Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—20—

 

         Blanquita aspaldi hildako militar baten alaba zurtza zen, eta anai bakarra be militarra zuen. Aita bizi zen denboretan Burgosen, semearekin joaten zen sarri lurpeko ardotegi batera tiro al blanco delako jokoan saiatzera, eta auzoak ez molestatzearren isiltzeko tresnak ipintzen zizkioten pistolei. Behin Blanquitak Natiri erakutsi zion aita zenaren pistola eta isilarazteko tresna hura. Ondo ohartu zuen Natik non zegoen gordeta, ia inoiz ukitzen ez zen toki batean.

         Behin, telefonoa jo eta jo zegoelarik, joan zen Blanquita, Nati bakarrik utzirik gela hartan, eta beronek hartu pistola eta isilarazteko tresna eta esku-poltsan sartu zituen. Ordutik aurrera toki guztietara eramaten zuen pisu hura esku-poltsan.

         Gau askotan egon zen luzaro pentsatzen tiro batez bukarazi behar zuela Lopezen bizitza. Ezin zuen gehiago bizi berarekin, eta ez zegoen ezkontzetik ihes egiterik tiro batez izan ezik. Baina zer gertatuko zen gero bere gelan gorputza aurkitzen bazuten?

         Halaz ere, gau askotan egon zen itzarturik senarrari pistolaz apuntatzen, baina ez zen inoiz ausartu su egiten.

         Eguraldi onagaz sarri eramaten zuen senarrak Arrigorrietara, berak kanpora joan behar zuela-eta. Azkeneko denboretan Lopezen arazoen hartu-emanek ez zioten bakerik ematen gizonari.

         Behin, Nati Gure Kabian zegoela, oso berandu etorri zen gauez. Andrea ohean zegoen lokartu ezinik, eta entzun zion senarrari nola zegoen hizketan beste gizon birekin baratzean, Lopez ahopetik eta ahalik isilen berba egiten saiatu arren. Nati leihotik begira jarri zen, eta laster ikusi zuen etxerantz zetorrela besteek kanpoan itxaroten zutelarik. Emakumea berriz sartu zen ohera, eta gizona isil-isilik igo zen zurubietatik. Ikusi zuenean bere gelan sartzen zela, Natik lo zegoela sinestarazi zion. Joan zen gizona orduan irakurgelara, eta zabaldu zuen han zeukan kutxa bat. Atera diru billete eskukada galanta eta berriz itxi zuen kutxa, Nati atzera ohera joaten zelarik behatz puntaz eta ortozik, ate atzetik begira egon ostean. Doi-doi heldu bere gelara, eta Lopez berriz zurubietatik isil-isilik. Jaitsi zen baratzera, eta kanpoan zeuden gizonei eman zien dirua. Besteek paper bat eman zioten diruaren truk. Eta ezezagunak joan zirenean, han gelditu zen bera, baratzeko ateko argian, papera irakurtzen. Gero, bera be joan zen.

         Rrrannn-rrrannn egin zuen Opel-ak; urrutiratu zen ia zaratarik gabe gero eta isilago, eta laster, kilkerren kantua eta igel baten kro-kroa baino ez zen entzuten.

         Lopezek ez zion esan ezer inoiz bere emazteari gau hartako agerraldiaz, ezta beronek ere, ez zion galdetu, eta hala gelditu ziren gauzak.

         Handik hamabost egun edo, berriz entzun zion hizketan lehengo bi gizonekin lorategian oso berandu gauean, eta berriz sinetsarazi zion lo zegoela, bere gelan isil-isilik sartu zenean. Baina orduen negligé bat jantzi, pistola isilarazlearekin hartu, eta baratzera irten zen atzeko aldetik. Han zegoen bere senarra gizonekin hizketan haserretuta. Batzuetan entzuten ziren hitz batzuk. Frantsesez ari ziren.

         Azkenean joan ziren gizonak eta Lopez bakarrik gelditu zen urduri, paper bat eskuan, eta hasi zen irakurtzen etxearen atzealdeko argian.

         Arrosondo batzuek estaltzen zuten gerritik behera. Natik orduan, apuntatu pistolarekin eta plop! egin zuen. Lopez lurrera erori zen zaku bat bailitzan.

         Nati berehala sartu zen etxean isil-isilik. Erantzi negligé delakoa, eta ohean sartu zen.

         Bederatzietan ohetik jaiki eta atze-aldeko leiho batetik begiratu zuen. Ez zen ikusten Lopezen gorputza, arrosondoak estalia, baina seguru han zegoela, begiratu eta begiratu, eta zapata baten puntattoa ikusten baitzitzaion.

         Ondo-ondo garbitu zituen pistola eta isilarazlea trapu batez, hatzen aztarnak kentzeko. Natik bazekien hau beharrezkoa zena, hamaika bider irakurri baitzuen polizi eleberrietan. Gero trapuaz oratu eta eskuekin ukitu gabe esku-poltsan sartu zituen.

         Hamar eta erdietan Blanquitarenera joan zen. Bere adiskide mamia josten ari zen pistolaren gordelekuko gelan. Irakurritako liburu bat zekarkion, Blanquitak utzia, eta beste bat eskatu zion. Joan zen Blanquita bila eta Natik berehala utzi zituen pistola eta isilarazlea euren tokian esku-zapiaz oraturik, eta jakina, eskuaz ezertarako ukitu gabe.

         Blanquitak ez zuen igarri ezer liburuarekin etorri zenean.

         Trankil-trankil joan zen gero Nati etxera liburuarekin. Senarraren gorputza aurkitzen zutenean zeinek igarri berak hil zuela? Ez zegoen beldurrik. Hasi zen pentsatzen ez zela egonen gaizki alargunen janzki beltzekin, eta bazekien ia zein modelo eginaraziko zituen, senarraren heriotzak ematen zion atsekabea jendearen aurrean erakusteko. Baina pozik zegoen barrutik. Oroitu zen Manuz. Orain ez zitzaion iruditzen gaizki. Berriz etortzen bazitzaion (eta konponduko zen bera hau lortzeko) ez zion harrera txarrik eginen. Asko egin liteke akatsez betetako senar batekin. Lehenengo-lehenengoz, jendearen aurrean euskaraz ez egiten irakatsiko zion. Gero beste akats guztiak ere, banan-banan kenduko zizkion.

         Sekula ez zen sentitu hain ongi ezkondu zenetik. Gauaz ederto egin zuen lo. Oraindik ez zuten aurkitu Lopezen gorputza, baina ez zegoen presarik, aurkituko zuten.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)