Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—13—

 

         Medikua etorri zenean, gorputzari bira eman eta jaka eta alkandora zabaldu eta zauria aztertu zion. Aurpegia zerura begira gelditu zen begi zabalduekin.

         Erran zigun gero sendagileak, tiro batez hil zutela.

         «Ba!...» pentsatu genuen denok, «hori esateko ez da behar medizina asko estudiatzerik».

         Zulo ttiki bat ikusten zitzaion bizkarrean, odol lehorrez inguratua, eta bularrean beste zulo handi bat, oso itsusia, dena zikin-zikin odol lehortuaz.

         Ea noiztik zegoen hila, eta bi egun baino gehiago zirela. Harrigarria zen hainbeste denboran inork ez aurkitzea.

         «Eraileak eraman zuen noski bazter horretara estaltzeko» esan nion Poiroti.

         «Asko ikasten duzu gero!» esan zidan nire adiskideak, «zeinek erran dizu mugitu dutela erori zen tokitik?».

         «Ba... nik eee...» ihardetsi nion lotsatuta, «hala izan dela pentsatu dut».

         «Detektibearen zolia!» hasi zitzaidan adarra joten, «ikusi lurra eta ondoko landareak. Gorputza narrastua eramana izan balitz, hor agertuko ziratekeen markak. Ez duzuia ikusi nola zegoen eroria, natural-natural, berez erortzen den gorputz baten antzera?... Bera oharkabetuta zegoela eman diote tiroa atzetik. Sarrerakoa izaten da beti zulo ttikia, eta bizkarrean zeukan. Zulo handia ordea, irten-aldekoa, bularrean. Igartzen da, beste alde batetik, ez direla igaro hortik bi gizonen urratsak». Eta hau erraten zuelarik baratzeko alde bat apuntatzen zuen.

         «Bi gizonen urratsak?» galdetu nion nik.

         «Bai, bi gizonen urratsak» erran zidan berriz berak, «hor ikusten dira oraindik euren aztarnak. Hortik ez da ibili inor heriotza egin zenetik, bestela hortik derrigor ikusiko zuketen gorputza, eta badakizu nola ez den agertu gaur arte.

         Joan nintzen beragaz bazter batera eta «Hemen nahasten dira Lopezen urratsak beste bi gizonek utzitako aztarnekin» gaineratu zidan, «gero hemendik bere heriotza-tokira joan zen, zerbait egitera. Besteek, bera oharkabetuta zegoela, tiro bat eman zioten bizkarretik».

         Beti bezala, minutu batzuetan saiatu orduko, Poirot handiak beste edozeinek baino gehiago ikusi zuen.

         «Zerbait dago hemen, ezin dudana nik ulertu» erran zuen gero, eta, ikusirik Argala kapitainarekin hizketan zegoela, joan beregana eta galdetzeko eskatu zion, ea zerbait aurkitu ote zuten hildakoaren sakeletan.

         Kapitainak orduan, keinuz esan zigun berarekin etortzeko etxe barnera.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)