Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—19—

 

         Goizean goiz, Argala deitu eta Gure Kabiara joan ginen.

         Galdetu neskameari ea etxekoandrea jaikita ote zegoen, eta baietz. Berarekin hitz egin nahi genuela, eta joan zen galdetzera.

         Laster etorri zitzaigun atzera. Berarekin joateko, eta etxekoandrearen gelara eroan gintuen.

         Atea tan-tan jo, eta aurrera. Zuzen sartu zen Poirot eta gu biok atzetik.

         Joan madame-rengana eta «Zer estaltzen duzu hor?» galdetu zion nire adiskideak, eta kartoizko kutxa bat estalgabetu zuen. Erdi beterik zegoen txokolatezko bonboiekin.

         Andrea ikaratuta zegoen eta ez zuen ulertzen. Argalak itzuli zizkion euskarara Poiroten hitzak.

         «Ea?» galdetu zion ostera be Poirotek ezkerrean zeukan eskuzapia kendurik. Txokolatez zikinduta zegoen.

         «Bonboiak jaten e?» itaundu zion berriz. «Eta hori zer da? Parbleu! Nobela bat!... Hau da negarrez dagoen alargun gaixoa. Ea, non gorde duzu pistola!».

         «Pistola?» egin zuen Natik ahots mehe isil batekin.

         «Bai, pistola! Ez etorri hona aiko-maikotan. Non gorde duzu pistola senarra hil ostean!».

         Natividad andrea ikaratuta zegoen, begiak zabal-zabalik.

         «Blanquitarenera eraman dut» erantzun zuen ahopetik ahots beldurti batekin.

         «Nor da Blanquita?».

         Eta alargunari ezer esan gabe, «Bere adiskide bat da» erran zion Argalak Poiroti frantsesez, «hortxe hurbil-hurbil bizi da».

         «Tira ba», esan zigun nire adiskide handiak, «goazen kapitainaren bila. Eta zu andrea, jantzi zaitez kalera irteteko moduan. Ordubete barru etorriko gara berriz Guardia Civil delakoaren kapitainarekin».

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)