetu hemen, beti Argalaren laguntzaz, eta azkenean aurkitu genituen gorputza idoro zuten muttikoak.

         Gauza guztiak zehatz-zehatz jakin arte ez ziren bukatu nire adiskidearen galderak: nola eta zein tokitan zegoen gorputza, zer ordutan aurkitu zuten, eta abar. Galdetu gero hango arrantzale batzuei uraren joairak, mapa batean dibujatu, eta dena ondo apuntatu ostean, hartu beste taxi bat, eta Arrigorrietara.

         Poirotek eskupeko on bat eman eta arratsaldean etortzeko berriz eskatu zion Argalari. Joan ginen orduan gure ostatura bazkaltzera.

         Arratsaldean berriz Gure Kabiara Argalarekin. Han, Irundik ekarri gintuen txoferrarekin egin genuen berba lehenbizi. Berak erran ziguna sinetsi behar bada, Jose Luis Lopez ez zen batere itsaso zale, ez omen zeukan, ez yatchik, ezta txaluparik koskorrena be, itsasbazterraz ibiltzeko lehorretik hurbil. Chaufeur hark ez omen zuen ikusi inoiz bere ugazaba itsas ondotik oinez ibiltzen ere.

         Galdetu gero bezperan ezagutu genuen neskameari, eta berak ere berdin. Noiztik ez zen agertu etxetik, eta bazirela sei egun. Inork ere ez zekien nora joan ote zen.

         Ez genuen jakin gauza berririk sukaldariari mila galdera itaundu ostean.

         Etxekoandrea kanpoan zegoen.

         Ate nagusitik irten ginelarik, eskutitz bat ikusi genuen zilarrezko bandejatto batean mahai ttiki baten gainean. Besteak oharkabetu zirelarik, Poirotek ostu eta sakelara. Gehiago jakin ezinik, irten handik eta Arrigorrietan oinez.

         Irrikitzen zegoen Poirot eskutitza irakurtzeko, eta berehala joan ginen ostatura.

         Bere gelan sartu, itxi atea, eseri ohe gainean eta atera zuen sakelatik. Estalkia Sr. Dn. José Luis Lopez-i zuzenduta zegoen. Goian, ezkerreko angeluan, Bilboko banku baten izena. Hautsi estalkia eta atera zuen eskutitza. Espainolez idatzita zegoen eta ez zen ulertzen ondo.

         Hizkuntzaren behaztopak, beste guztiak baino zailagoa egiten zuen kasu hau nire iritziz. Baina Poirotentzat ez zegoen garaitu ezinezko zailtasunik. Zabaldu maleta eta Español-Français hiztegi bat atera zuen.

         Gutun labur bat zen. Bere aginduak bete zituztela, eta izena azpian berak idaztea baino ez zela falta, izan zen bankuak Jose Luis Lopezi esaten ziona.

         Begiratu erlojua eta zazpiak.

         «Ah! Mon vieux!» esan zidan, «beranduegi da bankuetara joateko. Bihar goizean joanen gara Bilbora. Artean ez daukagu zereginik».

         Euria ari zuen. Mendi berdeak ikusten ziren leihotik, zerua hodei ilunez estalia.

         Bete pipa eta piztu zuen. Isil-isilik egon ginen une luze batean euria zaintzen.

         «Nola uste duzu zuk ito zela gure gizona?» galdetu nion azkenez.

         «Eh bien!» ihardetsi zidan, «ez dut uste gure gizona ito denik».

         «Parbleu!» esan nion nik, «bere gorputza handitua eta ustela plaian aurkitua izan, autopsiak itota hil zela erakutsi, eta ez dela hil gure gizona?».

         Poirotek J.L. Lopezen eskutitza atera zuen sakelatik.

         «Ohar ezazu zein egunetan idatzita dagon eskutitz hau» esan zidan.

         Eskutitzaren eguna 19...-XI-21.a zen. Eman nion atzera, zertan zebilen igarri ezinik.

         «Zenbatgarrena dugu gaur?» itaundu zidan berak.

         «Hogeita bosgarrena» erantzun nion.

         «Zenbat egun esan digu komisarioak hilda egon dela gorputza?».

         «Bost gutienez» ihardetsi nion.

         «Orduan» erran zidan Poirotek, «hilda zegoen idatzi zuenean.»

         Harrituta gelditu nintzen.

         «Sacré tonnerre! Zelan izan daiteke hau?» itaundu nion.

         «Guk ikusi dugun gorputza ez da J.L. Lopezena» esan zidan nire adiskideak.

         Poiroten adimenduaren zorrotza! Aho bete haginekaz utzi ninduen. Ez nuen nik susmatzen halakorik. Ezta urrik eman ere.

         «Uste duzuia orduan gure gizona bizirik dagoela?» galdetu nion.

         «Horixe da bihar ikasi behar duguna Bilbon» erantzun zidan nire adiskide eta detektibe handiak.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)